San Nikolas jaiak 2023

Musika doinuak, familia giroan

Erredakzioa 2023ko abe. 3a, 12:30

Musika eskolako banda 32 kidez osatuta dago, eta adin desberdinetako pertsonak daude taldean: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailan hasi ohi dira bandan jotzen, 12 urterekin, eta erretiratuak ere badira taldean. Aurten, berrikuntza gisa, kontzertua emango dute San Nikolas festetan.

Odolez suertatu zaizun familiaz gain, bada zuk aukeratzen duzun beste familia bat. Bizitzaren Garai desberdinetan azaldu zaizkizun pertsonak aukeratzen joaten zara, zure babesleku direnak, ondo sentiarazten zaituztelako. Hori da, hain zuzen ere, Orioko Danbolin musika eskolako bandaren egoera: musikaren inguruan bildutako familia izatera iritsi dira.

Eta lotura hori San Nikolas jaien bueltan preziatzeko aukera izango dute oriotarrek. Aurten, bada berrikuntza nagusi bat, ordea; izan ere, urtero txupinazoan parte hartu ohi duten arren, aurtengo festen hasieran izan beharrean, kontzertua eskainiko dut bandak San Nikolas egunean, abenduaren 6an.

“Urtero izan gara sanikolasetako txupinazoan, baina aurten ekitaldiari itzuli bat eman nahi izan diote. Txupinazoan herriko martxak jotzen zituen bandak, eta Salatxo abesbatza eta dantzari taldea ere bertan izaten ziren. Oso ekitaldi formala izaten zen, eta hari jai giro ukitu handiagoa ematea erabaki zuten. Hala, aurten, lehendabizikoz, kontzertua eskainiko dugu. Aspalditik ari gara entseguak egiten, eta errepertorio zabala eta festa girokoa izango da. Ederra izango da”, azaldu du musika bandaren zuzendaria den Olaia Askasibarrek.

Musika eskolako banda 32 kidez osatuta dago, eta adin desberdinetako pertsonak daude taldean: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailan hasten dira han jotzen, 12 urterekin, eta erretiratuak ere badira taldean.

Bi maila daude musika bandaren barruan; banda txikia edo harrobia eta banda gaztea edo helduena. Orio herri txikia izanik, ordea, ez dute instrumentu guztiak jotzeko adina kide, eta emanaldi onak eskaintzen dituzten arren, beste musika banda batzuei esker, falta zaizkien instrumentu horiek jotzeko musikariak izango dituzte festen barruan eskainiko duten kontzertuan. Hala, emaitza borobilagoa izango da: “Gabezia asko izan ditugu, baina beti moldatu izan gara dugunarekin. Instrumentu batzuk falta izan zaizkigu beti, eta horiek gabe eman izan ditugu kontzertuak, politak gainera, baina falta diren instrumentu horiek gure bandara batuta, are ikusgarriagoa izango da zuzenekoa”, aurreratu du bandako kide Santos Carreterok.

Musikarako zaletasun handiko herria da Orio. Horren adierazle da musika eskolak 340 ikasle inguru izatea; “6.000 biztanleko herri batentzat datu oso esanguratsua da”, dio musika eskolako zuzendari Elena Errastik. Kopuru handia izateaz gain, musikarako zaletasuna ere nabarmena da; izan ere, ikasleek musikarekin harremanetan jarraitzen dute gerora ere, eta talde asko irteten dira Danbolin musika eskolatik. Festetan kontzertuak eskainiko dituzten musikari asko musika eskolan ikasitakoak dira. “Musikarako txinparta hori sortu zaiela erakusten du horrek. Pozgarria da. Jakin badakigu Mozart edo antzekorik agertzea oso zaila dela, eta horregatik da hain garrantzitsua zaletasunari arreta jartzea. Dirudienez, hori lortzen ari gara Danbolin musika eskolan; a zer poza!”, gaineratu du.

Zaletasun horretarako giltzarri nagusia giroa da; izan ere, musika baino gehiago eskaintzen diote musika eskolak eta bandak Oriori. “Irakasle bezala, zaletasuna piztea da gakoa, baina gure kasuan, musika bigarren mailan gelditzen da ikasleekin dugun harremana nolakoa den ikusita. Oso gertukoa da, berezia”, dio Errastik, eta modu berean bezain berezian azaldu ditu Leire Iturralde bandako kideak bere sentipenak: “Klasera etortzea zein bandan jotzea bada deskonexio moduko zerbait; eguneko errutinatik ateratzen zara, eta hitz egiten duzu, musika pixka bat jotzen duzun bitartean. Etxera beste lasaitasun batekin joaten zara. Astearen egituran edo antolakuntzan erdigunean daude musika eskola eta instrumentua; ezin ditut horiek kendu. Barruan daramatzat, eta beharrezkoak ditut astean zehar”. Kideak esandakoa baieztatu du Askasibarrek: “Izugarria da bandan dugun giroa!”.

DANBOLIN, OSASUN BETEAN

1986. urtean sortu zuten musika eskola, eta gaur egun, 340 ikasle ditu. Askotariko ikastaroak jasotzen dituzte horiek: pianoa, eskusoinua, gitarra, txistua, klarinetea, tronpeta edota panderoa bezalako instrumentuak ikasten dituzte, baita euskal dantzak, musika mintzaira eta mugimendua ere. Aukerak anitzak dira, beraz, Danbolin musika eskolan.

Osasun oneko musika eskola da, nahiz eta ez den horrela izan beti. “Pandemia izan zen inflexio puntua, beherakada nabarmena izan genuen ikasle kopuruan, baina, aurten, adibidez, iazko ikasturtean baino hogei ikasle gehiago ditugu. Hori datu ona da guretzat, gaur egungo gizartean haurrek dituzten eskolaz kanpoko aukera guztiekin edota Orion arraunak duen indarrarekin oso-oso zaila baita kopuruak mantentzea”, azaldu du Errastik.

Bestalde, teknologiak eskaintzen duen aukera zabala sartu dute irakaskuntzan, eta orain, plataforma edo aplikazio desberdinen bitartez irakats dezakete musika mintzaira. “Betiko solfeoa, tradizionala, modurik berritzaileenean landu dezakegu. Pantaila bidez egiten dugun arren, interaktiboa da, baina teoria hutsa da ikasleek barneratzen dutena. Horrek asko aldatu ditu irakasteko eta ikasteko moduak, baina horrek, era berean, asko aldatu gaitu gu. Gu ez gatoz informatika mundutik, ez ginen garai horretan hezi, eta ikastea tokatu zaigu. Eboluzioa osoa izan da, eta dena bizitzea eta ikustea egokitu zaigu”, gaineratu du Errastik.

Eboluzioa etengabekoa da musika eskolan, are gehiago, biztanleria txikiko herri batean, eta eboluzio horrek ekar ditzakeen aldaketei erantzuten jakitea izango da Danbolinen erronka nagusia etorkizunean: “Nahiz eta talde batzuk edo instrumentu batzuk desagertuko diren, beste batzuk sortuko dira, eta horri aurre egiten jakin behar dugu. Herriari musika irakatsi behar diogu, zaletasuna sortu, eta zer den musika eskola erakutsi. Nahi duten guztientzat hemen gaudela azaldu behar diegu oriotarrei; hori da niretzat helburu nagusia. Etortzen denak badaki zer duen hemen, baina ez dut uste gainontzeko herritarrek musika eskolako jardueraren berri dutenik. Ikasleek esandakoa oso hunkigarria da guretzat, eta herritarrek ez dute zertan gauza bera sentitu, baina nahiko genuke gure lanaren berri izatea”, amaitu du musika eskolaren zuzendariak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide