Agiri zaharrak historia argitzen

IƱaki Iturain 2024ko api. 1a, 18:30

1965ean suak udaletxea hartu zuenean, artxiboko agiri asko erre ziren. Egun hartan gure historiaren parte bat galdu genuen.

Iñaki Iturainek martxoko zenbakiko Oroimenaren Kutxa atalean agiri zaharrak izan zituen hizpide. Orain irakurgai da artikulua sarean.

Euskaraz aditz asko ditugu ahozko komunikazioa adierazteko: hitz egin, berba egin, mintzatu, solastu, elekatu… edo hizketan, solasean, berriketan, berbetan, hitz eta pitz, kalakan jardun... Gutxi, ordea, idatzizko adierazpenerako: idatzi eta izkiriatu, beste sinonimorik ez dugu guk ezagutzen. 1545ekoa da euskaraz argitara emandako lehen liburua: Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae. "Euskara, jalgi hadi plazara" zioen egileak liburuan, aurrenekoa zela jakitun. Oraindik 500 urte ere ez dira.

Dokumentu idatzia da historia historiaurretik bereizten duena. Idatzirik gabe ez dago historiarik. Horixe da marra, muga edo abiapuntu historiarentzat: dokumentu idatziak. Horregatik dira horren inportanteak artxiboak eta liburutegiak. Horregatik izan zen galera izugarria gizateriarentzat Alexandriako biblioteka suak suntsitu izana, Kristo ondoreneko 475. urtean; eta donostiarrentzat, 1813ko ingelesen erasoak ekarri zuen sute izugarria: orduko hiri osoa erre baitzuen, udaletxeko dokumentu idatzi guztiak barne.

Orion ere izan zen horrelakorik: Suak hartu zuen udaletxea 1965eko martxoaren 10ean, eta harekin batera hango artxiboko agiri asko. Egun hartan galdu genuen herriaren historiako parte bat. Karpeta batzuk suak hartu baino lehen kalera ateratzea lortu zuten. Haiek orain ondo zainduta daude udaletxeko artxiboan; horren ardura du Arantza Alonso artxibozain errenteriarrak. Artxiboan agiriak bezalaxe, daude ondo zainduta kultur etxeko liburutegian liburuak, Miren Andueza tolosarraren ardurapean, Aiako liburutegian Eli Lasarenean dauden bezala.

Orion arrauna da herritarren jarduera ezagunena, historia loriatsuena duen kirola. Arraunaren historia liburutan idazten nabarmendu dira hainbat oriotar (Luis Azkue, Iñaki Iturain, Manu Etxeberria, Juanito Miralles eta Iñigo Gaztañazpi…). Historia hori idazteko, ezinbestekoa da estropaden datuak biltzea. Horretan dabil aspaldiko urteotan Jose Mari Olasagasti, datu guztiak jaso, txukun ordenatu, gorde eta zabaltzen.

Elizak ere badu artxiboa: Elizbarrutiko artxiboan herritarrei buruzko datuak batzen dira (bataioa, ezkontza, heriotza…). Horko datuak baliatzen dituzte orain herritar askok, Interneten bidez beren arbasoen berri izateko, zuhaitz genealogikoa osatzeko. Horixe egin genuen guk ere, Unai Manterola apaizak lagunduta: hango artxiboan 1936ko gerrako gertaerak ikertu eta ondorio izugarria atera: gerra nazionalekin egin eta hildako soldadu guztiek, banan-banan, izan zuten behar bezalako hileta Orioko elizan; Errepublikaren alde borrokatu eta hildakoetatik inork ere ez. Gordetako dokumentuek aukera emango dute, gerora ere, horrelako ikerketak egiteko.

Arantxa Alonso, berak antolatzen eta zaintzen duen udaletxeko artxibategian.
 

Euskal baleazaleen Oñatiko paperak

Horixe egin zuen urte asko eta askoan, emaitza harrigarria osatuz, Selma Huxley ikerlari kanadiarrak: Ameriketako Ternuako kostaldean mendeetan ibilitako euskal baleazaleei buruzko dokumentuak aztertu, Oñatiko Unibertsitateko artxiboan. Huxley andreak XVI. mendeko agiri asko topatu zituen. Lan horrek Euskal Herriaren historiaren atal berria zabaldu zuen.

Agiri horietako bat Joanes Etxaniz arrantzale oriotarraren testamentua izan zen: hilzorian zela, 1584ko Gabon egunean egina, zarauztar bat notario zela. Testamentuan Etxanizek marabedi bat utzi zuen Herniopeko Iturriotzen dagoen San Juan Txiki ermitarentzat. Agiri hura, ordura arte Amerikan topatutako idatzien artean, zaharrentzat jo zuten adituek.

XIII. mendeko arrantzale oriotarren Ternuako abentura ikaragarriari buruzko aipamen argigarri bat dator Serapio Mujikak 1916an plazaratutako `Las calles de San Sebastian´ liburuan (1965, 31. orrialdean): “Juan Etxaide itsasgizon donostiarra ospetsua izan zen. Bidaia asko egin zituen Ternuara, eta bere izena eman zion han aurkitutako portu bati. Denbora luzez ziurtatu zen Etxaidek Europako beste inork baino lehenago zapaldu zuela Amerikako kontinentea, inor baino lehenago iritsi zela Ternuara: XIV. mendean; baina Seoaneko markesak `Gipuzkoako nabigatzaileak´ liburuan, dokumentuen bidez erakusten du Etxaide XVI. mendearen azken herenean bizi izan zela, eta hura baino lehenago beste itsasgizon batzuk ere ibili zirela Ternuako bankuetan, tartean Orioko batzuk. Donostiako kale bati Etxaideren izena jartzeko erabakia 1866ko irailaren 12koa da”.

Batzuetan artxiboetan dokumentu berriak agertzen dira, ordura arte inoiz inork aztertu gabeak eta, mende batzuk pasatu ondoren, haietan dagoena deskubritzeak aldatu egiten du historia, edota gutxienez esparru berriak zabaldu. Horixe gertatu da Euskal Herriaren historiari dagokionez, Nafarroako Aranguren herrian egindako indusketetan topatutako `Sorioneku´ hitzarekin, adibidez: nolabait ere frogatuta geratu da Kristo aurretik ere, orain dela 2.000 urte baino gehiago, inguru hartan euskaraz, edo baskoiaz, egiten zutela, batzuek behintzat. Eta horri sekulako garrantzia aitortu diote historialari batzuek.

Laurgainen eta Mutiozabalen

Aiako Laurgaingo dorretxean, 2016an, Juan Sebastian Elkanoren esku-izkribu bat topatu zuten, 1522an Elkanok Gaztelako erregeari bidalia. Getariarrak munduari bira eman zioneko 500. urteurreneko 2022ko ospakizunaren inguruan gauza asko esan dira. Balentria haren historikotasunean balio handikoak gertatu dira Laurgaingo dokumentuok, frogagiri moduan.

2022ko irailaren 22an, Orioko Udalak kultur etxean Mutiozabal ontziolarentzat dituen asmoen berri eman zuen: Bereziki, ikuspegi pedagogikotik arituko dira han lanean, belaunaldi berriei garai batean ontzigintzan lan nola egiten zuten erakusteko. Gai horretan ere garrantzi handia dute batean edo bestean topatutako dokumentu zaharrek. Egun hartan, Xabier Agote Albaolako arduradun nagusiak esan zuen Mutiozabal ontziola itxi zutenean Jesus Mari Peronak jakinmin handia erakutsi zuela mutiozabaldarrenean egon zitezkeen agiri zaharretan, eta horri zor zaiola gero han topatutako altxorra: kutxa zahar batean aurkitutako agiri zaharrak, ontziolan eraikitako itsasontzien planoak. Perona Lourdes Odriozola historialariarekin batera ibili zen agiri zaharren peskizan. Agotek erantsi zuen, gai honetan behintzat, mundu osoan egindako aurkikuntza osoena izan daitekeela Mutiozabalekoa.

Gai honetaz ari garela, ezin aipatu gabe utzi Antxon Agirre Sorondo zena. `Orio oro hori´ liburua idatzi zuen historialari donostiarra izango da, noski, bateko eta besteko artxiboak arakatuta Orioko historiaren gaineko dokumentu gehien ezagutarazi dizkiguna.

Orio Euskal Errepublikaren alde

Arantxa Alonso Orioko artxibozainak bidalitako dokumentu bati esker dakigu Orioko Udalak aho batez onartu zuela 1931ko apirilaren 25ean Euskal Herriko Errepublikaren aldeko aldarrikapena egiten zuen mozioa.

Ikertzeko gogoa daukanarentzat harrobi ikaragarria da artxiboa. Han topatuko du, 1949ko abuztuaren 13an, frankismo betean, Udalak Franco seme kuttun izendatu zuela erakusten duen akta. Edo 2008an erabaki hura indargabetu zuen mozioarena. Frankismoa hasi berritan, herriko kaleen izenak aldatu zituztela azaltzen duena. 1936an bataiatu zela azkenekoz frankismoa

bukatu arte, haur bat Iñaki euskal izenez, erakusten duen dokumentua. Azken hamarkadetan euskal herrietan izandako hilketen gaitzespen-mozioak...

Batzuetan kanpotik etortzen zaigu herriko gai bati buruzko informazioa dakarren idatzi zahar baten berri. Deban agertu zen dokumentua, hango arte-eskolan, Goiko Kaleko Maria Maistraren estatuari buruzkoa, erakusten zuena eskultura Oteizak egina dela.

Orioko Udalbatzarren akta-liburuan, 1934ko urtarrilaren 13koan, Jorge Oteiza Enbil jaunak egindako eskabide baten berri ematen da, zeinetan 600 pezetako sei hileko soldatako laguntza eskatzen duen, eskultura-lehiaketa baterako behar bezala prestatu ahal izateko; eta Madrilgo "La Nación" egunkariak bere arteari egindako kritika-saio on bat erantsiz. Udalak erabaki zuen ezin zuela eskatutakoa onartu, kontsignazio faltagatik eta horrek ezarriko lukeen aurrekariagatik; eta alkateari eskatzen zitzaion gaia Aldundian kudeatzeko, laguntza handik ekartzeko.

Oteiza eta Txillidaren eskutitza

Orain bi urte, 2022an, erakusketa interesgarri bat egon zen Donostiako San Telmo museoan. Han dokumentu idatzi harrigarri bat zegoen ikusgai: Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida eskultore ezagunek, 1962an, Fernando Castiella kanpo arazoetako orduko ministroari bidalitako gutuna zen. Gero tarteka elkarren kontra ibilitako bi artistek bat egin zuten orduan. Honela zioen eskutitzak, jatorrizko gaztelaniatik euskaratuta:

“Ministro Jaun Txit ohoretsua,

Gure lagun maitagarri bat, Agustin Ibarrola margolari bilbotarra, bere buruaz beste egiten saiatu da. Ez dakigu nola dagoen. Gu espiritualki etsita gaude. Artista espainiarren izenean, bereziki Gipuzkoa eta Bizkaikoen izenean, zuregana jotzen dugu, mesedez, Ibarrolaren eta berarekin preso hartutakoen alde esku hartu dezazun eta poliziaren tratu gupidagabea behingoz eten dadin.

Izenpetzen dugunok, behin Espainiako artea ordezkatuz izan genuen portaeragatik zure zorion-agurra jaso genuenok, eskaera hau egin nahi dizugu.

Gu, zu bezala, euskal herri txiki honetakoak gara. Eta hemen denok dakigu inor ez dela bere ideia politikoengatik inoiz aldentzen tradizio kristauko jokaeratik, nahiz eta batzuek aurrerakoitzat edo arriskutsutzat jo zenbaiten jokaera.

Eskerrik asko, Castiella jauna, uste osoa dugu zuk guk bezala sentitzen duzula eta aintzat hartuko gaituzula”

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide