Aurtengo Oriaren Traineru Jaitsierak 87 talde bilduko ditu

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 8a, 15:56

Oiartzungo Orialki enpresan egin dute gaur Oriaren Traineru Jaitsieraren aurkezpena. (Andrea Zipitria)

Oriaren Jaitsiera jokatuko da larunbat arratsaldean Oria itsasadarrean. 87 ontzik parte hartuko dute bost kategoriatan banatuta. 

Larunbat arratsaldean Orio tostako arraunketaren epizentroa bilakatuko da, Oriaren Traineru Jaitsiera jokatuko baita errioan. Guztira 87 ontzik parte hartuko dute jardunaldian, eta txandaka-txandaka jokatuko dute jaitsiera bost kategoriatan banatuta. Kataluniako llagutak izango dira lehenak, eta 15:40ean ekingo diote lanari. Ondoren, jubenil mailako eta gizon-emakumez osatutako traineruen txanda izango da, eta jarraian, 15:56an hasita, beteranoena. Senior mailako emakumezkoen txanda, berriz, 16:33ean abiatzea aurreikusten dute antolatzaileek, eta gizonena, 16:49an. "Talde askok Oriaren Jaitsiera gorriz markatuta izaten dute egutegian. Izan ere, erreferentziazkoa bihurtu da elkarteentzat neguko prestaketa nola doan ikusteko, eta beste taldeekin alderatuta nola dabiltzan konparatzeko", azaldu du gaur aurkezpenean Orio Arraunketa Elkarteko presidente Jon Olasagastik.  
Gainera, nabarmendu du arraun elkarte gehienak bilduko direla hitzorduan. "Santurtzi eta Isuntza eta Galiziako elkarteak faltako dira, baina gainontzean, guztiak hemen izango dira". Eskualdeko arraun taldeek ere izango dute ordezkaritza; bertan izango dira Getariako eta Zarauzko arraun elkarteak eta Zumaiako Telmo Deun. Etxeko taldeei dagokienez, berriz, Orio Arraunketa Elkarteak talde bana aurkeztuko du jubenil mailan eta emakumeen senior mailan, eta bi talde gizonezkoen kategoria nagusian. 

Horrez gain, Badok 13 Orio taldeak bi ontzi uretaratuko ditu beteranoen estropadan. Hain zuzen ere, aurten berritasun bezala, beteranoen bandera izango du Oriaren Jaitsierak, eta elkarteko kideak gustura dira. "Elkarte eta herri mailan lan egin nahi dugu, eta aurten lortu dugu beteranoen bandera izatea". Kategoria horretan, gainera, parte hartzea handia izango dela azaldu du aurkezpenean Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak: 37 talde, guztira.

Faborito garbirik ez

Bandera irabazteko faboritoez galdetuta, banderak irabazteko aukera irekita egongo dela azaldu du Olasagastik, TKE eta KAE ligetan aritzen diren ontzien artean "lehia estua" dagoela uste baitu. "Ez da inor baztertu behar. Alde batetik, badatoz Eusko Label Ligan punta-puntan aritzen diren taldeak, Bermeo eta Hondarribia, baita aurreko denboraldian goiko postuetatik oso gertu ibili zirenak ere". Gizonezkoen Orio A etxeko taldea, esaterako, "gogoz, lanean buru-belarri" ari dela aitortu du elkarteko ordezkariak. "Daukagun taldean sinesten dut, eta ziur nago gerra ematera aterako direla uretara", azpimarratu du. Orioko emakumeentzat negu partean jokatzen duten bigarren estropada izango bada ere, gizonezkoen taldeak etxean egingo du debuta aurtengo denboraldian. "Emakumeak ere oso ondo ari dira neguko lanak egiten, eta horren adierazle da Bizkaian lortu zuten denboraldiko lehen garaipena. Egia da estropada hartan ez zeudela beren aurkari zuzenak, baina etxeko jaitsiera berezia izaten da, eta badakit lan ona egingo dutela".

Hitzordu garrantzitsua

Oriaren Jaitsiera Orioko herriarentzat hitzordu "garrantzitsua" dela nabarmendu du Anuska Esnal alkateak gaurko aurkezpenean. "Errioa arraunlariz betetzen da, eta arraun taldeak neguan zehar egiten ari diren lana mahai gainean jartzen denez, elkarte askotako zaleak biltzen dira estropadaren bueltan. Herriak, gainera, beso-zabalik hartzen ditu bisitariak, eta hori pozgarria da beti". Gainera, aurtengoa "aldaketa urtea" izanik, "berezia" izango dela uste du alkateak. "Neska-mutilak eta beteranoak nola dabiltzan ikusteko gogoz daude herriko zaleak. Beraz, ikusmina izango da jaitsieraren bueltan".

Iritzi berekoa da Olasagasti ere, eta arrauna gustatzen zaien oriotar eta bisitariak hitzordura gonbidatu ditu. "Goiz parterako eguraldi narratsa eman badute ere, arratsalderako hobetuko duela diote iragarpenek, eta uste dugu bertaratzen direnek arraun ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izango dutela. Talde eta arraunlari asko juntatuko dira, eta izango da giroa bihar arratsaldean Orion". Ildo horretan, elkarteko presidenteak jaitsiera antolatzeko buru-belarri laguntzen ari diren zuzendaritzako kideen lana eta boluntarioena nabarmendu nahi izan du: "87 ontzik parte hartzen duten jaitsiera egin ahal izateko antolaketa lana oso garrantzitsua da. Xehetasun txikiena ere neurtuta eduki behar da, eta erantzun paregabea izan dute elkarteko kide eta boluntarioek. Eskerrik asko guztiei".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide