Bisigu eskasiaren aurrean, lau otordu eskaintzetik bi izatera igaroko da aurten Bisiguaren Festa

Andrea Zipitria 2024ko eka. 19a, 16:30

Bisigu Festaren aurkezpena, gaur eguerdian. (Andrea Zipitria)

Espeziaren egoera ez da ona eta udalak arduraz jokatzeko erabakia hartu du. Uztailaren 13an eta 14an izango da festa, eta lau otordutik bi izatera pasatuko da. Otorduetako txartelak, uztailaren 6an, larunbatarekin, jarriko dira salgai turismo bulegoan.

Uztailaren 13tik 14ra bitartean izango da Orion Bisiguaren Festa. Hamabosgarrenez egingo dute. Aurtengoan, ordea, festari "beste buelta bat ematea tokatu zaigu" azaldu du gaurko festaren aurkezpenean Anuska Esnal alkateak, eta "bisiguaren egoeraren berri ematea": "Festa hau ez da posible parrillan arraina izan gabe, eta horrekiko arduraz, hurrengoek ere bisiguaz dastatzeko aukera izan dezaten, orain arte egin izan ditugun otorduak erdira jaistea erabaki dugu. Urteak dira Bizkaiko Golkoan bisigua arrantzatu ezin dela. Urteak dira gero eta urrunago joan behar izaten dugula arrain hori ekartzera. Gainera, bisiguak ezaugarri biologiko berezkoak ditu, espeziea berriz bere onera ekartzea zailtzen dutenak. Eta horrekiko konpromezuz, eta dagokigun arduraz, otorduak erdira jaistearekin erabakia hartu dugu". Batez ere, "administrazio publikoa garen aldetik, ezin diogulako egoerari bizkarra eman", eta "jasangarritasuna" delako administrazioak duen "erantzukizunetako bat".  

Beraz, lau otorduetatik bi otordu izatera pasatuko da festa. Larunbatean eta igandean 220 pertsonentzako bazkari bana emango da. Horiek 14:00etan izango dute lekua, eta menua izango da: Lodosako zainzuriak, tomate eta hegaluze entsalada, arrain zopa, bisigua parrillan erreta, postrea eta kafea eta edaria. 

Herriko bederatzi parrillero arituko dira bazkariok prestatzen: Katxina jatetxeko Joxe Migel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Juan Carlos Beltran, Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola, Sarasua erretegiko Joseba Etxezarreta, Orioko Barra jatetxeko Xuban Adrian, El Vaskito jatetxeko Iñaki Azkue, eta Euskal Parrillako Aitor Atorrasagasti eta Aratz Arregi.

Tolosako boluntarioak

Aurtengo omenduak Tolosako talde boluntarioak izango dira. Adrian Garcia turismo teknikariak adierazi zuenez, "urtero-urtero Tolosatik boluntario talde koxkor bat etortzen da, bisigu festan laguntzera, eta aurten haiei eskertzeko egingo zaie omenaldia".  

Txartelen salmenta

Bisiguaren Festako otorduetan parte hartzeko, aurrez erosi beharko dira txartelak. Salgai jarriko dituzte uztailaren 6an, turismo bulegoan, 8:00etatik aurrera. 60 euroko prezioa izango dute, eta lehen egun horretan, oriotarrek soilik erosi ahal izango dituzte. Uztailaren 7tik aurrera, gainontzekoei irekiko zaie aukera. 

Sarrerak erosteko unean bertan ordaindu beharko dira, txartelarekin edo eskudirutan. Telefono bidez eta korreoz erreserba egiteko aukera ere izango da. Hala ere, Garciak zehaztu zuenez, «lehentasuna» turismo bulegora bertaratzen direnek edukiko dute. Izan ere, "behin ilara bukatzean" hartuko dituzte eskaera horiek. Pertsona bakoitzak, gehienez, mahai bat –10 laguneko mahaiak dira, estu 11 sartu daitezke– erreserbatu ahal izango du. 

Egitaraua

Bisiguaz haratago, festa asteburu osoan izango da. Hona hemen egitaraua:

Uztailak 13, larunbata

  • 11:00etan. Harribil dantza taldeak, Salatxo abesbatzak eta Peio eta Nikolasa erraldoiek lagunduta, jaiaren aurkezpen ekitaldia eta Tolosako boluntario taldeari omenaldia. 
  • 12:00etan. Aldapa elkarteak prestatuta, marmitakoa, txotx sagardoarekin. 
  • 14:00etan. Bazkaria. 
  • 20:00etan.  Sardinak eta barazkiak parrillan herriko plazan, txotx sagardoarekin batera eta musikaz girotuta. 

Uztailak 14, igandea

  • 10:00etatik 12:00etara. Bisigu erre lehiaketa herriko elkarte gastronomikoen artean. 
  • 14:00etan. Bazkaria. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide