Zatoz Olatura sentsibilizazio kanpaina uztailaren 24an iritsiko da Orioko hondartzara hainbat ekintzarekin

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 12a, 17:00

Aldundiko, udaleko, Emauseko eta Garbera eta Urbil guneetako ordezkariak, gaur goizean Getariako Malkorbe hondartzan. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du hondartza denboraldia Getarian. Ingurumena zaintzeko kanpainaren barruan, hondartzan erabiltzeko bigarren eskuko materiala banatuko dute, eta haurrentzako ekintzak egongo dira. Horrez gain, 1,8 milioi euro erabiliko dituzte garbiketa indartzeko, eta 150.000 euro gehiago "segurtasunerako".

Hondartza denboraldia aurkezten izan dira gaur goizean Getarian Gipuzkoako Foru Aldundiko Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatua eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Aitziber Zubillaga Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusia, Nuria Vegas Garbera merkataritza guneko kudeatzailea eta Unai Arregi Urbil merkataritza guneko Zerbitzu Orokorretako zuzendaria.

Kostako herri askotan ekainaren 1era aurreratu zuten hondartza denboraldia, baina ofizialki larunbat honetan hasiko da, eta horregatik egin dute gaur aurkezpena. Zatoz Olatura kanpainaren berri eman dute aurkezpenean. Izan ere, aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Emausek sentsibilizazio kanpaina egingo dute Gipuzkoako hondartzetan "hondakinak behar bezala bereizteko eta biltzeko". Horrez gain, aldundiak jakinarazi du 1,8 milioi euro erabiliko dituztela hondartzen garbiketa indartzeko, eta 150.000 euro gehiago "segurtasunerako". Haurrentzako ekintzak ere iragarri dituzte.

"2024. denboraldiko lehentasuna da arreta jartzea jasangarritasunean, itsasertzean eta plastikorik eta bestelako hondakinik gabeko itsasoan, gaikako bilketa eta garbiketa indartuz eta herritarrak sentsibilizatuz Zatoz Olatura kanpainarekin", azpimarratu dute agintariek.

Kanpaina ekainaren 12tik abuztuaren 18ra bitartean egingo dute. Helburua da hondakin gutxiago sortzea materialak berrerabiltzea sustatuz eta, halakorik ezean, birziklatzearen bidez kontsumo osteko kudeaketa egokia eginez.

Gauzateka eta jolas eta hezkuntza tailerrak

Gauzatekaren berri ere eman dute gaurko agerraldian. Furgoneta itxura duen zerbitzu mugikorra da, eta lurraldeko hondartzetan ibiliko da bigarren eskuko materialak eskainiz hondartzan erabiltzeko: baloiak, txanoak, liburuak, palak, snorkel materiala... Material horiek Emausek eta Urbil eta Garbera merkataritza guneek eman dituzte.

Gauzatekarekin batera, jolas eta hezkuntza tailerrak egongo dira haurrentzat eta helduentzat: hondakinetatik abiatuta txotxongiloak sortuko dituzte, edo lokotx bilketan arituko dira hondakinak egoki sailkatuz; baita margotzen eta beste hainbat jardueratan ere.

Eskualdean, uztailean egingo dituzte ekintzak herriz herri:

  • Uztailaren 3tik 7ra: Zumaiako Itzurun hondartzan.
  • Uztailaren 10etik 14ra: Getariako Malkorbe hondartzan.
  • Uztailaren 17tik 21era: Zarauzko hondartzan.
  • Uztailaren 24tik 28ra: Orioko hondartzan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide