Martu Rizzo: "Egunen batean euskaraz bizitzea da nire ametsa"

Jabier Zabaleta 2023ko abe. 17a, 12:30

Martu Rizzo euskara ikaslea. (Jabier Zabaleta)

Euskara ikasleek egiten duten ahalegina aitortzeko, euskaltegiko ikasleei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu Karkara aldizkariak hilabetero, Orioko Udaleko Euskara sailarekin eta Orioko AEK Euskaltegiarekin elkarlanean. Honakoa abenduko zenbakian Martu Rizzori egindako elkarrizketa da.

Maria Marta Rizzo Montes Argentinan jaio zen, orain dela 42 urte, eta aurten etorri da Oriora bizitzera, bikotekidearekin eta semearekin batera. Martu esaten diote lagunek, eta hala aurkeztu du bere burua. Orioko euskaltegian egin dugu elkarrizketa, hor dabil-eta B1-B2 mailako ikastaroa egiten urriaz geroztik. Aholkularitza psikologikoko ikasketak egin zituen Argentinan, eta Teologia ikasten hasi zen Bartzelonan, baina orain familiari dedikatzen dio denbora eta, horrez gain, gidoigintza ikasten ari da online, euskararekin batera.

Noiz hasi zinen euskara ikasten?

Senarra eta biok 2013an etorri ginen Euskal Herrira, 33 urte nituela, eta egin genuen aurren-aurreneko gauza euskara ikasten hastea izan zen. Ikasturte oso bat pasatu genuen Lazkaoko Maizpide euskaltegian eta, ondoren, Tolosan eta Usurbilen bizi izan ginen, beti euskara ikasteari zeharo utzi gabe, nahiz eta, semea jaio zenean, erritmoa mantsotu. Ondoren, Argentinara itzuli eta han urte eta erdi egin genuen, aurtengo martxoan Oriora etorri garen arte. Gezurra badirudi ere, Argentinan egindako denboraldi horrek lagundu egin zidan euskaltegian ikasitako euskara maila finkatzen eta sendotzen.

Nondik datorkizu euskara ikasteko gogo hori?

Niretzat oso garrantzitsua da bizi zaren herriko hizkuntza jakitea. Herri baten hizkuntza oso lotuta dago bere identitatearekin: komunitatearen parte izan nahi baduzu, ezinbestekoa da hizkuntzaz jabetzea. Bibliak ere garrantzi handia ematen dio hizkuntzari, eta nik, kristaua izanda, bat egiten dut ideia horrekin.

Zer moduzkoa izaten ari da euskara ikasteko prozesua?

Ikasteko prozesua ez da erraza izaten ari niretzat, autismoa duen haur baten ama naizelako. Hori dela eta, bidean askotan izan dut euskara uzteko gogoa, baina jarraitu egin dut. Uste dut maitasunak zerikusia daukala iraunkortasunarekin; nahiz eta oztopoak eta trabak izan, aurrera egitearekin. Horregatik, nire ondorioa da euskara maite dudala.

Niretzat ikasten dut; ez dut titulurik ateratzeko asmorik batere. Inoiz ez dut euskara azterketarik egin, ez dut behar-eta. Estimatzen dudan jendearekin hitz egiteko balio dit euskarak: lagunekin, herriko jendearekin… Senarrarekin ere askotan egiten dut. Hark nik baino hobeto daki, eta asko animatzen nau ikasten segitzera eta praktikatzera. Saiatzen naiz beti euskaraz hasten elkarrizketak; gero, igual, aldatu egin behar izaten dut, baina ahalegina egiten dut ahalik eta gehien hitz egiteko. Ez da izan behar beldurra hanka sartzeko.

Zein da zure helburua, euskara ikasteari dagokionez? Noraino iritsi nahiko zenuke?

Nire ametsa da egunen batean euskaraz bizitzea. Zaila da, eta ez dakit iritsiko naizen, baina hori nahi nuke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide