Olatz Zugasti: "Sentitzen dut oraindik publikoa ni deskubritzen ari dela zuzenekoetan"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko urt. 23a, 09:22

Olatz Zugasti musikaria. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Olatz Zugastik (Hernani, Gipuzkoa, 1965) kontzertua eskainiko du igandean Orion, eta ‘Hitzño bat erran eta, banua berhala’ bere azken diskoa etxean aurkezteko irrikaz dago. Sarrerak eskuragai daude 10 eurotan kultur etxean, Kutixi okindegian eta online.

Asteburuan kontzertua emango duzu Orion. Etxean jotzeak errespetu berezia ematen al du?
Bai, berezia da, egunero ikusten dugun jendea etortzen delako kontzertura. Gainera, orain dela gutxi, abenduaren bukaeran, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eskaini genuen emanaldia. Hilabete eskas pasatu da ordutik, eta ez dakigu oraingo honetan jendearen erantzuna zein izango den. Horregatik, nahi dugu jendeak saioaren berri izatea, eta hortik aurrera beren senak esan diezaiela gu entzutera etortzea merezi duen; gu pozik, hala egitea erabakitzen badute.

Taldean igoko zara oholtza gainera, ezta?
Bai, musikari talde polita izango dut lagun eszenatokian: Ander Ederra (gitarra), Amaiur Cajaraville (baxua eta ahotsa), Ander Zulaika (bateria) eta Gratxina Lertxundi (haizezko tresnak, teklatua eta ahotsa). Azken diskoko kantuak eta beste diskoetakoak eskainiko ditugu. Hala ere, zerbait berria dakarkigu esku artean, Hitzño bat erran eta, banua berhala diskoa aurkeztera gatozelako. Taldekideen iritzia ere kontuan izaten dut errepertorioa osatzerakoan; eskainiko ditugu esanguratsuenak iruditzen zaizkigun kantuak, eta kontzertuetan ondoen sentiarazten gaituztenak.

Publikoak gustura hartzen du lehengo kantu horiek taularatzea?
Bai, batzuk gogoratzen dira lehendik entzundako kantuez. Orion, esaterako, nire kantuen artean, Bizirik gaudelako kantua esango nuke maitea dela, baita Kantu baten bila nabil ere. Hala ere, gertatzen zaidana da beti aritu naizela Benitoren [Lertxundi] musikari bezala, eta nire diskoak atera ditudan arren, ez ditut asko jorratu zuzenean. Duela zortzi urte hasi nintzen neure proiektuko kontzertuak ematen, eta sentitzen dut oraindik publikoa ni deskubritzen ari dela zuzenekoetan.

Kontzertua prestatzerakoan, zertan saiatzen zara?
Nahi nuke entzulea zerbait gertatu denaren sentipenarekin ateratzea kontzertutik. Publikoari barrua pixka bat mugitzea lortzen badugu, hori ez dago batere gaizki, egia esan.

Zure kantuek, gainera, sentimendu handia transmititzen dute.
Hori hala bada, asko pozten naiz. Bakoitzak ahal duena ahal duen bezala egiten du. Entzuleak kantua hartzeko modua misterio bat da; izan ere, ez dakigu zer den besteek sentitzen dutena gure abestiak entzuten dituztenean. Bihotzetik egiten denean, ordea, espero da entzuleari atximurren bat egitea.

Azken diskoa aurkeztu zenuenean, esan zenuen mimo handiz eta denbora hartuta egindakoa zela. Nolako harrera izan du?
Gaur egun, disko salmentatik baino gehiago, plataforma digitalen bidez iristen da musika publikoarengana. Marketin kanpaina agresiborik ez dugu egiten, ez naizelako horrelakoen zale. Gure lana epe luzera begirakoa dela ulertzen dut; horregatik, ez gara zenbakien pendiente egoten. Kontzertuetan, bestalde, publikoaren erantzuna izatea polita da. Batzuek aipatu dute azken diskoa musikalki desberdina dela, harpa ez dudalako besteetan bezainbeste sartu. Oraingoan horrela atera da. Zergatik jarriko dizkiot mugak neure buruari, batez ere naturalki egin badute kantuek beren bidea?

Gustatzen zaizu esperimentatzea, beraz. 
Taldekideekin abestiak lantzean, gustatzen zait besteen iritzia ezagutzea eta ekarpenak jasotzea, horrela musika aberastu egiten dela uste dudalako. Adibidez, Ander Ederrarekin lanerako elkartu ginen batean, hamabi sokako gitarrarekin etorri zen eta horrekin jotzen hasi zen, gero aldatzeko asmoz, baina egiten ari zena grabatzen ari nintzen, eta hor ideia batzuk hankaz gora jarri zitzaizkidan, gitarrari –eta gitarra horri– tarte handiagoa ematea merezi zuela iruditu zitzaidan. Oso zirraragarriak dira une horiek, bat-batean espero ez den zerbait ateratzen denean, hari horri tiraka hastea baino gauza politagorik ez dago, eremu berriak aurkitzen baititugu.

Musikaren industria arrapalada bizian doa. Erraza al da mundu horretan denbora hartzea lan bat ontzeko? 
Musikaren industria aldatu egin da, eta garai berrietara egokitzea tokatzen zaigu. Adibidez, orain ohikoa da abesti berri bat sortzen denean jendaurrean aurkeztea, eta gu ere horretara jarriak gaude. Nik ez dakit besteek nola lan egiten duten, baina badakit nola egin nahi ditudan gauzak. Ez zait gustatzen gehiegizko esposizio publikoa. Izaera kontua da, belaunaldiari dagokiona baino gehiago. Uste dut gazteagoa banintz ere ez nintzatekeela sare sozialen munduari horren lotuta egongo. Oso estresantea iruditzen zait etengabe erakusleihoan egotea, kanpora begira, besteen erantzunari adi. Gainera, inspirazio edo dei artistiko hori daukagunean barrura begira egin beharreko lana dela sentitzen dut. Gaur egun, sormen munduan gabiltzanontzat mesedegarria izan daiteke sare sozialetan egotea, batzuek diote ezinbestekoa dela, egindako lanaren berri ematen laguntzen duelako, baina oreka bat aurkitu behar da harreman horretan, medioak ez gaitzan irentsi.

Sare sozialek badute azken joerekin eta bat-batekotasunarekin zerikusia, ezta? 
Nahi dugu gure musika atenporala izatea, azken modei kasurik egin gabe. Erabiltzen ditugu garaian garaiko erremintak eta baliabideak, baina helburua da kantua egitea denboratik kanpo, gaur bezala, hemendik hogei urtera ere gustatu dadin.

Zure zazpigarren lana izan da hau. Antzeman al duzu eboluziorik hasieratik gaur egunera, garaiarekin bat datorrena edo zeuk, musikari bezala, egindakorik? 
Bai. Egunetik egunera ez gara konturatzen, baina aurreko diskoak entzuten ditudanean eboluzio bat izan dela antzematen dut. Entzuten ditut, eta batzuetan sentitzen dut kantu bat freskoa edo polita izan zela, eta besteren batean, berriz, antzematen dut harparen presentzia handiegia izan zuela. Gaur egun, esaterako, gehiago naiz harpa nota gutxiago sartzearen aldekoa.

2023an zure diskoa World Music Charts Europe (WMCE) erakundearen 30 disko onenen zerrendan sartu zuten. Horrelako aitortzek lana ondo egiten ari zarela sentiaraziko dizute, ezta? 
Ongietorriak dira horrelakoak, noski. Albert Reguant kataluniar musika kazetaria izan zen aurkeztera bultzatu gintuena; gainera, Ona irratian duen Les Rutes del So saioan – munduko musiken irratsaioa – ere nire lan berriaren berri eman zuten. WMCE erakundea Europako 25 herrialdetako irrati publiko eta independenteetan munduko musikaz aritzen diren hainbat kazetarik osatzen dute, eta Reguanten bitartez iritsi zen nire diskoa zerrenda horretara. Hala ere, gu beti zapore mikatz batekin geratzera kondenatuta gaudela dirudi, eta ez nuen nahi izan gehiegi zabaldu. Izan ere, horrelako zerrenda ofizialetan, gure desgraziarako, Basque Country Spain jartzen dute. Erabateko okerra, anomalia bat. Errealitatea esango dute batzuek, eta nik zera erantzuten dut: noski errealitatea dela, baina errealitate gaizkilea, edo ekintza gaizto baten ondorioz ezarritako ‘errealitatea’, Euskal Herria ez baita Espainia, ezta Frantzia ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide