OIHAN GOZATEGI - Arraunlaria
Urrian Itsasoko Aulki Mugikorreko Munduko Txapelketa jokatzeko aukera izan zenuen. Gustura geratu al zinen egindako lanarekin?
Bai, harro nago egindako lanaz. Traineru denboraldia amaitu genuenean, ez nuen inondik inora espero munduko txapelketa jokatzeko aukera izango nuenik, eta hamabosgarren postua lortuta gustura nago. Txapelketaren aurretik esan izan balidate, begiak itxita sinatuko nukeen hamabosgarren sailkatzea; behin jokatutakoan, baina, pena ematen dit emaitza hobea lortu ez izanak.
Zer moduzkoa izan zen esperientzia?
Txapelketan giro oso ona zegoela iruditu zitzaidan. Munduko hainbat klubetako arraunlariak bildu ginen, eta elkartasun handia egoten da horrelakoetan. Itsasoko aulki mugikorrean irteera hondartzatik izaten denez, norbait behar izaten da ontziari heltzeko, eta bakarrik joaten direnei laguntzeko prest egoten da beti jendea. Kirol arloari dagokionez, nabarmena da maila pixkanaka hobetzen ari dela; maila handiko arraunlariak ari dira animatzen itsasoko aulki mugikorreko txapelketetara.
Inguruotan nahiko modalitate ezezaguna da, klubetan ez baita gehiegi praktikatzen. Zu nola hasi zinen diziplina horretan?
2015ean ezagutu nuen, Euskal Herrian jokatu ziren Itsas Joko Atlantikoetan. Horietako proba bat zen itsasoko laukoan jokatzea estropada, eta lehen aldiz orduan probatu nuen. Entrenatu gabe jokatu nuen estropada, eta eroso eta gustura sentitu nintzen. Berriz ere 2018an izan nuen modalitate honetan Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera jubenil mailan, eta hortik aurrera, txapelketa gutxi batzuetan parte hartu dut. Denboraldia bukatutakoan, kirola egiten jarraitu nahi nuenez, itsasoko aulki mugikorra praktikatzen nuen. Aurtengo denboraldian egutegiak nahiko bateragarriak izan dira, tostako denboraldia amaitu zenean izan baitziren Espainiako eta munduko txapelketak.
Espainiako Txapelketan hirugarren postuan sailkatu zinen. Ezustean harrapatu al zintuen?
Bai. Hasiera batean ez nuen Espainiako Txapelketa jokatzeko asmorik. Arrebari laguntzera joan nintzen Alacantera [Herrialde Katalanak]; bertan, ezaguna nuen ontzigile batek komentatu zidan itsasoko aulki mugikorreko ontzi prototipo berri bat egin zuela, eta arraunlariren bat behar zuela probatzeko. Ontzi berriarekin txapelketan parte hartuko ote nuen galdetu zidan, eta onartu egin nuen proposamena. Azkenean, hirugarren postuan sailkatu nintzen Espainiako Txapelketan, eta Munduko Txapelketara joateko aukera suertatu zitzaidan.
Zer desberdintasun dituzte ibaian egiten den aulki mugikorrak eta itsasokoak?
Itsasokoa traineruaren eta aulki mugikorraren arteko nahasketa dela esango nuke. Ur geldotan egiten den arraunketa mugikorra oso konstantea da; bi mila metroko estropada izaten da, eta ez da egoten eragiten duen ia ezer. Itsasoan, berriz, olatuak hartu behar izaten dira, haizea neurtu eta haren norabidea kontuan izan, ibilbide onena zein den erabaki... Ezaugarri horiek guztiek desberdina egiten dute modalitatea.
Zu aulki mugikorrean nahiz traineruan trebatutakoa zara. Horiek ezagutzeak eraginik ba al du emaitzetan?
Bai, uste dut inguruko arraunlarioi abantaila ematen digula bi modalitateak ezagutzeak. Arraunketa olinpikoan jarduten direnak bi mila metroko estropadetara ohituta daude, baina itsasoko estropadan sailkapena lau mila metrokoa izaten da eta finala sei mila metroko estropada. Hori dela eta, traineru estropada baten iraupen antzekoa du, eta itsasoan izaten denez, garrantzitsua da itsasoa ulertzea.
Kirolak harrapatzen al du?
Bai. Izan ere, itsasora ateratzen zarenean ez dakizu zer aurkituko duzun, estropada bakoitza desberdina da, eta horrek egiten du berezia.
Munduko Txapelketan hamabosgarren postuan sailkatuta, aurrera begira erronkarik jarri al diozu zeure buruari?
Lehen aldiz Espainiako Txapelketa jokatu nuenetik, beti izan dut arraunketa mota honetan jarduteko eta lehiatzeko gogoa. Hala ere, orain arte horretarako aukerarik ez dut izan traineru denboraldian, lana eta ikasketak uztartu behar izan ditudalako. Aurten bezala, aukera izanez gero, gustatuko litzaidake berriz ere nazioarteko txapelketa batean parte hartzea.