Gure Altxorrak moda desfilea izango da gaur

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 28a, 09:00

Bigarren urtez jarraian, Gure Altxorrak moda desfilea izango da gaur Orion. Aurten, zazpi sortzaile elkartuko ditu egitasmoak, eta egun osokoa izango da egitaraua. 

Herriko eta inguruetako moda alorreko sortzaileei bultzada emateko helburuarekin, Gure Altxorrak egitasmoak hartuko du gaur Orioko herria.

Bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta bertan zazpi marka izango dira ikusgai. Horietatik bik lehen aldiz hartuko dute parte: Dsenlc (Ane Amas oriotarrarena) eta (Nerea Ruiz oriotarrarena) etxeek, hain zuzen ere. Poltsak eta belarritakoak egiten dituzte, hurrenez hurren. Gainerakoak, berriz, hurrengo hauek izango dira: Soia Bridal eta Lama The Label (Goiuri Unanue oriotarraren markak), Ione Iruretagoiena (izen bereko sortzaile zubietarrarena), Darrk (Markel Velez zarauztarrarena), Ural (Jon Alkain oriotarrarena) eta Indart(U) (Rosa Atorrasagasti oriotarrarena).

Moda desfilea izango da gaurko ekitaldirik garrantzitsuena, baina Gure Altxorrak ez da horretara bakarrik mugatuko, egun osoko egitaraua prestatu baitute. 12:00etan ekingo diote egitarauari, eta goizean zehar umeei eskainitako tailerrak egingo dituzte. Aldi berean, postu ezberdinak izango dira plazan, eta eguerdian geldialdia egin ondoren, haurren desfilea eta moda desfile nagusia izango dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide