Txusma Peña: "Egungo Donostiako kaiak ez dauka zerikusirik lehenago zenarekin"

Miren Mujika Telleria - Berria 2024ko mai. 21a, 17:30

(Gotzon Aranburu-Foku)

Txusma Peña arrantzale ohia Donostiako kaian bizi izan zen urte askoan. Aitak bultzatuta hasi zen arrantzan, eta une politak bizi izan zituela dio. Badira urte batzuk arrantza utzi zuela, baina ez da sekula itsasotik urrundu.

"Begira, ikusten duzu hirugarren pisuko leiho hori?", esan dio Txusma Peña arrantzale ohiak (Orio, 1962) kazetariari, Donostiako kaiko 1 zenbakidun portalea seinalatuz. "Hor bizi izan nintzen ni, hogei urtez". Kofradia jatetxearen atarian jarri du hitzordua, eta elkartu orduko, paseo bat eman du kaian. Hiru gizon daude hesiari helduta, hizketan. "Haiekin batera aritzen nintzen ni arrantzan. Orain, akaso, ez nindukete ezagutu ere egingo". Hainbat ontzi daude amarratuta, eta haiei begira gelditu da Peña. "Begira: ikusten dituzu horko hiru arrantzontzi horiek?", galdetu du. "Egun Donostian geratzen diren bakarrak dira. Lehen 30 inguru egongo ziren". "Asko" aldatu da Donostiako kaia hura haurra zenetik gaur arte, eta horrexek haserretzen du gizona. "Orain ez dago ezer. Dena hondatu dute turismoa sustatzeko. Lotsagarria da".

Orion jaio zinen, eta 2 urte zenituela etorri zinen Donostiara.

Bai. Oso txikia nintzela etorri nintzen hona. Kaian bizi nintzen, literalki. Hemen egiten nuen bizitza, hemen jolasten nintzen, hemen egin nuen soldaduska —Itsas Gurutze Gorrian—. Kaian ibiltzen ziren guztiek ezagutzen gintuzten, eta, kontrolpean geundenez, nahi genuena egiten genuen. Zoriontsu bizi nintzen.

Zer dela-eta hasi zinen arrantzan?

Nire aita arrantzalea zen, Donostian. Egun Santa Klara irlara joan-etorriak egiten dituen ontzia dagoen lekuan egoten zen gure arrantzontzia: San Luis Txikia. Lehenago beste bat izan genuen: Gran San Luis. Baina hura hondoratu egin zen, kaiko sarreran. Ez dakit zein urtetan izan zen hori, baina badakit Franco hil aurretik gertatu zela. San Luis Txikia saldu genuenean, Jardín izeneko ontzi bat erosi genuen, eta hor aitak eta biok bakarrik egiten genuen lan. Saldu egin behar izan genuen hura ere, eta erosi zutenek Satanás izena jarri zioten. Horren ondorengo arrantzontzia egun kaian gelditzen diren hiru arrantzontzietako bat da; Satanás 2 du izena. Nire osaba Jose Manuelek eta Bixentek ere ontzi bana zeukaten: Beti San Fermin eta Flor de Mayo. Itsasoko familia bat izan gara beti.

15 bat urterekin hasi zinen arrantzan.

Bai. Orduan hasi nintzen saltsa horretan ibiltzen. Nire aita arrantzalea zenez, kaira iristen zirenean ontzia garbitzen eta margotzen laguntzen nien. Gorroto nuen ikastea. Nik aitarekin joan nahi izaten nuen itsasora. "Zer egingo duzu? Lanean hasi beharko duzu, ezta?", esaten zidan aitak. "Zurekin joan nahi dut itsasora", esaten nion nik. Baldintza bakarra jarri zidan: ontziak gidatzeko baimena ateratzea. Oso denbora gutxian atera nuen titulua; beraz, pentsa zenbaterainokoa zen nire gogoa. Poliki-poliki hasi nintzen itsasoan, eta hala ikasi nuen itsasoko giroa bizitzen, ontziko kideekin elkarbizitzen eta gogor lan egiten. Aitak irakatsi zidan mundu hori, beste hainbat balio irakatsi zizkidan bezala.

Jarraitu irakurtzen, hemen

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide