Afizioz zara idazle, eta hirugarren liburua kaleratu berri duzu.
Bai. Epilepsiari buruzko komiki bat daukat argitaratuta, eta bi nobela: aurrenekoa Gritos deitzen da, eta bigarrena, Lia. Oraingoa, berriz, La isla de los demonios deitzen da.
Aurreko lanarekin, Lia-rekin, sari bat eman zizuten, ezta?
Estatu mailan eman zidaten sari bat, bai, 2021ean, nobela beltz onenarena.
Horrek idazten jarraitzeko bultzada edo ilusioa emango du...
Sekulakoa. Zuk egindako zerbaitegatik horrelako sari bat ematea... Hori ez dut inoiz asimilatuko.
Nobela beltza, gainera, oso modan dagoen genero literarioa da...
Horregatik. Eta pentsatzen dut egongo zirela idazle profesionalak edo erdi profesionalak hautagaien artean, eta nik, berriz, ahal dudanean idazten dut. Baina tira, denbora ateratzen dut, niretzat idaztea pasioa delako, hobby bat. Norbaitek har dezake lan bat bezala, edo astun samarra egin dakioke, baina nik gustura egiten dut, ez dago zamarik edo estresik. Presiorik eta presarik gabe idatzi ditut hiru liburuak. Izan ere, gauza bat argi daukat: ez banago gustura idazten dudanarekin, ez dut publikatuko. Atzean baditut fan batzuk, eta hirugarrena idazteko eskatzen zidaten, baina nik esaten nien ez nuela ezer egingo presaka eta korrika.
Iritsi da, ordea, hirugarrena. Zer konta dezakezu nobela berriari buruz?
Zaila egiten zait nire liburuez hitz egitea, gauza asko ukitzen ditudalako; istoriotxo dezente egoten dira, eta gero, bukaera indartsua izaten dute. La isla de los demonios liburuan, istorio nagusia hiru nerabe gatazkatsuren ingurukoa da, eta protagonista nagusia, berriz, Ager deituriko pertsona bat da. Talde batek proiektu bat dauka nerabe gatazkatsu batzuk irla batera eraman eta han gazteen izaerak baretzeko eta. Baina irlara iritsi bezain pronto, gazteei beren identitatea kenduko diete, eta bakoitzari deabru baten izena eman. Joko iluna hasiko da hor. Gero, istorioak hamasei urte beranduago jarraituko du, eta beraz, flashback asko daude liburuan zehar. Oraina kontatzen du, eta tarteka, hamasei urte atzera egiten du. Pertsonaia eta istorio pila bat nahasten dira liburuan, eta ezusteko asko daude. Bukaera-bukaerara arte ez da argituko ezer.
Zeuri, irakurle gisa, horrelako istorioak gustatzen zaizkizu?
Denek esaten didate ea nola bururatzen zaizkidan halako kontuak, baina niri erraza egiten zait; gustatzen zait gauzak nahaspilatzea eta gero elkarrekin lotzea. Eta, egia esan, neuri ere halako liburuak gustatzen zaizkit, ezustekoekin eta.
Bereziki gustuko duzun idazlerik edo libururik baduzu?
Agatha Christie, esaterako, betidanik gustatu izan zait. Bere bilduma osoa dut. Liburu pila bat ditu, baina nik uste haren liburuen %60 edo gehiago irakurrita ditudala. Bestelakoan, idazleak baino gehiago, liburu batzuk ditut gustukoak. Mikel Santiagoren libururen bat ondo dago, eta El nombre del viento trilogia ere oso gustuko dut, adibidez. Gai psikologikoak gustatzen zaizkit; pertsonen alde ilunean sakontzea asko gustatzen zait.
Zure hiru liburuetan ageri da alde ilun hori?
Bai, hiruretan, baina azken hau pixka bat desberdina da. Beste bietan pertsonaien sentimenduak gehiago ageri dira, aurrenekoan batez ere. Honetan, istorioak indar gehiago du. Idazteko modua, berriz, denetan mantentzen dut. Erritmo biziko nobelak dira; liburu lodiak dira, baina erraz irakurtzen dira. Egia esan, jendearen feedbacka orain arte oso-oso ona izaten ari da.