Maria Jesus Mena: "Poz handiak eman dizkit euskara ikasteak"

Jabier Zabaleta 2024ko urt. 28a, 09:00

Maria Jesus Mena Loiti. (Jabier Zabaleta)

Euskara ikasleek egiten duten ahalegina aitortzeko, euskaltegiko ikasleei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu Karkara aldizkariak hilabetero, Orioko Udaleko Euskara sailarekin eta Orioko AEK Euskaltegiarekin elkarlanean. Honakoa urtarrileko zenbakian Mari Jesus Mena Loitiri egindako elkarrizketa da.

Maria Jesus Mena Loiti Donostian jaio zen, orain dela 67 urte. Bizimodua jaioterrian, Hernanin eta Astigarragan egin ondoren, Oriora erretiratu zen 2018an, Patxi senarrarekin batera. Herriko euskaltegian dabil, autoikaskuntzako modalitatean.

Zu, Maria Jesus, familia euskaldun batean jaio zinen…

Tira… Gure ama euskalduna zen, Antzuolakoa, baina aita ez. Aitarena berezia da: gure aitona, aitaren aita, Zamoran jaioa zen, baina Donostiara txikitan etorri zen eta euskara ikasi zuen; aitak, berriz, gerra aurreko Donostia hartan ez zuen euskararik ikasi, nahiz eta ama Irungo euskalduna zuen.

Amak, txikitan, euskaraz egiten zigun eta, Antzuolara joaten ginenean, euskaraz aritzen ginen hango familiarekin; baina, gero, Donostian, gaztelania genuen etxeko hizkuntza, eta ez genuen euskaraz behar bezala ikasi. Gainera, mojetara joaten ginen anai-arrebak eta gure harreman guztiak erdaraz ziren, mojek ez zuten uzten-eta euskaraz egiten.

Nola piztu zitzaizun euskaltzaletasuna?

Nahiz etxean egin ez, euskarak bazeukan presentzia gure bizimoduan: Antzuolako familiakoak maiz etortzen ziren bisitan eta haiek euskaraz egiten zuten, askoz hobeto moldatzen ziren-eta. Gaztetatik izan nuen euskara behar bezala ikasteko gogoa; beti ari nintzen euskal musikarien kantak-eta entzuten: Benito Lertxundi, Urko…

Antzuolara joaten nintzenean, lotsa pasatzen nuen: "Zeziliaren alaba zara eta ez dakizu euskaraz?", esaten zidaten; eta horrek lotsa handia ematen zidan. Benetan ikasten hasi, hala ere, ezkondu eta gero hasi nintzen, Astigarragara bizitzera joan ginenean, seme-alabekin euskaraz egin nahi nuelako.

Gustura ibili al zinen euskaltegian?

Bai, oso. Herrietan zaila izaten da maila berdintsuko taldeak osatzea, eta ni ere horrela ibili nintzen urte batzuetan: sortzen zen taldearen arabera jasotzen nituen klaseak, baina aurreratzen joan nintzen, poliki-poliki. Uda batean, barnetegi bat ere egin nuen Zerainen, eta oso probetxugarria izan zen niretzat. Hasieran, hitz egiteko erraztasuna lortzea zen nire helburua eta hori, nolabait, lortu dut. Orain, berriz, idazketa eta gramatika landu nahi ditut.

Zer eman dizu euskara ikasteak?

Poz handiak eman dizkit. Handiena, niretzat, amarekin azkenean euskaraz hitz egin ahal izatea izan da. Amak, bere azken urteetan, alzheimerra zeukan eta, askotan, euskaraz egiten zigun, lehen ez bezala. Orduan, ni ere hasi nintzen berarekin euskaraz hitz egiten, eta oso polita izan zen hori berreskuratzea. Bide bera egin dut ahizpa batekin ere: hura ere ibili da euskaltegian, eta orain euskaraz egiten dugu beti, juntatzen garenean. Semearekin ere euskaraz egiten dut orain beti; eta, zer esanik ez, bilobekin ere bai. Oso pozgarria da niretzat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide