Mari Carmen Arrillaga: "Edozein animatuko nuke Mintzalagun programan parte hartzera"

Jabier Zabaleta 2024ko eka. 2a, 10:30

(Utzitakoa)

Maiatzeko aldizkarian, Euskara atalean argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Mari Carmen Arrillaga Iñarrak 66 urte ditu, Orion jaioa da eta Orion egin du lan beti, irakasle, ikastolan. Erretiroa hartu zuenean, Mintzalagun programan izena eman zuen, eta geroztik hor dabil, euskara praktikatu nahi dutenei laguntzen. Gaur egun hamahiru lagun dabiltza Orioko Mintzalagun programan, bost taldetan banatuta, eta talde horietako bat bideratzen du Arrillagak.

Erretiratu eta berehala hasi zinen Mintzalagun programan. Ezagutzen zenuen lehendik?

Bai. Ezagutzen nuen, eta oso programa interesgarria iruditzen zitzaidan; hala ere, erretiroa hartu nuenean hasi nintzen parte hartzen. Bigarren ikasturtea dut aurtengoa.

Zergatik erabaki zenuen Mintzalagunen parte hartzea?

Beti egon naiz inplikatuta euskararen aldeko kontuetan, eta ikusten nuen tarteka eskatzen zutela udaletik eta AEKtik jendea behar zutela Mintzalagun egitasmoa indartzeko. Orduan, erretiroa hartu berri, denbora nahikoa neukan neuretzat, eta izena eman nuen, euskaltegira joanda. Euskara ikasten dutenek ahalegin handia egiten dute, eta iruditzen zitzaidan modu polita zela ahalegin hori eskertzeko eta haiei pixka bat laguntzeko.

Zer moduzko esperientzia da zuretzat?

Egia esan, atsegina eta erraza da niretzat: astean ordubetez geratzen naiz nire Mintzalagun taldearekin, eta haiekin hitz egitea izaten da nire zeregina; hitz egitea eta hitz eginaraztea, hori behar dute-eta gehiena. Normalean, taberna batean geratzen gara, eta era guztietako hizketa-gaiak izaten ditugu. Lehenbiziko urtean euskaltegiko ikasle batekin juntatzen nintzen, biok bakarrik; baina aurten lau gara taldean.

Oso esperientzia ona da, aukera ematen dizulako bestela beharbada inoiz hitz egingo ez zenukeen jendearekin hitz egiteko. Gainera, oso esker onekoa da, konturatzen zarelako mintzalagunei mesede handia egiten diela hitz egiteko aukera izateak. Denbora berehala pasatzen zaigu, kontuak esaten. Hasieran baneukan kezka, ezezagunarekin zertaz hitz egin behar ote nuen eta, baina hori ez da inoiz arazo bat izan [barrez]. Eroso eta goxo egoten gara.

Euskararen erabileran antzematen al diezu aldaketarik zure mintzalagunei?

Bai. Oso ondo etortzen zaie, eta ederki aurreratzen dute. Mintzalagun taldeetan dabiltzanek, normalean, gaztelaniaz dituzte harremanak beren inguruan: familian, lagunartean, lanean... Gaztelaniaz hasi zituzten harreman horiek, eta zaila da hori aldatzen. Nirekin, berriz, hasieratik egin dute euskaraz, eta beti hala egiten dugu. Euskarazko gune txiki bat da berentzat.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Jendea animatuko nuke euskaltegira joan eta Mintzalagun programan izena ematera. Oso esker onekoa da, eta edozeinek egiteko modukoa. Euskaraz baldin badakizu, zure laguntza oso ondo etorriko zaie ikasten ari direnei; eta ikasten ari bazara, berriz, programak aukera emango dizu dakizuna praktikatzeko eta aurreratzen jarraitzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide