Oihu egin nahi dut, baina kaleek nekez onartzen dute oihua, norbera ez bada eskuko hatzak atearekin harrapatzen dituena. Garrasi egin nahi dut, baina isilaraziko dute oihartzuna, nork daki zeinek gustuko ez badu. Adarretatik ihesi nabilela dirudi agian, baina kontran, esandakoak gizartean enbortuegiak ditugula sentitzen dut. Solidaritatea geroz eta gehiago epaitzen da, eta garrasien oihartzuna nahieran manipulatu. Palestinatik datozen berriek eztarrian korapiloa sortzen digute askori. Hortik, nire hitzak.
Hamasek burututako erasoak mundu osoko komunikabideetan sekulako uholdea eragin du. Israelek zauriak erakutsi dizkio munduari eta bere burua defendatzeko eskubidea duen herrialde demokratikotzat aurkeztu zaigu. Palestina begi bistan jarri zaigu, bai, baina Israel suertatu delako kaltetu. Tamalez, gatazka honek ongi beteta zuen lehenagotik ere hazka, sufrimenduz, lehertutako amets eta malkoz. Ez gabiltza urrun, beraz, gerra guztietako lehenengo biktima egia bera dela esaten dugunean.
Israel eta Palestinaren artekoa ez da atzo goizekoa. 1896an Theodor Herzl aktibista sionistak El estado Judio txostena kaleratu eta urtebete beranduago ospatu zuten Lehenengo Kongresu Sionista. Bertan, etorkizuneko estatu juduaren ereserki eta bandera erabakitzeaz gain, kokapenaz ere hitz egin zuten. Argentina, Uganda, Chipre, Mozambique eta Texas bezalakoak proposatu zituzten, azkenik Palestinan burutuko zenaren aukera gisa.
1933an Havaara Akordioa sinatu zen nazien eta munduko erakunde sionista nagusiaren artean. Hala, estatu propio bat osatu nahi zuten juduei, sionistei alegia, Palestinara emigratzen lagunduko zien erregimen naziak, ekonomiaz ahulduta zegoen Alemania diruz hauspotzearen truke. Gainera, estatu propioa osatzeko xedearekin entrenamendua jasoko zuten gazte sionistek, Alemaniako SA indarren eskutik. Holokaustoa etorri zen gero, Europan geratu ziren juduenganako genozidio basatia. Historialarien arabera, akordioaren onuradun nagusietako bat, zeharka, Zyklon B, juduak erailtzeko erabili zuten gasa fabrikatu zuen enpresa izan zen. Ezin esan erregimena finantzatu zuten juduek etorriko zenaren berri zutenik. Baina, egun, esan daiteke, akordio horretan aurkitu zituztela sionistek Palestinan estatu propioa osatu ahal izateko hegalak eta bertan genozidioa burutzeko atzaparrak.
Bigarren Mundu Gerraren ostean jaio zen Israel, NBEren onarpenarekin. 75 urte, Israelgo estatu terrorista Palestinaren odolustea, heriotza eta umiliazioa gauzatzen, faxismoa eta supremazia zuria gorpuzten. "Giza animalien aurka borrokatzen ari gara eta honela jokatuko dugu". Horiexek Israelgo Defentsa ministroaren hitzak duela egun gutxi, ireki baitituzte berriz ere infernuko ateak nazien garaiko kontzentrazio gune izan zitekeen Gazan. Ez diezaiogun utzi genozidioa salatzeari, oihuz eta izerdiz.
Utziko diot, beraz, idazteari, oihartzuna isilarazten saiatuko diren arren, munduko eztarrien garrasi solidariora batzeko, amestuz zapaldutakoen mina bukatuko dela noizbait, izotza urtzen den moduan, ezer ez baita betiko. Zapaltzaileak konturatuko baitira aitortu ezin den hura izan zirela, kontatu ezin den hura, baina, inoiz ahazten ez dena. Zuengatik…Palestina libre!