Jesica Bordoni eta Daniele Amalfitano: "Liburuekiko maitasun sinboloak bezala dira"

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 17a, 09:30

Abenduko aldizkarian, Jesica Bordoni eta Daniele Amalfitano elkarrizketatu ditu Karkarak. Eskuz egindako kortxozko liburutxoen argitaletxea sortu dute. Hona hemen elkarrizketa osoa irakurgai:

Jesica Bordonik (Buenos Aires, Argentina, 1979) eta Daniele Amalfitanok (Genova, Italia, 1975) Bartzelonan ezagutu zuten elkar, eta bien arteko erlazioarekin batera hasi zen ereintzen Apuka proiektua: eskuz egindako kortxozko liburutxoen argitaletxea, hain zuzen. Batetik bestera ibili ondoren, duela lauzpabost urtetik Orion dute bizitokia eta estudioa.

Nola sortu zitzaizuen liburutxoen munduan murgiltzeko ideia?

Jesica Bordoni:Duela hamabost urte inguru, bizi eta lan proiektu bat abian jartzea erabaki genuen elkarrekin. Bartzelona atzean utzita, Donostiatik Finisterreraino bidaiatu genuen trenez, geure motxilak bizkarrean, eta, nolabait ere, hala sortu zen Apuka. Izatez, maitasun istorio bat dela esaten dugu. Gure arteko solasaldietan beti agertzen ziren liburuak, gure bidaide zirelako, baita artisautzaren gaia ere. Era berean, ekologia faktore garrantzitsua zen guretzat. Osagai horiekin sortu zen liburutxoak egiteko ideia, liburuekiko maitasun sinbolo bezala. 

Eskuz eginak dira hasieratik amaierara arte?

J. B.:Artisau piezak dira, bai. Eskuz koadernatzea erabaki genuen kortxo naturalean, eta paper-zuntz birziklatua eta material ekologikoak erabiltzen ditugu. Eskuan kabitu daitezken liburuak egiten ditugu, baina balio eta emozio askoz betetakoak. Norberarentzat ez ezik, beste norbaiti oparitzeko modukoak ere badira. Hori izan zen gure hastapena.

Oriotik urrun ekin zenioten hasieran, ezta?

Daniele Amalfitano:Castro Urdialesen [Kantabria, Espainia] abiatu genuen proiektua: produktua lantzen eta garatzen hasi ginen, egun dugunera iritsi arte. Hango Kultura zinegotziari miniliburu-denda ibiltariaren proposamena aurkeztu genion, eta aurrera atera zen. Orgatxo vintage bat zen, garaiko izozki-saltzaileen modukoa, baina izozkien tokian gure liburutxoak eramaten genituen. Asmoa zen liburuak kalera eramatea eta pertsonengana gerturatzea. Horrekin batera, doako liburu trukea sustatzen ere hasi ginen. Hortik Bilbora pasatu ginen, Guggenheim museo aurrera, eta gero, Donostiara, Udal Liburutegi Nagusiaren babesarekin. Jendearen erantzuna bikaina izan zen, herritarrena zein turistena.

Bete-betean asmatu zenuten, beraz.

J. B. eta D. A.:Ohartu ginen pertsonengana iristen zirela liburutxoak, eta horrek ateak ireki zizkigun. Polita da oroitzea nola hasi ginen eta nola askorik eskatu gabe murgildu ginen amets honetan. Jendeak esaten zigun ekonomikoki ez zutela bideragarri ikusten. Guk beti baikor eutsi diogu, eta orgatxoa izan da gure orain arteko salbidea. Orain, ordea, pauso bat aurrera eman dugu: liburutxoak kaxatxo barruan sartu ditugu, osagai dotore gisa. Uste dugu dendetan eta beste toki batzuetan saltzeko ongi egokitu dugula gure produktua.

Berritasun nabarmenena da Printze Txikia argitaratu duzuela hainbat hizkuntzatan, baita euskaraz ere.

D. A.:Zoriontasun osoz egin dugu, guretzat oso sinbolikoa izan da. Bizitzan zehar hainbat gauza gertatzen dira, eta denborarekin, ohartzen zara elementu ezberdin horiek elkartu eta zerbait eratzen dutela. Egia esan, gauza asko ulertarazten dizkizute. Adibidez, gure argitaletxeari izena jartzeko orduan Jesicak guaraniaz hitz egin zidan unea.

J. B.:Guarania Latinoamerikako hizkuntza indigena da: Paraguaikoa, Argentinako zati batekoa, Brasilgoa eta Boliviakoa. Oraindik Bartzelonan ginela, proiektuari Apuka izena jartzea erabaki genuen; guaraniz esan nahi du egin irribarre. Asko gustatu zitzaigun, efektu hori baita eragin nahi duguna egiten dugunarekin. Orain, puzzlearen pieza guztiak biltzen ari garen honetan, Euskal Herrian bizi gara eta gure alaba euskaraz ikasten ari da, jatorri hizkuntza asko zaintzen duen lurraldean.

D. A.:Horrekin lotuta, 18 urte nituenetik esaldi bat gaelikoz daukat tatuatuta besoan, Bobby Sandsen liburu batetik jasota. Beraz, guarania, gaelikoa eta, orain, euskaraz argitaratzea, ikur asko dira bat-batean, aurrez planteatu gabe elkar lotzen ditugunak. Orain, gainera, gure liburutxoak Euskal Herrian ekoizten ditugula sentitzea handia da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide