Gaztelekuko eta Ludotekako hezitzaileak zarete, eta baita Txurrumuski aisialdi taldeko boluntarioak. Orioko Udalak sortutako Hezkidetza Mahaian parte hartzen ari zarete. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Eider Peiro: Parte hartzeko eskatu zigutenean, ez genekien oso ondo nolakoa izango zen dinamika, baina orain proiektu honek ilusioa eragiten digu, eta herriko haur eta nerabeekin lanketa egiteko gogotsu gaude.
Manex Dorronsoro: Uste dut Hezkidetza Mahaian guk parte hartzea beharrezkoa dela, inportantea delako hezkidetzaren gaia lantzea ez bakarrik hezkuntza formalean, baita hezkuntza ez formalean ere.
E.P.: Bestalde, uste dut langile eta begiraleok ondo barneratuta daukagula hezkidetzaren eta berdintasunaren gaia, eta modu naturalean egokitzen ari garela gauza hauetara. Era berean, guk ere lanketa modu naturalean egin behar dugu gaztetxoekin, dena egoki barnera dezaten.
Adin desberdinetako haurrekin lan egiten duzue. Non eta zertan ikusten duzue esku hartu behar handiena?
M.D.: Beti dago zer hobetua, baina uste dut 12-16 urte artekoengan dagoela zer landua batez ere. Izan ere, txikiagoek oraindik ez dituzte halako pentsamenduak garatuta, eta gazteek, berriz, bai. Dena den, txikiak ere iritsiko dira nerabezarora, eta lanketa denboran zehar egin behar da, jarraikortasunarekin; ez da une zehatz batean lantzekoa.