GUTUNA

Gezurra esan dezakezue, baina ez gaituzue engainatzen

Euskadiko Angulero Elkartea 2023ko urr. 30a, 13:00

Euskadiko Angulero Elkarteak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Euskadiko Angulero Elkartea E.A.E.k lehen eta azken aldiz erantzungo die Biologian doktorea den Aitziber Sarobe Eguigurenen eta Naturkon elkarte ekologistaren gezurrei, difamazioei eta asmo txarreko adierazpenei.

Aitziber Sarobe Eguiguren Biologiako doktorearen ibilbide profesionalaren datu aipagarrienak honakoak dira: La ordenación del territorio y vida eta La salud de los bosques de Euskal Herria lanetan kolaboratzea, eta Arkamurka Talde Naturistako kide izatea. Badirudi, angularen biziraupenean erreferente eta aditu bilakatzen duela horrek.

Anguleros betiko liturgiarekin jarraitzen dugula esanaz hasten da bere artikulua; horri hemen tradizioa deitzen zaio. Komunikabideetan aditu modura, inolako lotsarik gabe Euskal Telebistako Biba Zuek-eko aurkezleak “naif klasista” modura etiketatzen ditu, honako hau baieztatuz: "Zer eskatuko diegu ba EITBri eta bere aurkezleei, mafia horretarako baldintzak administrazioak berak errazten dituenean". Baieztapen hori egiazkoa bada; hau da, legez kanpoko salerosketa egon dela, eta mafia bat garela frogatzen bada, zergatik ez dute salaketarik aurkeztu? Delitu bat ezagutu eta salatzen ez duenari konplize deitzen zaio, eta frogarik gabe salatzen duenari berriz, difamatzaile. Honekin, beren baieztapenen sinesgarritasuna eta egiazkotasuna erabat galtzen da.

Europako gainerako arrantzaleek, orain arte bezala, berdin-berdin, arrantzatzen dutela kontuan izanik, guretzat Europako gainerako arrantzaleekiko berdintasuna lortzeko aukera dena, Aitziber Sarobe Eguigurenentzat angula arrantzarekin jarraitzeko aitzakia sinple bat besterik ez da. Bestalde, Naturkonek aurkeztutako idazkiari egiten dion erreferentzia dela eta, honako hau zehaztu nahi dugu: 1o Europak, 2022ko abenduan, angularen aisialdiko arrantza soilik debekatzen du. Hau da, Europako arrantza osoaren % 0,01 debekatzen da, arrantzaren % 99,99 mantenduz, hau da, 80.000 kg inguru. Honen aurrean, talde ekologista aktibo horiek ez dute ezer egiten, erabakiarekin gustora daude eta beste alde batera begiratzen dute.

Bide batez, aukera hau baliatu nahi dugu, Aitziber Sarobe Eguiguren Doktorea eta Naturkon angularen inguruan duten ezjakintasun amaigabetik ateratzeko. AZTIko arduradun den Estibaliz Diaz biologoak (Europa mailan angularen inguruan kualifikatuta dagoen pertsona da berau) SER katean adierazi zuen moduan, angularen stocka bakarra da Afrikako iparraldetik Europako iparralderaino, eta arrantza eremu bakar batean ixteak ez du ezertarako balio, angulak edozein arrotara joan baitaitezke korronteen arabera.
Beraz, konponbidea maila globalean hartu behar da. Elkarrizketa horretan bertan adierazten du arazoa ekologikoa baino gehiago politikoa dela. Tartean badira Mutriku Natur Taldeak bideratutako ekimen populisten moduakoak ere. Kasu honetan, udaletxean angularen arrantzarako moratoria bat aurkeztu zen Deba ibaian, baina itsasertzaren alde bakarrean soilik, ibai horren beste ertzean arrantzatzen jarraitzen zen bitartean. Kontrako 9 botorekin eta aldeko bakarrarekin baztertu zen, nola ez. Serioak izan gaitezen mesedez.

Kontseiluaren txosten zientifikoek diotenez, aingira "segurtasun muga biologikoetatik kanpo eta arrisku larrian" dago. Baina esan dezagun EGIA OSOA. Angularen heriotzaren arrazoiak honako hauek dira:

1. Ibaietan dauden egiturazko oztopoak, goranzko eta beheranzko migrazioei eragiten dietenak. Azken inbentarioan, Euskadin 864 presa txiki eta 663 oztopo artificial daude.
2. Ihes pristinoa zenbatestea.
3. Harrapakariak. Zenbat zentsu egin dituzte Naturkonek edo ekologistek?
4. Zentral hidroelektrikoak eta turbinak.
5. Jauzi hidroelektrikoak.
6. Okupazio-eremua. Ibaietatik gertu dauden eraikuntzak.
7. Ugaltzaileak.
8. Birpoblatzea.
9. Arrantza.
10. Parte-hartzea eta dibulgazioa.

Naturkonek bederatzigarren arrazoia bakarrik nabarmentzen du, arrazoi garrantzitsuenak intentzionalitatez alde batera utziz. Honek erakusten digu, angularen problematikaren inguruan dituen ezagutzak mugatuak eta interesatuak direla. Aipatzen dituen txostenak Europako gainerako lekuetan arrantza profesionala ahalbidetzen dute berberak direnez, bere alegazioak ez direla itsu-itsuan egin informazio faltagatik,
ezjakintasunagatik eta argudio teknikoen faltagatik baizik.

3. Beraiengan ohikoa den moduan, lege edo eskubideren bat urratzen dela frogatzen duten argudio sendo, landu eta kontrastatuetan oinarritutako alegazioak egiteko ezintasunaren aurrean, biktimismora eta haserrealdian erortzen dira. Gainerakoek informazio bera izan dugu (dekretua EHAAn argitaratzea), eta horren aurrean egokitzat jo ditugun alegazioak aurkeztu ditugu.


4. Aarhuseko hitzarmena zehatz-mehatz irakurri ondoren, bertan ez da zehazten administrazioak dekretuaren proiektua egiteko oinarritzat hartu dituen datuak eman behar dituenik. Dekretu hori EHAAn argitaratzean, interesatuei aukera eta informazioa ematen zaie egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko. Beraz, Aarhuseko hitzarmena betetzen dela esan daiteke. Gogorarazi nahi dugu, 2023ko otsailaren 23ko osoko bilkuran, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek akordioa lortu zutela, non, Europa osoan bezala,
angularen arrantza arrantza-profesionalera aldatzeko Eusko Jaurlaritzak legez besteko proiektu bat idatz zezan.

Angula populazioaren jarraipenari dagokionez, zitalkeria eta zentzugabekeria iruditzen zaigu arazoa AZTIko langileei diru gehiago eskainiz konpontzen dela esatea. Ez al dute nahikoa gobernu honengandik jasotzen dituzten dirulaguntzekin? Bera ote da AZTIn sartu nahi duena?

Berriz ere, ohikoa den bezala, gezurretan ari zarete eta gizartea engainatzen saiatzen zarete, "Ekologistok ez dugu ezer esateko auzi honetan" argudiatuz. Etengabe joaten zarete komunikabideetara eta ahalik eta zarata gehien ateratzen saiatzen zarete, inolako aportazio interesgarririk gabe. Dena dela, gauza batek harritzen gaitu. Angularen egoerak hainbeste kezkatzen zaituzten arren, ez duzue inolako alegaziorik egin dagokion tokietan angularen habitata babesteko. Hedabideetan kexak zabaltzen galtzen duzue zuen denbora.

Azkenik, zerbaitetan ados gaude: orain gizarteak erabaki behar du, zuek diozuen moduan “jokabide barbaroak lehenetsi (angulak arrantzatzea jatea besteko barbaridadea baita)”, edota demokratikoki aukeratutako Eusko Legebiltzarreko ordezkari guztiek babesa eman dioten dekretu bat onartu, non, Europa osoan bezala, angularen arrantza eta kontserbazioa modu arduratsu eta iraunkorrean burutuko den helburu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide