Noiz etorri zinen Oriora bizitzera?
2012an etorri nintzen Oriora.
Zure bikotea zu baino lehen etorri zen Oriora, eta guztiz euskaldundu zen. Gaur egun, zein hizkuntzatan hitz egiten duzue zuen haurrekin?
Bai, nire senarra 12 urte zituela etorri zen Oriora bizitzera. Lehenetariko haur atzerritarra izan zen Orion, eta oso ondo ikasi zuen euskaraz hitz egiten, Ikastolan.
Egia esan, etxean hiru hizkuntza hitz egiten ditugu: nire senarrak euskaraz hitz egiten du haurrekin; ni, berriz, gaztelaniaz eta brasildarrez aritzen naiz txikiekin.
Zerk motibatu zaitu euskara ikastera?
Euskara nire familiagatik eta nigatik hasi naiz ikasten. Nire familiaren erdia euskalduna da, eta nire semeak, hemen jaio direnez, euskaldunak dira. Nik ere nire bizitzaren zati handiena hemen pasatuko dut. Beraz, euskara nire bizitzaren zati handi bat da.
Euskara ikasten jarraitzeko asmoa duzu? Zein da zure helburua?
Bai, zalantzarik gabe ikasten jarraitu nahi dut; izan ere, nire helburua beldurrik gabe euskaraz hitz egitea da. Euskaraz idaztea ere gustatuko litzaidake beste batek itzultzaile lanak egin beharrik gabe.
Zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Gehien gustatzen zaidana aditz berriak ikastea da, kar-kar. Oraindik ez dakit zer den gutxien gustatzen zaidana, niretzat dena da berria.
Ezagutzen al duzu Korrika? Zer iruditzen zaizu?
Bai, Korrika AEK euskaltegiari laguntzeko da, horrela euskararen erabilerak handitzen jarrai dezan. Izugarria iruditzen zait hainbeste jende batzea hizkuntza bati laguntzeko. Horrek egiten du Korrika berezi eta garrantzitsu.
Korrikan parte hartuko duzu?*
Bai, lehen aldiz parte hartuko dut Korrikan nire euskarako gelakideekin. Aurten Zaragueta Herri Eskolaren kilometroaren lekukoa eramatea eskaini digute, eta pozez zoratzen gaude.
Zein da euskarazko hitzik politena zure ustez?
Momentuz gehien gustatzen zaidan hitza maite da.
*Korrika Oriotik pasatu aurreko egunetan egindako elkarrizketa da honakoa.