Aritz Pardina: "Esanguratsuenak iruditzen zaizkigun hitzak herrian aktibatu nahi ditugu"

Andrea Zipitria 2024ko urt. 31a, 16:30

Aritz Pardinak Orioko hitz eta esamoldeak jaso eta hedatuko ditu.

Aritz Pardinak lortu du Orioko hitzak eta esamoldeak biltzeko eta hedatzeko beka, eta "ilusio eta gogo handiz" hartu du erronka oriotarrak

Orioko Udalak herriko hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatu nahi ditu, belaunaldi berriek horien berri izateko eta normaltasunez erabiltzea bultzatzeko. Horretarako, gazteei zuzendutako beka deialdia egin zuen urtearen bukaeran, eta jasotako proposamenen artean, Aritz Pardina oriotarrarena hautatu du. Hark 3.000 euro jasoko ditu, eta sei hilabeteko epea izango du lan hori egiteko.

"Ilusio eta gogo handiz" hartu du erronka Pardinak. "Unibertsitatean lan egiten dudanez, ematen du beti nahiko isolatuta ibiltzen naizela, eta beneukan gogoa herriarekin lotura handiagoa zuen zerbaitetan aritzeko. Alde horretatik, oso gustura nago", zehaztu du. Orioko hitzak eta esamoldeak biltzea eta jasotzea izango da haren zeregina, eta eskura dauden iturriak erabiliko ditu horretarako. "Hasiera batean, nire proposamena zen elkarrizketak egitea herriko jendeari esamoldeak-eta ezagutzeko, baina, ondoren, udalarekin egin nuen lehen bileran eman zidaten nahikoa material, jendeak bere kabuz egin duelako ikerketa lan hori, izan norbanako gisa edo gai horietan murgilduta dagoelako. Bestalde, asmoa da ahotsa.eus atarian bildutakoak jasotzea. Horixe da lehenengo helburua". Hala, adineko oriotarrei egindako grabazioetan oinarrituko da ikerketa, Orioko euskarari buruzko argitalpenetan, herriko euskaltzaleek egindako lanetan, elkarrizketetan eta abar. 

Ekainera arte arituko da lanketa hori gauzatzen Pardina. "Ahalik eta bilduma handiena" egingo du, eta horrekin bukatuko luke lehenengo fasea. "Dauden iturriak ustiatu, eta formatu bakar batean txukun-txukun bildu nahi ditut esamoldeak", adierazi du. Halaber, lan hori aprobetxatu nahi du hitz horien erabileren inguruan hausnarketa egiteko. Hain zuzen ere, bigarren fasea izango da hori: "Bildutakoa komunikatzea da asmoa, gehienbat sare sozialen bitartez eta herrian egin daitezkeen bestelako dinamiken bitartez", azaldu du.

Hausnarketa horren ondoren, hitz horien "aukeraketa" bat egingo du Pardinak, "kontuan izanda zeintzuek duten indar handiena edo zeintzuk erabili daitezkeen gehien, herriko gazteriaren artean". Helburua garbi du: "Esanguratsuenak iruditzen zaizkigun hitzak herrian aktibatu nahi ditugu". Izan ere, "askotan erdarazko espresioetara jotzen dugu, eta asmoa izango litzateke horren ordezko zerbait aurkitzea herriko hiztegian", borobildu du Pardinak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide