Bizkaiko Golkoan harrapatutako azken balearen kontakizuna ardatz hartuta, «herria erakutsi» nahi izan du Zaragueta Herri Eskolak, eta horretarako, Balearen Bidea sortu du.
Oriotarrentzako egun garrantzitsua aukeratu dute, gainera, proiektua aurkezteko. Hain zuzen ere, "gaurko egunez orain dela 123 urte Kantauri itsasoko azken balea arrantzatu baikenuen", gogorazi du gaurko agerraldian Zaragueta Herri Eskolako zuzendari eta irakasle Ainhoa Zumetak. Balearen Eguna eduki dute gaurkoan gogoan oriotarrek. Herriko festa handia bost urtetik behin egiten badute ere –gaurkoan ez da tokatu–, "herriari eta Euskal Herri osoari ekarpena" beste modu batera egin nahi izan diote.
Balearen Bidea lau kilometroko ibilbidea da: Ortzaika auzotik hondartzarainoko bidea proposatzen du, Oria ibaiaren ertzean eta herrian barrena, eta herriaren historia du kontatzen. Hala, ibilbidean zehar, "gure herriaren nortasuna definitzen duten hainbat leku, pertsona eta eragile" topatuko dituzte herritarrek zein bisitariek.
Duela bi urte aurkeztu zuten Balearen Jolasa mahai jokoa, eta Balearen Bidea pauso berria da herriko curriculumaren barruan. Zein den berritasuna? Zumetak du erantzuna: "Egiteko eta plazaratzeko modua da berritzailea. Hasiera-hasieratik argi genuen komunitate osoa bustitzen zuen proiektua izan behar zuela, eta ikasleak zirela protagonista, baita gure nortasunaren transmisioan beste katebegi bat izan behar zuela ere".
Hamahiru hizkuntza
Lau kilometroko ibilaldian zortzi geldiune prestatu dituzte panel batzuen bitartez. Horietan guztietan berariaz prestatutako QR bidez, 13 hizkutzetan entzun ahal izango dira hango azalpenak; euskaraz, gaztelaniaz, galizieraz, katalanez, errusieraz, ukraineraz, woloferaz, frantsesez, errumanieraz, ingelesez, portugesez, urduz eta arabieraz daude.
Hizkuntza horiek guztiak "eskolako komunitateko familien jatorrizko hizkuntzak dira", eta audio bidez entzungo diren ahotsak eskola ikasleenak eta familienak izango dira.
Zentzu horretan, Nouran Elghailani eta Mireia Torres Zaragueta Herri Eskolako ikasleek zerrendatu egin dituzte ikasleek egindako lanak: DBH 4ko ikasle batzuek ingelesezko testuen ahotsak jarri dituzte; DBH4ko eta DBH2ko ikasle banek txeloa eta biolinarekin audioen hasierako sintonia jo dute; DBH 3koek bidearen tracka grabatu zuten wikiloc-en, eta ikasleetako batzuek errusieraz, katalanez eta wolofez grabatu dituzte audioak, eta urduerazko itzulpenean lagundu du beste batek; DBH 2koek prentsa oharra egin dute; DBH 1koek Euskal Herri osoko eskoletako gonbidapen gutuna prestatu dute; bi ikaslek portugesez grabatu dute; LH 4-5-6ko ikasleek euskaraz eta gazteleraz egin dute; LH 3-4koek lurreko markak margotu dituzte; LH 1-2koek bidea ikuskatu dute gurpildun aulki eta guzti, irisgarritasuna bermatzeko. Hau da, proiektua "Zaragueta eskolako komunitateak elkarlanean ekoitzitako lanaren emaitza da", azpimarratu du Zumetak.
Komunitatearen aniztasuna "altxorra" delako, "oriotar eta oriotar ez diren guztiekin" partekatu nahi dute proiektua, eta bi dei egin dituzte: alde batetik, "herri proiektu sendo bat adosteko eta gauzatzekoa", eta bestetik, Euskal Herriko beste eskola eta herriak horrelako proiektuak egitera gonbidatzea. Beren esperientzia kontatzeko prest agertu dira oriotarrak.