Datorren larunbatean, hilak 21, 115 urte beteko dira Jorge Oteiza artista oriotarra jaio zela. Hori dela eta, ospakizun gisa, Egues Ibarreko erraldoien konpartsarekin aterako dira egun horretan Pello eta Nikolasa.
Hendaia plazan egin dute hitzordua, 18:00etan. Pello eta Nikolasa erraldoiek egingo diete harrera Jorge Oteizari, Pepita Uriz irakasleari eta Peio eta Irati dantzariei. Argazkia atera eta Herriko Plazara abiatuko dira, eta bertan egingo dute bigarren geldialdia, Oteizak Victor Enbili osaba pilotariari egindako harrizko bustoaren parean. Ondoren, gaiteroen musikak lagunduta, Eusko Gudari kaletik barrena joan eta Arrantzale kaletik itzuliko dira erraldoiak. Elizako zimitorioaren azpian dagoen Pietatearen egurrezko erreplikan egingo dute azken geldialdia.