Zaharren Babeslekuko taberna eta hondartzako txiringitoa kudeatzeko lehiaketa publikoen inguruko zurrumurruak argitu ditu udalak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 1a, 15:00

Orioko Antilla hondartza. (Orioko Udala)

Bi lizitazioak esleitu gabe daude oraindik, eta batean zein bestean beharrezko egiaztapenak egiten ari dira udaleko teknikariak hautagaiek baldintzak betetzen dituzten jakiteko.

Azken astetan Orioko Udalak abian dituen bi esleipen prozesuren inguruan zalaparta sortu da herrian, eta zurrumurruak argitze aldera atzo arratsaldeko udalbatzarrean Zaharren Babeslekua taberna-jatetxea eta Antilla Hondartzako 2. zenbakidun txiringitoa kudeatzeko lehiaketa publikoak zein puntutan aurkitzen diren azaldu zuten. Argiak izan ziren: "Bi lizitazioak esleitu gabe daude eta batean zein bestean beharrezko egiaztapenak egiten ari dira udaleko teknikariak hautagaiek baldintzak betetzen dituzten jakiteko".

Lehiaketa publikoek hiru zati izaten dituzte; batetik, hautagaiek kontratatzeko ahalmena erakutsi behar dute;  bestetik, proiektua aurkeztu behar dute, eta hirugarrenik proposamen ekonomiko egin. "Zaharren Babeslekuaren kasuan proposamen teknikoa eta ekonomikoa baloratuta daude eta badakigu nork lortu duen puntuaziorik altuena. Kontratatzeko ahalmenari dagokionez, berriz, hautagai batzuk aurkeztu dituzte hori egiaztatzeko agiriak eta beste batzuk fede eman dute. Beraz, proposamen teknikoan eta ekonomikoan puntuaziorik altuena lortu duen hautagaiari eskatu zaio kontratazio ahalmena egiaztatzeko agiriak aurkezteko epe baten barruan. Horren zain gaude. Gerta daiteke puntuaziorik altuena duenak baldintzak ez betetzea, eta orduan bigarrenari pasatzen zaio horretarako aukera; horrela izango litzateke puntuazioaren hurrenkera jarraituz", azaldu zuen Anuska Esnal alkateak.

Bestalde, hondartzako 2. zenbakidun txiringitoa kudeatzeko lehiaketa publikoan bi proposamen jaso ditu udalak. Orain arte, bi hautagaien proposamen teknikoak aztertu eta baloratu ditu kontratazio mahaiak, eta orain falta da proposamen ekonomikoa baloratzea. "Mola Molaren kasuan, bi hautagai aurkeztu dira. Lehiaketa horretan, kontratazio baldintzak nahiko zehatzak direnez, lehenik eta behin kontratazio ahalmena aztertu zen. Arlo horretan hautagai batek aurkeztu zituen ahalmena egiaztatzen duten agiriak eta besteak fede eman zuen. Bigarren fasean, alderdi teknikoa aztertu zen eta kontratazio mahaiak proposamenak puntuatu zituen", zehaztu zuen Anuska Esnalek. Hala, hirugarren fasea alderdi ekonomikoa baloratu aurretik, kontratazio ahalmenaren arloan fede eman zuenari eskatu zioten beharrezko agiriak aurkezteko. Dagoeneko aurkeztu ditu eta horiek egiaztatzen ari dira teknikariak. Beraz, hiru alderdietatik bakarra dago oraindik puntuatuta. Horren harira, Esnalek argi utzi zuen gaur gaurkoz "bi lizitazioak esleitu gabe" daudela. "Kalean norbera aske da nahi duenaz hitz egiteko, baina udalbatzak ezer diktaminatu arte ezer ez da ofiziala".

Gardentasuna

Udalak abian dituen aipatutako bi lehiaketa publikoen harira, Orioko Udaleko Barne Antolaketa batzordeko kide Inaxio Alguacil zinegotziak prozesuaren jarraibideak azpimarratu nahi izan zituen. "Hasiera batean, asmoa zen udalbatzar honetan bi lehiaketa publiko horien adjudikazioak egitea, batez ere Zaharren Babeslekuko taberna-jatetxea ahalik eta egun gutxien itxita egotea nahi dugulako. Hala ere, adjudikazioak egitea ez da posible izan kontratazio mahaiak egin behar dituen egiaztapenak atzeratu egin direlako. Dena dela, oraindik prozesuak irekita daudenez, aproposa iruditu zaigu udalbatzarra aprobetxatzea lizitazio horien egoeraren berri emateko, herrian urduritasuna sumatu dugulako bi lehiaketa publiko horien inguruan".

Lizitazio prozedurek jarraitu behar duten gardentasun irizpidea ere izan zuen hizpide zinegotziak. "Argi utzi behar dugu proposamenen balorazioa egiterakoan udal ordezkariok ez dugula inolako ahalmenik, hori teknikari arduradunei eta kontratazio mahaiari dagokielako. Kontratazio mahaiak erabakiko du nor den hautagai egokiena aurretik ezarritako irizpideak kontutan hartuta; beren proposamena udalbatzarrera pasako dute,  udalbatzak onartu dezan". Hala, nabarmendu zuen lizitazioak gauzatzen ari direla "legeak kontratu publikoentzat ezartzen dituen araubide eta printzipioen errespetuan", eta horien artean dagoela lizitaziora aurkezteko askatasuna bermatzea eta horrekin lotuta hautagaien arteko tratu berdintasuna bermatzea. "Alegia, lizitazio batean ez du balio kontratua ematea gustukoen dugun hautagaiari, gure ezagunari edo gure lagunari. Eta ezin dugu prozedura bat erabili hautagai bati abantailak edo faborezko tratua emateko, labur esanda hori delitua izango litzatekeelako. Hain zuzen ere, administrazioko langileek eta kontratazio mahaiak joko-arauen konplimendua bermatu behar dute, prozesua gardentasunez eta inolako distortsiorik gabe aurrera joan dadin. Errepikatzen dut, udal ordezkariok ez dugu inolako eskumenik, eta ez dugu eduki behar, prozedura modu garbi eta legal batean egiteko". Gainera, garbi utzi zuen kaleko zaratak ez diola prozedurari ezertan eragingo.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide