Arkupe Orioko merkatarien eta ostalarien elkarteak proiektu berri bat jarri du martxan Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako DBHko ikasleekin elkarlanean. Herriko establezimenduetako erakusleihoak diseinatuko dituzte. Horretarako, sei-zazpi ikasleko hamalau talde osatu dituzte ikastetxeek, eta talde bakoitzari denda bat esleitu dio Arkupek dendariekin batera, apaindu dezaten
Arkupek azaldu duenez, proiektuaren asmoa da "belaunaldi gazteak herriko komertzioetara hurbiltzea, dendarien errealitatea bertatik bertara ezagutu dezaten". Guztira, hamalau establezimenduk hartuko dute parte iniziatiban:
- Izarra etxetresna eletrikoak;
- Halcon Bidaiak
- Optika Orio
- Laiaran
- Kaioa
- Carmen arraindegia
- Zipristin inprimategia
- Itziar Kirolak
- Une Goxua
- Soia Bridal
- Kepa Loidi harategia
- Uranga burdindegia
- Lizaso dekorazioa
- Rosana argazkiak
Lehiaketa
Proiektua baliatuz, lehiaketa jarriko dute martxan apaindutako erakusleiho guztiekin. Ekainaren 19an apainduta izango dira erakusleiho guztiak, eta hilaren 26ra arte herritarrek aukera izango dute gustukoena bozkatzeko, establezimenduan bertan kartel batean eskuragarri egongo den QR kode baten bitartez. Boto gehien jaso dituen erakusleihoa egun horretan bertan jakinaraziko dute. Sariak izango dira tartean, bai botoa ematen dutenen herritarren artean, bai ikasle taldearentzat. Parte hartzaileen artean, Arkupeko establezimenduetan gastatzeko bonu bat zozkatuko da, 100 eurokoa. Erakusleiho saridunaren diseinua landu duen ikasle taldeak, berriz, otordu bat jasoko du Arkupeko kide den ostalaritza establezimendu batean gastatzeko.