"Bizitzeko modu bat gehiago da"

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 20a, 09:12

Skate parke berriaren proiektua sustatu duen taldeko hainbat kide. (Arnaitz Rubio Aprea)

Urriaren hirugarren asteburutik erabilgarri dago skate parke berria Orion. Bertako erabiltzaileek denbora zeramaten halako zerbait eraikitzeko eskatzen, eta Orioko Udalak haien eskariari erantzun die. Orain, haur, gazte eta heldu biltzen da kirol instalazioan eta skate mugimendua suspertzea ekarri du. Hori dela eta, skate parke berriaren eta irristaketaren kulturaren inguruko erreportajea argitaratu zuen Karkarak urtarrileko aldizkarian. Orain irakurgai da sarean.

Nostalgiak bihotza estutzen dizunean, gogora datorkizu nola hasieretako monopatin haiei santxeski deitzen zenien. Plastiko laranjaz ekoitzitako taula laburrak ziren, bina gurpilekin aurrean zein atzean; 1970eko erdialdean eta 1980ko hasieran sekulako arrakasta izan zuten. Irungo Sancheski enpresa aitzindariari dagokio meritua, eta hortik, jarraian ekoitziko ziren monopatin guztiei santxeski deitzearen ohitura. Patinatzeko moduak aldatzen joan ziren bezala, materialak ere garatzen joan ziren eta Santa Cruz, Powell&Peralta eta Vision bezalako skateak agertu ziren merkatuan, eta horrekin lotuta, patinatzeko toki zehatzak: U arranpak eta skate parkeak. Orio ez zen atzean geratu ekimen horretan, eta hormigoizko U bat egin zuten duela 30 urte. Kontua da bere onenak emanda zituela aspalditik, eta erabiltzaileen eskariari erantzunez, Orioko Udalak skate parke berria eraiki duela aurten.

Eskaerak, ordea, ez dira atzo goizekoak, Lukas Martin eta Unai Zubizarreta Xubi patinatzaileek azpimarratu dutenez. Duela hamar urte inguru egin zuten proposamena, baina eginda zuten berrikuntza ez zela taxuzkoa izan zehaztu du Xubik: "Aurreko hartan ez zen egokia izan, eta ez zuten erabiltzaileokin adostu zer-nola egin. Bertan aritzen ginenok ez ginen gustura geratu. U-a eginda zegoen, eta haren atzealdean plastikozko bat egin zuten, ez zena batere egokia ikasteko, ezta zekitenek ibiltzeko ere. Apenas inork erabiltzen zuen; hormigoizko zaharra erabiltzen genuen guztiok". 

Surf elkarteko gaztetxo talde batek sinadura bildu ditu herrian skate parke berria egiteko

Martinek dio Orioko surf elkarteko kideengandik etorri zela oraingoan eskaera: "Surf taldeko pare bat lagunek proposatu zuten eta mugitu dira, eta, gero, gaztetxo talde batek sinadurak bildu ditu herri osoan". Hori horrela, udala instalazio berria eraikitzeko prest agertu zen, eta lehiaketa bidez, Zut Skateparks enpresari esleitu zion proiektua, eta diseinuaz Javier Labad arkitektoa arduratu da; inguruetako skate parke berrienak ere Bizkaiko enpresak ondu ditu, Azpeitikoa esaterako. Baina, kasu honetan, erabiltzaileen ikuspuntuak jaso nahi izan dituzte skate parkearen diseinua definitzeko orduan.

"Aholkatzen eta ikuskatzen aritu den skater taldetxo bat egon gara, instalazioa gure gustukoa izan dadin. Ez gara talde ofizial bat, ezta halarik ere, baizik eta patinatzen aritzen garen herritar batzuk proiektua nola garatu laguntzen aritu garenak", dio Martinek. Gazteen eskaera garbia izan zela azaldu du Xubik: skate parkea "handitzea" eta maila ezberdinetako jendearentzat "erabilgarri" izatea. Orduan, Zut enpresarekin pista berria diseinatzeari ekin ziotenean, argi utzi zieten hormigoizko U arranpa mantendu nahi zutela. "Hobetze bat merezi zuela esan genien; izan ere, zuloak zeuzkan, eta horiek ondo tapatu behar ziren. Bestalde, sarrerak egin dizkiote bi aldetatik lotura izan dezan".

Prozesuan parte hartzea ongi ikusteaz gain, ekimen "garrantzitsua" dela iruditzen zaio Martini: "Azken finean, gu gara bertako ohiko erabiltzaileak, eta horrek berme bat ematen zigun egingo zuten parkea ongi egingo zutela jakiteko". Hain zuzen ere, beste kirol instalazio batzuekin alderatuta, skate patinatzaile batek behar dituen beharrak ez dira horren ezagunak. Skate parke bat eraikitzea "koadro bat margotzearekin" parekatu du Martinek: "Agresiboagoa, suabeagoa, baranda gehiagorekin edo ertz askorekin sor dezakezu. Ez dago modu bakar eta arautu bat eraikitzeko, bururatzen zaizkizun nahi beste diseinu daude, futbolean edo eskubaloian ez bezala”.

Edonork erabiltzekoa

Bowl igerileku txikia, elkarri lotutako bi U arranpa –bata ertaina eta beste txikia–, kaleko skate modalitatea praktikatzeko barandak, ertzak dituzten koskak zein tontortxoak... Edonork patinatzeko moduko parkea da Oriokoa. "Jendeak carveatzen ikas dezake, baina eskarmentu gehiago dugun riderrak bestelako jauzi eta maniobra ikusgarriagoak egiten ditugu, eta abiadura biziagoan ibiltzen gara batetik bestera. Niri gustatu zait nola geratu den, batez ere edonork erabil dezakeelako eta hain sinplea izanik, modu askotara erabil daitekeelako", azpimarratu du Martinek.

Rider bat bowl igerileku txikian patinatzen. (Arnaitz Rubio Aprea)

Skate parke baten kasuan, askotan "gutxiago gehiago" izaten dela diote erabiltzaileek. "Beste toki batzuetan gertatu ohi da denetariko moduluak jartzen dituztela, skatea praktikatzeko ideia oso onak, baina azkenean, gauza gehiegi dituzu eta ez dakizu nondik hasi, ezta nola egin ere. Gurea sinplea da, zailtasun handirik gabekoa, baina aldakortasun asko eskaintzen dituena". 

Xubiren hitzetan, Oriok behar zuen halako espazio bat: "Gainera, herritarrek ere esaten dute inguruari bizitza eman diola, eta egia da. Pasatzen zara aste tartean nahiz asteburuan eta beti topatuko duzu jendea patinatzen, izan oriotarrak, izan kanpotik etorritakoak". Bistakoa da sekulako arrakasta izan duela erabilgarri jarri duten unetik: jende ugari dabil bertan eguraldia lagun den bakoitzean. "Ume asko ari da bertaratzen, hainbat scooter edo eskuleku luzeko irristailuekin, baina beste asko baita skatearekin ere. Guk, pertsonalki, nahiago dugu skatea praktika dezaten, batik bat, skate parkea izanik, horretara egokitutako eremua delako. Edonola ere, gaztetxoak oso pozik etortzen dira, asko gozatzen dute, eta hori da azkenean helburua", arrazoitu du Martinek.

Gaztetxoak skate parke berriko inaugurazio ekitaldian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Bestalde, erabiltzaile koskortxoagoak edo nagusiagoak ere oso gustura daude emaitzarekin. "Lehen patinatzen genuenok ilusioz beteta eta hunkituta gaude", jarraitu du Martinek: "Duela bost urte inguru hamar pertsona pasatxo elkartzen ginen U-aren ondoko bankuan, eta lagunartean aritzen ginen patinatzen, musika entzuten, zerbait jaten eta solasean. Pixkanaka-pixkanaka galdu egin zen giro hura, lana edota ikasketak zirela medio, eta, egia esan, nik faltan botatzen nuen hori guztia. Orain, skate parke berriarekin, berriz bueltatu da giroa, eta oso pozik nago".

Skate parke berria eraiki dutela eta, gazte jende gehiago bertaratzen hasi da

 

Herrian skate zaletasuna suspertzea "polita" izango litzatekeela iritzi dio Xubik. Bere garaian egon zen 15 laguneko talde bat nahiko sarri biltzen zena, baina pixkanaka behera egin zuen, Martinek esan bezala. "Gazteak sinadurak biltzen hasi ziren horrekin, berriro harra piztu zaigu orduan aritzen ginenoi. Herrian skate parke bat edukitzea luxu bat da, azkenean. Ea orain mugimendu bat sortzen den honen inguruan eta jendeak gogoz heltzen dion". Izan ere, bere esanetan, "skatea kirol polita da, ona, librea, bakoitzak bere estiloa du, bakoitzak bere modalitatea praktikatzen du, eta skate parke honek aukera horiek denak eskaintzen ditu. Bakoitzak bere erara, baina elkarrekin".

Instalaziorik ez bada, ez dela kirola sustatzen esan ohi da, eta Xubik uste du honek zaletasuna sortuko duela Orion. "Azkenean, ez baldin baduzu toki on bat kirola txukun praktikatzeko, eta berdin da zer kirol den, ez duzu suspertuko edo ez zaizu jendea bat-batean praktikatzen hasiko. Orain, eraiki duten parke honekin, ikusten da badela mugimendua, eta ederra izango litzateke Orioko gazte jendeak pixkanaka afizioa hartzea eta zaletasunak gora egitea", dio itxaropentsu.

"Instalaziorik ez bada herrian, ez da kirola sustatzen eta zaletasuna sortzen"

Inaugurazio festan skate parkea herriari erakutsi nahi izan zioten, umeei parkean ibiltzeko "idatzita ez daude arau unibertsalak" azalduz, patinatzen pixka bat irakatsiz, skate-aren funtzionamenduari buruzko aribidea emanez, eta horrez gain, zozketak, musika eta jatekoa izan zuten. Orion inoiz ez dela egon "skaterako kulturarik" aditzera eman du Martinek: "Gutxiengo bat aritu gara eszena horretan, eta gutxi hori hamar lagun pasatxok osatu dugu. Guk kultura hori zabaldu nahi izan genuen herrian, apenas ezagutzen zutelako, eta normala da. Gu honetan ibilita eta instalazio hau eginda, festa moduko topaketa egitea erabaki genuen instalazio berria inauguratzeko".

Hurrengo urratsa izango litzateke pixkanaka-pixkanaka kultura hori suspertzen joatea, ez bada dagoeneko suspertzen hasi. Gaztetxo dezente bertaratzen da patinatzera skate parkea erabilgarri jarri zutenetik. "Azkenean, Orio herri txiki bat da, eta zerbait berria badago, mundu guztia jartzen da horri begira. Denak etorri dira interes handiarekin eta ikasteko gogoz. Instalazio egokiak badaude, zaletasuna ere berez sortzen da", gehitu du Xubik.

Ikasteko zoragarri

Xuban Mujika eta Adur Agirre bi patinatzaile oriotar gaztetxo dira. Skate parke berriak liluratu ditu, eta ohiko erabiltzaile bihurtu dira. Mujikak 14 urte ditu, eta kontatu du umetan hasi zela skatean ibiltzen, baina ondoren utzi egin zuela. "Orain, parkea egin dutela, berriro hasi naiz ibiltzen. Lehen zegoenaren aldean, berria askoz ere hobeto dago. Zaharra, mugatua izateaz aparte, ez zegoen baldintza onetan, egia esan: U hartan erortzen zinen bakoitzean gorputz guztia urratzen zenuen. Beste kaxoi bat zeukan alboan, inolako funtziorik betetzen ez zuena, eta segurtasun gutxi ematen zuen", azaldu du gazteak. Berriak espazio "zabala eta anitza" duela eta "ikasteko zoragarria" dela iruditzen zaio: "Besteak ez zuen horrelako aukerarik ematen. Orain, behintzat, ondo moldatzen gara".

Agirrek 10 urte ditu egun, eta patinatzen Landetara (Frantzia) eginiko bidaia batean hasi zela azaldu du, baina herrira itzuli zenean ez zuela jarraitu. "Gerora, kalean ekin nion, eta orain, skate parkea egin dutenetik, egunero etortzen naiz. Ikasteko aukera ematen du, eta ondo pasatzen dugu, hori baita helburu nagusia", dio kaskoa eta babes neurri guztiak jantzita. Lagunak elkartzeko bilgune dutela kontatu du, eta oso gustura dagoela.

Skate parkeko inaugurazio festan txikienek ere izan zuten ikasteko aukera. (Arnaitz Rubio Aprea)

Skate parkeak askotariko aukerak eskaintzen ditu, baina sekzio guztietan ongi moldatzeko oraindik "ikasi beharra" daukala aitortu du Agirrek. Zentzu horretan, maniobra nahiz jauzi ikusgarriak egiteko ilusioz eta hobetzeko esperantzaz etortzen dira erabiltzaile gazteak. Mujikaren esanetan, "hemen jendeak lagundu egiten dizu: ikusten badute trukoren batekin buru-belarri ari zarela,  aholkuak ematen dizkizute. Azkenean, lagunarte bat da".

Mujikari sekulako poza sorrarazten dio skate parke berrian patinatzeak: "Benetan ederra da etxe aldamenean horrelako instalazio bat eskura izatea. Lehen ibiltzen nintzenean, beste herri batzuetara joan behar izaten nuen, beste skate parke batzuetara, praktikatu nahi banuen, Orion ezer gutxi egin baitzitekeen. Orain, taula hartu eta edozein momentutan bertaratu naiteke".

Skatearen oinarrizko filosofia hori dela berretsi du Martinek: lagunartean patinatzea, elkarren artean trukoak nola egiten diren partekatzea, batak bestearen saioetatik ikastea, elkar txalotzea eta animatzea, eta bereziki, ongi pasatzea. "Bizitzeko modu bat gehiago da, kirol bat baino gehiago".

Gozatzeko unea

Orain skate parke berria eskura dutela, eta patinatzaile gazteak gero eta gehiago bertaratzen direla, topaketarik, ikastarorik edo txapelketarik antolatzeko asmorik duten galdetzean, oraindik halako asmorik ez dutela erantzun dute eskarmentu gehien duten patinatzaileek. "Gauza horien inguruan ez dugu ezer hitz egin. Halako egitasmoak antolatzeko talde edo elkarte ofizial bat izan beharko genuke, baina gu ez gara halakorik. Orioko Udalari laguntzeko elkartu garen taldetxo bat izan gara", erantzun du Martinek. Topaketa, txapelketa edo antzeko ekimenen bat antolatzeko talde bat osatu beharko luketela azaldu du, eta momentuz ez dira aukera hori aztertzen ere hasi. "Nahikoa dugu skate parke berriarekin: orain, gozatzeko unea da. Euforia sasoian gaude, eta ondoren, ikusiko dugu ikastaroren bat antolatuko dugun edo zer egingo dugun".

Xubi ere bat dator Martinen iritziarekin, eta kontatu duenez, surf elkartean dabiltzan asko skatean ere aritzen dira. Hortaz, oraingoz ez dute aurreikusten talderik sortzerik. "Egia esan, ez dugu ezer komentatu geure artean, ez zaigu bururatu ere egin. Momentuz, tarte atsegin bat pasatzea eta lagunekin egotea da asmoa, ez besterik. Agian, aurrerago, etor liteke, baina ez dakit", nabarmendu du.

Momentu honetan, mira guztiak skate parke berrian jarrita dituzte erabiltzaileek. Egia da skateak gorakada nabarmena izan duela azken urteetan gizartean. Euskal Herrian, betidanik eta historikoki, Bizkaian izan dira aitzindariak: penintsulako lehen skate parkea Algortan eraiki zuten, eta hor inguruan hasi ziren lehenak sortzen. Apurka-apurka Gipuzkoan ere hedatzen joan ziren, eta azken urteetan sekulako instalazioak eraiki dituzten han eta hemen: Azpeitian, Andoainen, Hernanin... Bakoitza era batekoa. "Zalantzarik gabe, Oriok ere merezi zuen berea", aitortu du Xubik: "Espero dugu Orioko jendearekin eta ingurukoekin indar pixka bat ematea".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide