Musika tradizio handiko herria da Orio. Adierazle asko daude baieztapen hori arrazoitzeko. Historian atzera eginda, eguneroko lanetan, emakumeek eskabetxerietan eta arrantzaleek baporeetan abesteko ohitura handia zuten. Festetan, berriz, San Nikolas zein San Pedro jaietan, txistulari talderik, bandarik, abesbatzarik edo txarangarik sekula ez da falta izan herriko kaleetan.
Izan da apalaldirik, baina berpizte moduko bat nabaria da; azken urte luzeetan Danbolin musika eta dantza eskolako ikasleek eta ikasle ohiek zabaldu dute panorama. Ez da kasualitatea herrian sortutakoak izatea Gozategi, Ithaka, Gaitza, Arrautz Ustelak, Intza, Hereje Fighters, Giranice eta beste hainbat talde; hori bada zerbaiten seinale.
Gustura eta pozik ari dira txarangako kideak lanean, eta azken hilabeteotan herritarren esker ona ere jaso dute. Herriko arraunlariek bandera irabazita, Alirona jotzeko beharrak bildu izan ditu Orion kaleko musikariak, baina txarangako kideek azaldu dutenez, zabaltsun handiagoa eman nahi diote hasiberri den proiektuari: “Kalean eta festan ikusten dugu geure burua, zerbait ospatu behar den aldiro, prest gaude herriak behar gaituen ekitaldi guztietan jotzeko”, adierazi dute. San Pedro eguneko eguerdian atera ziren lehen aldiz kalera; ordutik, arraunlariei egindako ongi-etorrietan, Kontxako bigarren igandean Donostiako kaleetan zein arranpalan, eta Mutiozabal Festan jo dute. San Martin festen aitzakian, berriz, Ortzaikan egin zuten entsegu bat azaroaren 17an.
Izan ere, atzeko lan handia du txaranga batek. Apirilean hasi zituzten entseguak, eta musikari kopurua nabarmen hazi da ordutik. Hogeitik gora musikari biltzen dira gaur egun; gazteak dira asko, Danbolin musika eta dantza eskolako ikasleak gehienak. Bada instrumentuari hautsa kenduta dabilen heldurik ere. Hasieran, astero biltzen ziren Kosta Tailerrean; orain, bi astez behin ari dira biltzen Kultur Etxean. Txarangako kideek azaldu dute oriotar musikari guztiei zabaldutako proiektua dela, eta norbait zalantzan izanez gero, entseguetara probatzera azaltzera gonbidatu dute . Baxuak falta dituzte, “bonbardinoak eta tronboiak, nagusiki”.
San Nikolas egunean, eguerdian aterako dira kalera txarangako kideak, eta janaria partitzen duen karroarekin batera joango dira; abenduaren 8an, berriz, iluntzean, ohiko kale buelta egingo dute. Horrez gain, urtarrilaren 5ean Erregeen kabalkadan jotzeko asmoa ere badute.