EUSKARAREN EGUNA

Zergatik da garrantzitsua Euskararen Eguna ospatzea?

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko abe. 3a, 10:05

Ekiñe Saizar, Ariane Obineta eta Jexux Goikoetxea.

Gaur Euskararen Eguna da, eta horren bueltan hainbat jarduera egingo dira Euskal Herrian barrena. Aian eta Orion, ikastetxeek lantzen dute gaia nagusiki; beraz, Aiako eta Orioko ikastetxeetako ordezkariei hausnarketa bana eskatu die KARKARAk Euskararen Egunaren harira.

EKIÑE SAIZAR (ORIOKO HERRI IKASTOLA)

"Zer egiten dugu helduok euskara zaintzeko? Parkeetan nola aritzen gara? Eta tabernan eskatzerakoan? Euskararen inguruko zer mezu zabaltzen diegu gure seme-alabei? Eskatzen dieguna helduok betetzen al dugu? Kontziente al gara euskara hizkuntza gutxitua dela? Euskal herritarrok batzen gaituena dela? Zein baliabide eskaintzen ditugu euskara ez dakitenek ikas dezaten eta dakitenek erabil dezaten? Maitatzera iritsi daitezen? Guk maite al dugu euskara? Galdera hauek eta gehiago aspalditik sortu izan zaizkigu Ikastoloi, hortik gatoz, eta horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua Euskararen eguna ospatzea, oraindik ere euskarak egun berezi bat izateko beharra duelako. Egun hori merezi duen bezala ospatuko dugun arren, Orioko Herri Ikastolan Euskarak 365 egun ditu!"

 

ARIANE OBINETA (ZARAGUETA HERRI ESKOLA)

"Zaragueta Eskolan urtero ospatzen dugu Euskararen Eguna. Aurten abenduaren 3a igandea denez, hurrengo egunean ospatuko dugu eskolan. Dena dela, aurreko astean zehar ere lanketa berezia egiten jardun dugu gaiaren bueltan. Gure helburua da haurrek eta gaztetxoek euskararekiko atxikimendua lortzea. Izan ere, euskara askotan eskolarekin eta hezkuntza arloarekin lotzen dute ikasle askok, eta euskararen alderdi ludikoaz jabetzea nahi dugu. Hala, Euskara Batzordea sortu dugu aurten Zaraguetan, euskara arloari bultzada emateko, eta horiek proposatuta, hainbat ekimen egingo ditugu: Euskararen Zuhaitza landatu, euskarari opa diogunaren inguruan hausnartu, eta euskal mitologia gaitzat hartuta, altxorraren bila eta ipuin kontaketa".

 

JEXUX GOIKOETXEA (LARDIZABAL HERRI ESKOLA)

"Herri kontzientzia piztuta mantentzearen beharra ikusten dut oraindik ere. Euskararen egoera ez da batere xamurra. Erabilera datuak hor daude. Arnasguneak galtzen ari gara. Horri oldartze judiziala gehitzen badiogu, euskararen normalizazioan nabarmen atzeraka goazela iruditzen zait. Badugu zeregina egunerokoan, ez Euskararen egunean soilik. Alderdi emozionaletik helduko diogu Euskararen egunari, eta euskaldun izatearen harrotasuna aldarrikatu nahi dugu. Egitarauari dagokionez, lelo lehiaketaren irabazlea aurkeztuko dugu; eskolako gaztetxoek bertsoak prestatu dituzte, eta Imanol Urbietaren Behin betiko kantua denon artean kantatuko dugu; gurasoak ere ipuin kontalari ariko dira; eta euskarazko podcastei buruzko solasaldia izango da".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide