Ostiral honetatik aurrera erabilgarri egongo da skate-parke berria, Orioko Udalak azaldu duenez. Javier Labad arkitekto bizkaitarrak egin du diseinua. Uztailean hasi zituzten lanak, eta urrira arte luzatu dira. Lehen fasean skate-park zaharraren zati bat berritu zen, eta horrez gain, eremu berri bat sortu, street edo kaleko modalitatean aritzen direnentzat. Bigarren fasean, aldiz, bowl bat eraiki dute, katilu itxurako skate-pista bat.
Proiektua herriko erabiltzaileen eskaerei erantzunez osatu da, eta berritze-lanen helburua izan da erabiltzaile guztiei zuzendutako gune bat sortzea.
Irekiera-festa
Ostiraletik aurrera erabilgarri izango den arren, irekiera-festa azaroaren 4an egingo dute. Udaletik programa berezi bat prestatzen ari dira egun horretarako. Hurrengo egunetan emango dituzte xehetasun gehiago, baina aurreratu dutenez, herritar guztiei zabaldutako hitzordua izango da, eta instalazio berria ezagutzeko eta probatzeko aukera eskainiko dute erabiltzaileen laguntzarekin.