Gau Beltza antolatu dute astearte arratsalderako Orion

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urr. 28a, 12:00

Iaz haur askok parte hartu zuten Gau Beltzean. (Onintza Lete Arrieta)

Arimen gaua ospatu izan da tradizioz Euskal Herrian, Santu Guztien Egunaren bezperan. Ohitura zegoen kalabazak edo arbiak barrutik hustu, aurpegi itxura eman eta kandela txiki bat sartzeko.

Iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurtengoan ere urriaren 31rako Gau Beltza antolatu du Txurrumuskik Orioko Herri Ikastolarekin eta Zaragueta Herri Eskolarekin elkarlanean. 17:30ean jarri dute hitzordua Herriko Plazan, eta haur eta gaztetxoak makillatzeko hiru gune jarriko ditu elkarteak. Ondoren, haurrek eta gaztetxoek festarekin bat egin duten establezimenduetan eskean ibiltzeko aukera izango dute. Hain zuzen ere, honako merkatari hauek parte hartu dute Gau Beltzean: The Pass, Zipristin, Izarra, Olatu, Abeslari kaleko Al-Rai supermerkatua, Txinatar bazarra, Carmen arrandegia, Itziar kirolak, Mara, Argiñe, Gozategi, Iparragirre autozerbitzua, Ontza eta Eusko Gudari kaleko Eroski. Segidan, txokolatea banatuko dute bi ikastetxeetako gurasoek eta, dantzaldia izango da plazan.

Askok Gau Beltza kanpoko festa dela uste badute ere, Euskal Herrian ere ospatu izan dela gogoratu du Orioko Udalak. "Tradizioz, arimen gaua izaten zen Santu Guztien Egunaren bezperan. Gurean ere ohitura zegoen kalabazak edo arbiak barrutik hustu, aurpegi itxura eman eta kandela txiki bat sartzeko. Ondoren, bide bazterretan jartzen ziren, bizilagunak beldurtzeko. Erritu horietako asko galtzen joan dira, eta batzuk berreskuratzeko eta berriak sortzeko ahalegina egiten ari dira azken urteotan zenbait herritan". Horregatik, arimen gauarekin bat egitera gonbidatu dituzte herritarrak.

EGITARAUA

17:30. Txurrumuskik haurrak makillatzeko hiru gune jarriko ditu Herriko Plazan.

17:30-19:30. Haurren eskea kalez kale, festarekin bat egin duten establezimenduetan.

18:00. Txokolate-jana, Herriko Plazan.

19:30. Dantzaldia Joxe Mendizabal trikitilariarekin, Herriko Plazan.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide