Begi Bistanek Behoria Garbia ekimena antolatu du urriaren 21erako, eta atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Arraunetxen; bertan izan ziren Anuska Esnal Orioko alkatea, Olatz Santamaria alkateordea eta Lourdes Salsamendi zinegotzia, baita Naiara Malave Begi Bistanen kudeatzailea eta Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatua.
Ekimenak eko-turismo jasangarria izango du ardatz, eta Oria ibaiaren jaitsiera izango da eguneko jarduera nagusia. Bi modalitatetan egin ahalko da ibilbidea: kayakean eta arraun-surfean. Kayakean hiru txanda egingo dituzte, eta Usurbilgo Txokoalde auzoan hasita ibaian eta ertzetan aurkitzen duten zaborra jasoko dute parte hartzaileek. Hiruzpalau orduko iraupena izango du, eta izen-ematea zabalik dago, 12 euroan. Egunaren bukaeran, sari-banaketa ekitaldia egingo dute, eta goizeko irteeretan hondakin gehien jaso dituzten kayakak sarituko dituzte, hainbat kategoriatan banatuta.
Arraun-surfari dagokionez, Arraun Pote Zero Waste izena jarri diote jarduerari, eta kuadrillan egiteko alternatiba gisa proposatu dute antolatzaileek. Arraunetxen hasiko dira eta ordutebeteko irteera izango da. Hiru txanda aurreikusi dituzte, eta horietan lehena jarduera inklusiboa izango dela nabarmendu dute. Izen-ematea zabalik dago, 12 euroan.
Izena eman nahi dutenek Begi Bistanen atari digitalean izango dute horretarako aukera.
Bisita gidatuak
Kirol jarduerez gain, Orio herria eta arraunaren historia ezagutzeko bisita-gidatuak ere egingo dituzte egun horretan. Alde batetik, Izan ginelako gara bisita gidatua antolatu dute; turismo-bulegotik abiatuko da, 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Eta bestetik, Arraunaren historia bisita egingo dute Arraunetxetik abiatuta: 16:00etan euskaraz eta 17:00etan gaztelaniaz.
Bisitak doakoak izango dira, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea Begi Bistanen atarian.
Tailerrak, erakusketak eta hitzaldiak
Egunean zehar, bi tailer labur, erakusketa eta hitzaldiak ere eskainiko dituzte. Guztiak doakoak izango dira. Hona hemen egitaraua
- Egun osoan zehar Surfing for Science erakusketa
- 12:30. Surfing for Science proiektuaren aurkezpena eta hitzaldia elebitan.
- 16:30. Eko tailerrak plastikoen arazoaz kontzientziatzeko. Euskaraz
- 17:00. Eko tailerrak plastikoen arazoaz kontzientziatzeko. Gazteleraz.
- 17:00. Murala goizean itsasadarrean bildutako hondakinekin Errixo Garbia izenburupean.
- 18:30. Pentsatzen dut, beraz, jarduten dut: mundua eraldatzen duten tokiko ekintzak hitzaldi-solasaldia mahai-inguru formatuan, "plastikoak sortzen duen arazo larriaren inguruan kontzientzia eragiteko".