Orioko Udalak Txalupan deitu duen programa eskainiko die euskararen bidez herrian integratzeko zailtasunak dituzten ikasleei, prozesu horretan laguntzeko, eta, hala, "herritarren kohesioa hobetzeko". HHtik hasi eta DBH4ra bitarteko ikasleak izango dira onuradunak eta programan parte hartzeko herriko bi ikastetxeen bidez aurkeztu behar dute eskaera, 2024ko uztailaren 5a baino lehen.
Ainara Munduate Euskara zinegotziak azaldu duenez, "hizkuntza-integrazioa errazteko, errefortzu-eskolak antolatu izan ditu Orioko Udalak urteetan, baina denborak aurrera egin ahala, udalak eta ikastetxeek ikusi dute errefortzu-eskolek ez diotela erantzun bete-betea ematen gaur egungo erronkei, eta planteamendu globalago baten beharra dagoela, herriko ikasleen premiei behar bezala erantzuteko". Halaber, gaineratu du herrian antolatzen dituzten jarduera horiek ez direla iristen ikasle batzuengana, "gurasoek horien berri ez daukatelako, edo beren seme-alabentzako modukoak ez direla uste dutelako, edo, besterik gabe, ordaindu ezin dituztelako… Eta, horrela, herriko haurren arteko arrakala sortzen da eskolaz kanpoko jardueretan".
Munduatek aipatutako hutsune horiei erantzutea da, hain justu, Txalupan programaren helburua. horregatik, euskara eskolez harago barne hartuko ditu herriko aisialdi eta kirol eskaintza eta bestelako eskolaz kanpoko jarduerak.
Ibilbide luzea
Jabier Zabaleta euskara-teknikariak, bere aldetik, jakinarazi du programak "urtebetetik gorako" lanketa duela atzean: "Bilera askoren fruitu da gaur aurkeztutako programa eta adostasun handia lortu du lanketan parte hartu dutenen artean: Udaleko zenbait departamentu, Zaragueta eskola, Herri Ikastola, Txurrumuski aisialdi-elkartea, Danbolin musika-eskola, kirol-elkarteak…".
Egitasmoari Txalupan deitu izanaren arrazoia ere argitu zuen Zabaletak: "Programak duen izaera integratzaileari erantzuten dio; izan ere, txalupako kide egin nahi ditugu batzuetan txalupatik kanpo sumatzen ditugun horiek. Denok batera joan nahi dugu txalupan norabide berean arraun egiteko".