Ahalduntze Eskolak 2024ko lehen hiruhileko programa aurkeztu du

Andrea Zipitria 2024ko urt. 10a, 13:13

Guztira, Saregile Emakumeen Etxeko Ahalduntze Eskolak zazpi ekimeneko eskaintza izango du urtarriletik martxora bitartean. Eta Ahalduntze eskolez gain, lau jarduera programatu ditu Saregilek, datozen hiru hilabeteetarako.

Saregile Emakumeen Etxeko Ahalduntze Eskolak urteko lehen jarduerak aurkeztu berri ditu. Hain zuzen ere, urtarrila eta martxoa bitartean askotariko gaiak lantzeko zazpi ekimen egiteko aukera izango da.

Nerea Loiolak gidatutako irakurle-taldearen arrakastaren ondoren, martxan jarraituko du. Hileko azken asteazkenetan elkartuko dira kideak Saregilen, 18:30etik 20:00etara.

Berrikuntza gisa, dantzak izango du bere espazioa egitarauan. Sabel dantza ikastaroa antolatu dute Warda Mallalen eskutik, urtarrilaren 24tik martxoaren 20ra, asteazkenetan, 10:00etatik 11:30era. Aipatu data horietan ere bai, Biodantza ikastaroa izango da Saregilen. Eider Zuriarrainen eskutik, asteazkenetan eskainiko dute, 16:00etatik 17:30era.

Urtarrilaren 18an hasiko dira, bestetik, Sareak Musikatzen tailerra eta Amatasunak partekatzeko taldea biltzen. Sareak musikatzen tailerra emango du Haizea Loriak, ostegunetan, 17:30etik 19:30era bitartean. Amatasunak partekatzeko espazioa izango da "amak eta haurrak elkarrekin biltzeko gune goxo eta epela". Ostegunetan bilduko dira Saregilen, 10:30etik aurrera. 

Elkarguneen baitan, emakume migratuen topagunea egongo da, Aleksandra Zakek eskainiko du, urtarrilaren 27tik aurrera, larunbat arratsaldetan. 

Azkenik, Gure emozioak kudeatzen ikasiz tailerra era izango da Pepa Bojoren gidaritzapean. Urtarrilaren 31n hasi eta martxoaren 20ra bitartean, asteazkenetan emango dute, 18:00etatik 20:30era.

Agenda

Ahalduntze-eskolez gain, lau jarduera programatu ditu Saregilek datozen hiru hilabeteetarako: 

  • Otsailak 1, osteguna: Fantasia tailerra, Libe Osaren eskutik, 18:00etan.
  • Otsailak 15, osteguna: Ane Lindaren bakarrizketa, kultur etxean, 18:30ean.
  • Martxoak 5, asteartea: Zauriak dokumentalaren emanaldia, 18:30ean.
  • Martxoak 13, asteazkena: Burlesque dantza tailerra, Warda Mallalen eskutik, 18:30ean.

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide