Txikia kanpotik, handia barrutik

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 24a, 11:00

Juan Mari LarraƱaga 'Txiki' 1998an Oriorekin irabazitako Zarauzko Ikurrinarekin. (Utzitakoa)

Mende laurdena bete da gaur Juan Mari Larrañaga ‘Txiki’ patroi zarauztarra hil zenetik. Izan zena gogoratu dute hura gertutik ezagutzeko aukera izan zuten presidente, prestatzaile eta arraunlariek.

Orioko eta Zarauzko herritarrek ez ezik, Euskal Herri osoko arraunzaleek ongi gogoan dute duela 25 urteko urriaren 24ko zorigaiztoko goizean gertatu zena; izan ere, gaurko egunez hil zen Juan Mari Larrañaga Txiki (1968 - 1998) patroi zarauztarra auto istripuz, etxetik ehun metro eskasera. Altueragatik jarri zioten Txiki ezizena: "55 kilo eskas pisatzen zituen, eta 1,60 metrora ez zen iritsiko, baina zituen ezaugarriak ez sinestekoak ziren", gogoratu du Jon Peñagarikano ZAE Zarautz Arraun Elkarteko arraunlari ohiak eta lagun minak. Haren inguruan aritu ziren guztientzat, ordea, "handia" zen Txiki.

Kirol arloan eskuratu zituen lorpenez eta erakutsi zuen mailaz harago, pertsona gisa oroitzen dute patroia taldekideek: "Adarjotzailea zen oso, eta barrez leherrarazten gintuen. Era berean, bihotz handiko pertsona zen, eta arrastoa utzi zuen haren inguruan ibili ginen guztiongan. Horregatik, zorionekoa sentitzen naiz Txiki ezagutu nuelako", dio Orioko arraunlari ohi eta gaur egun ZAEko prestatzailea den Asier Puertasek. Zarauzko taldekideei ere utzi zien arrastoa patroiak: "Oso ona zen taldea egiten, eta hori funtsezkoa da emaitza onak lortzeko", azpimarratu du Joseba Ostolaza arraunlari ohiak.

Dei madarikatua

Txiki hil zenean Joxe Julian Olasagasti zen Orioko presidentea, eta harekin zuen tratua bestelakoa zen, Olasagasti beraren hitzetan: "Bagenuen harremana, baina ez zen tostakideekin izan zezakeen bezalakoa. Azken finean, presidente gisa beste eginkizun batzuk nituen nik".

Nolanahi ere, Txikik jo izan zion adarra inoiz Olasagastiri ere. Horregatik, 1998ko urriaren 24ko goizean telefonoak jo zionean, Txiki zela pentsatu zuen presidente ohiak: "Txiki hil zen egunean ardozalea zen babesle batekin Errioxako upategi batera joatekoak ginen taldean, eta egun batzuk lehenago deitu nion abisatzeko. Esan zidan ezinezkoa zitzaiola lagunek omenaldi bat egin behar ziotelako ez dakit zein herritan eta hara joan behar zuela nahitaez. Nik erantzun nion nire emaztearen urtebetetzea ere bazela, baina taldearekin joatekoa nintzela eta ahalegin bera egiteko eskatu nion. Ez nuen etortzeko konbentzitu, baina esan zidan etxera arrosa sorta bat bidaliko zuela emaztearentzat eta 07:00etan hots egingo zidala zorionak emateko. Horregatik, etxeko telefonoa hartzeko jaiki nintzenean ez nuen uste beste inor izan zitekeenik".

Telefonoaren beste aldean, ordea, Zarauzko udaltzaina zegoen, aurrez Orion arraunean aritutakoa, gainera. "Ezer jakinarazi aurretik bere burua aurkeztu zuenean, esan nion adarrik ez jotzeko eta Txikirekin jartzeko, banekielako txantxaren bat egin nahian zebilela. Halako batean, konturatu nintzen ez zela ari txantxetan, eta ez dakit zenbat denboran geratu nintzen telefonoarekin eskuan ezin erreakzionatuta. Gainerakoei abisua ematea zegokidan, eta plazan elkartu ginenean berri hura eman beharra... oso gogorra izan zen", oroitu du Olasagastik hunkituta.

Puertasek ere ongi gogoan du goiz hura: "Oso markatuta dut. Artean Aizarnazabalgo paper fabrikan egiten nuen lan, eta gaueko erreleboa amaituta, etxera heldu eta pare bat ordu lo egitekoa nintzen, 09:00etan jarri genuelako hitzordua. 06:30ean sartu nintzen ohera, eta ordubetera etorri zitzaidan aita esnatzeko eta albistea emateko. Shockean geratu nintzen. Oraindik oilo ipurdia jartzen zait momentu hura oroitzearekin bakarrik".

Txiki hil ostean, hainbat omenaldi antolatu zituzten hura oroitzeko. "Orioko udaletxean ekitaldia egin genuen, eta Zarauzko ordezkari politikoak ere bertaratu ziren. Horrez gain, sanikolasetan estropada jokatu genuen haren omenez, gizonen trainerua bi taldetan banatuta, eta traineru bati haren izena ere eman genion", azaldu du presidente ohiak. Gaur egun ere existitzen da ontzi hori, eta uretaratzen duten bakoitzean eramaten du patroi zarauztarraren izena. Hain justu, emakumeen taldea da Txiki ontziarekin arraun egiten duena.

Zarauztik Oriorako jauzia

Txikik bere kirol ibilbideko emaitza esanguratsuenak Orion lortu zituen arren, Zarautzen eman zituen lehenengo aginduak lemazain gisa. Are gehiago, ZAEk bere historian irabazitako lehenengo banderak astindu zituena izan zen. 1985ean egin zuen hori: "Kluba sortu berria zen, eta oraindik ez zuen trainerurik. Horregatik, Gipuzkoako batel txapelketako lau kategoriatan parte hartu zuen Txikik; infantil, kadete, jubenil eta senior mailetan. Hirutan irabazi zituzten banderak, eta laugarrengoan, berriz, bigarren postuan sailkatu ziren. Ikaragarria izan zen!", zehaztu du Gaizka Garmendia ZAEko batzordekideak.

1992an mugitu zen Txiki Zarauztik Oriora, Jose Luis Kortaren eskutik. "Lorategian nengoen txakurrari jaten ematen, eta garai hartan klubeko presidentea zen Iñaki Sarasua etorri zitzaidan mutil txiki batekin. Oso ongi oroitzen dut momentua, deigarria zelako irudia: gizon sendoa, alde batetik, eta alboan mutil txiki-txikia. Ez nekien nor zen, baina esan zidan gurekin etorri nahi zuela patroi Zarautz Kontxara sailkatu ondoren, Lujanbio aitari –Jose Angel– deitu ziotelako bandera lehiatzeko. Ez nion inolako eragozpenik jarri, guk ez genuelako mugimendurik egin beste patroirik ekartzeko eta ondo zetorkigulako. Patroi harrigarria zen, eta are pertsona hobea. Guztian zen onena. Pasatu zena pasatu zenean, ni jada ez nengoen Orion, baina galera handia sentitu nuen. 25 urte pasatu dira, eta atzo izan zela iruditzen zait", gogoratu du arraun prestatzaile ezagunak.

Kortak Orio zuzendu zuen bitartean, biak izan ziren patroiak. Horregatik, 1998ra arte Txiki "Kortaren itzalean" aritu zela dio Olasagastik: "Ordurako hasia zen Txikiren izena zabaltzen, 1996ko eta 1997ko Kontxako banderak hark gidatuta irabazi genituen, baina Korta ere bazegoen. Hura 1998an Castrora [Espainia] joandakoan, bakarrik geratu zen Txiki, eta orduan eman zituen bere onenak. Denboraldiko estropada guztiak irabazi genituen, eta harrigarria zen trainerua gobernatzeko zuen gaitasuna".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide