Jon Olasagasti: "Klubak duen historia handi horri jarraipena eman nahi diogu"

Pettan Uraldi / Berria 2023ko aza. 6a, 10:44

Jon Olasagasti Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza berriaren aurkezpenean. (Andrea Zipitria)

Berria egunkariak elkarrizketa egin zion pasa den astean Jon Olasagasti Orio Arraunketa Elkarteko presidente berriari.

Orio Arraunketa Elkartea ez da edozein arraun elkarte. Exijentzia handiko kluba da, beti oso ondo aritzeko presioa duena. Horrexegatik aurkeztu da hautagaitza bakarra aurtengo hauteskundeetan: Jon Olasagastirena (Aia, Gipuzkoa, 1983). Olasagastik, ordea, ez dio beldurrik erronka handi horri, eta Orio maite duten pertsonez inguratu da klub historiko hori ahalik eta hobekien gidatzeko.

Duela bi aste aurkeztu zinen Orio Arraunketa Elkarteko presidente berri moduan. Nola iritsi zara honaino?

Presidente lana baino gehiago, klubeko lana egingo dut. Oriotarra naiz, oso Orio zalea, eta txikitatik dena eman dut bertan. Gauza bat zela edo bestea zela, San Pedron aritu naiz orain arte, eta berriro Oriora bueltatzeko zortea izan dut. Zuzendaritzan bildu garenok klubaren inguruan hausnartzen hasi ginen, eta azkenean hautagaitza ateratzea erabaki genuen. Inork ez zuen presidente izan nahi, baina kanpoko pertsona bat taldean sartzerik ere ez nuen nahi; beraz, nik eman nuen pausoa.

Noiztik dator hautagaitzaren atzeko lan hori?

Denbora dezente da jada. Andoni Campos informazioa biltzen hasi zen bere kabuz, bai Orio barruan, eta baita kanpoan ere. Andoni ere kanpoan aritu da arraunean, eta bazuen beste ikuspegi hori ere. Informazio hori aztertu genuen, eta hitz egiten hasi ginen. Duela bi urte inguru izan zen hori guztia. Ni, orduan, San Pedron nengoen anaiekin, eta Andonirekin harreman zuzena izan nuen. Sanpedron ahalik eta hobekien itxi nahi nuen zikloa, eta lehen mailara igotzea momenturik onena zen hura utzi eta Oriora itzultzeko.

Bertigoa ematen dizu pentsatzeak orain elkarteko buru zarela?

Beti esan dut beldurrik ez zaiola ezeri izan behar, baina errespetua bai. Duela hamar urte, ez nuke pentsatuko hemen izango nintzenik, ezta erotuta ere. Baina denborak aldatu egiten dira, eta pertsonak ere bai. Gauzak ahalik eta hobekien egiteko gure garaia orain zen.

Emaitza onak ateratzen badira, kritika positiboak jasoko ditugu, eta emaitzak txarrak badira, kritikak negatiboak izango dira. Baina gu ez gatoz emaitzak bakarrik begiratzera. Orion hasi nintzenetik, oraindik Jose Luis Korta bertan zela, baten erara edo bestearen erara gauzak asko aldatu dira. Orduan zeuden gauza askoren falta sumatzen dut orain. Klubeko talde nagusiak badakigu zeintzuk diren, baina harrobiak izan beharko luke klubaren ardatza. Jolastera etortzen diren lehen umeetatik hasten da harrobia, eta hor hasi behar zaie benetan Orio zer den erakusten. Kimuetatik gazteetaraino, hor dago lana, baina gazteetatik senior mailara zulo handia dago, eta zulo horretara arraunlari asko erori dira. Gure eginbeharretako bat hori konpontzea izango da. Arraunlariei lagundu egin behar diegu, eta gazteekin lan gehiago egin nahi dugu.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus atarian

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide