Amelia Barquin: "Generoak transbertsalki lantzen dituzten ipuinak behar ditugu"

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 4a, 09:00

(Utzitakoa)

Amelia Barquin (Bilbo, 1965) Filologia Hispanikoan doktoreak hitzaldia emango du gaur 17:30ean Maria Etxetxiki Haurreskolan, genero aniztasunak haur literaturan duen tokiaz.

Sexu eta genero aniztasuna eta haur literatura jarri diozue izena gaurko hitzaldiari.

Gaia proposatu egin zidaten, eta oso gustura hartu dut, gustatzen zaidalako eta baduelako mamia, gainera. Badago zertaz hitz egin. Umeentzako liburuak eta ipuinak irizpide batzuen arabera aukeratzen ditugu: edertasuna, istorioa... Baina istorioetan pertsonak agertzen dira, eta haien izaerak eta beren arteko harremanak. Ipuin gehien-gehienetan agertzen diren pertsonaiek eredu hegemonikoa jarraitzen dute: neskak femeninoak dira eta mutilak maskulinoak, ezarrita dagoen sozializazioaren arabera, molde tradizionalen arabera. Ez dira tradizionalegiak ere, jada ez dugu ikusten neska harrikoa egiten eta mutila futbolean jokatzen, baina pauta batzuk errepikatu egiten dira oraindik. Bestalde, harreman afektiboak daude: gurasoak, osaba-izebak, aitona-amonak... Ohikoena da gizon-emakumez osatutako bikote heterosexualak izatea. Protagonista maitemintzen bada ere, beste generoko pertsonaz maitemintzen da. Horrek ez du gure arreta erakartzen, baina umeak eskura dituen liburu eta ipuin guztiak horrelakoak badira, ari gara argi eta garbi mezu bat transmititzen.

Zer mezu?

Harreman mota batzuek eta izaera mota batzuek ez dutela ikusgarritasunik eta, beraz, ez direla posible. Hori geratzen bada haur literaturarekin eta umeak dituen produktu kultural guztiekin –telebistako marrazki bizidunak eta abar– eta familian edo inguruan ez badago inor beste eredu batekoa, eraikitzen dena da heterosexualitatearen eta genero binarismoaren eredua. Eta horregatik da gai interesgarria, beste mota bateko materiala eta haur literatura badagoelako.

Horri lotuta, zer da kontua, falta dela aniztasun hori haur literaturan, ala gurasoek ez dituztela halako produktuak aukeratzen?

Esango nuke produktu gutxi daudela, baina egon badaude, eta saiora eramango ditut batzuk. Bi liburu mota daude: militanteak edo aktibistak, eta besteak. Militanteak dira gai hau korapilo moduan hartzen dutenak, eta liburuak, nolabait, askatu egin behar du korapilo hori. Esaterako, Ametsek bi ama ditu izeneko liburua da horren adibide bat. Umeari azaldu beharreko zerbait da, modu positiboan, gero ulertu dezan. Beste batzuk, berriz, izan daitezke aktibistak, baina beste modu batean: genero aniztasunaren gaia modu transbertsalean ekartzen dute. Alegia, ipuinaren gaia ez da hori, beste bat baizik, eta bidenabar, agertzen dira pertsonaia batzuk ez direnak hegemonikoenak; ipuin horiek behar ditugu.

Horien adibiderik?

Esaterako, Mari Txiki supermerkatuan, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenarena. Gaia da Mari Txiki supermerkatura joaten dela gurasoekin, eta han Mari Txikiri dena erosteko gogoa sartzen zaio; hori da korapiloa. Eta, bide batez, ikusten dugu Mari Txikiren gurasoak bi aita direla, eta haietako bat, gainera, arrazializatua. Hau da, halako egoerak normaltasun osoz agertzen diren ipuinak behar dira.

Hau da, naturaltasunez, azalpenik gabe, ezta?

Hori da. Ez dadila izan arazoa, korapiloa.

Gaiarekin lotutako bestelako ipuin motarik aipatuko duzu?

Aniztasunaren aldeko ipuinak ere badaude; esaterako, Elmer elefantearen ipuinak. Kolore askotako elefante bat da, ez da besteak bezalakoa, besteak beltzak dira. Kolore askotakoa izatea zer da, ordea? LGTBIQ+ izatea? Arrazializatua izatea? Zer gertatzen da liburu hauekin? Bada, paradigma ez dela denok garela desberdinak, baizik eta batzuk desberdinak direla. Hortaz, ez da ortzi muga, baina tira, baliabide bat bada momentu honetan.

Ipuinak daude batetik, eta ipuinak kontatzen dituztenak bestetik, hots, gurasoak. Horientzat gomendiorik?

Denok ditugu oso merkeak diren baliabideak; liburu bat hartu eta pixka bat jolastea besterik ez da kontua. Esaterako, badago liburu klasiko bat, Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa izenekoa. Protagonista animalia bat da eta ez dago jantzita; betaurrekoak eta oinetakoak bakarrik daramatza. Umeei galdetzen badiezu, esango lukete gizona dela, baina nik esaten badiet satorra Josune deitzen dela, zergatik izan behar du mutila? Uste dut estrategia erraz batzuekin lagun dezakegula aurreiritzi jakin batzuk ez eraikitzen. Dena dela, proposamena ez da hemendik aurrera ez erostea gurasoak ama eta aita diren libururik; arazoa da liburu guztietan ez egotea aniztasunik.

Genero aniztasuna modu transbertsalean lantzen duten ipuinen gabezia aipatu duzu. Euskarazko ipuinez ari zara?

Ez dago ez euskaraz, ez gaztelaniaz. Hitzaldian erakutsiko ditudan liburu gehienak euskarazkoak dira, baina gaztelaniazko batzuk ere hartu ditut.

Gabezia horien datu kuantitatiborik ba al duzue?

Nik ez ditut datu horiek, baina pertzepzio partekatua dago gabezia horren inguruan. Nire fakultatean [Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea], esaterako, euskaraz argitaratu den haur literatura guztia jasotzen da urtero Haur eta gazte literatura irakur gida izeneko gidan. Online egoten da eskuragarri, eta liburu gomendagarriak eta oso gomendagarriak ere zerrendatzen dira. Eta, hor begiratuta, esan dezakegu genero aniztasuna lantzen duten liburuak urriak direla. Ona litzateke halako liburu gehiago egotea, baita kultur aniztasunaren ingurukoak ere. Bestalde, gero eta liburu gehiagotan da neska protagonista, eta neska abenturazalea, gainera; oso interesgarria da hori. Beste multzo interesgarri bat da transger gertakaerak tratatzen dituzten ipuinena, eta horretaz ere hitz egingo dugu solasaldian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide