Sabai digitala gainditzeko urratsak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urr. 12a, 11:13

Ahalduntze Digitala ikastaroa egiten ari dira astearteetan Saregile Emakumeon Etxean. (Saregile)

Saregile Emakumeon Etxeak antolatuta, Ahalduntze Digitala ikastaroa abiatu dute Orion emakumeei zuzenduta. Hala, urrian zehar bi orduko bost saio egingo dituzte.

Orioko emakume talde bat sakelako telefonoarekin trebatzen ari da pasa den astetik, eta Saregile Emakumeon Etxeko dinamizatzaile Miriam Garciak azaldu duenez, "erantzun ona" izan du egitasmoak. Orioko Ahalduntze Eskolaren ibilbidea hasi berria zenean, 2019an, abiatu zuten lehen aldiz ikastaroa, eta orain emakumeen etxearen lehen hiruhilekoan berriz antolatzea erabaki dute. "Izan ere, iruditzen zaigu emakume askok teknologia berriekin moldatzeko zailtasunak izaten dituztela, batzuek etxean lan egin izan dutelako, eta beste batzuek beren lanbideetan ez dutelako sentitu arlo horretan eguneratuta egoteko beharrik. Teknologia oso azkar eraldatzen ari da; gaur egun ia denok dugu smartphonea, eta erakundeetako izapide asko ere telematikoki egin behar izaten dira".

Arlo horretan gizartean "arrakala" dagoela identifikatu dute adituek. "Batez ere adinarekin erlazionatzen dute, baina guk uste dugu generoarekin ere baduela zerikusia. Lehen aurrez aurrekoak ziren zerbitzu asko orain telematikoak bihurtu dira, eta emakume askok ez dituzte horiek beren kabuz egin ahal izateko baliabideak. Ez gara baliabide materialez ari, lehen esan bezala, ia denok dugulako Interneta duen sakelako telefono bat eskura; hori erabili ahal izateko jakintzaz edo ezagutzaz ari gara". Gainera, gizartearen zati handi bat gailu teknologiko horiek egunero erabiltzera eta lan egitera ohituta dagoenez, Garciak uste du ez dela erreparatzen ez dakienak zer-nolako zailtasunak izaten dituen egunerokoan.

Teknologia berrienganako beldurra gainditu eta oinarrizko urratsak ikasteko asmoz bildu dira, hain zuzen ere, 45 urtez gorako emakumeak ikastaroan; belaunaldi desberdinetakoak dira, eta elkarrekin teknologia berrien munduan murgiltzen ari dira pixkanaka. Garcia eta Leire Iturralde oriotarrak ari dira ikastaroa gidatzen, eta saiatu dira parte hartzaileen beharretara egokitzen. "Gure helburua da ikastaro praktikoa izatea, emakumeen beharrak asetzeko. Horregatik, ez dugu programa itxi bat aurkeztu. Parte hartzaileek ezagutza maila desberdina dutenez, ikastaroaren lehen saioan galdetu genien zer lortu nahi zuten. Bakoitzak bere asmoak azaldu zizkigun, eta horren arabera antolatu ditugu taldeak eta saioak. Izan ere, batzuek badituzte oinarrizko ezagutzak eta badakite telefonoa erabiltzen, baina beste batzuek telefonoa ulertzen hasi nahi dute". Hala, lehenik eta behin, gailuan saltseatzen hasi dira, "ulertzeko eta beldurra kentzeko". Horrez gain, telefonoaren barne antolaketa eta  erosketak Internet bidez egiteko ematen dituen aukerak ezagutzeko nahia azaldu dute parte hartzaileek.

"Beldurra kenduz"

Idoia Arruti da Ahalduntze Digitala ikastaroko parte hartzaileetako bat. "Arlo digitalarekin ez naiz moldatzen eta ez dut gustuko, eta gaur egun esparru horretan analfabetoa sentitzen naiz. Etxean baditut gai horietan oso trebeak direnak, eta orain arte laguntzeko eskatu izan diet beti, baina azkenaldian sentitzen dut beraiek ere nekatu egin direla". Horregatik, emakumeen etxeko ikastaroaren berri izan zuenean, "gai horretan autonomia hartzeko aukera aproposa" izan zitekeela pentsatu zuen Arrutik.

Oriotarrak uste du azken urteetan "asko aurreratu" dela digitalizazioan eta egoera horrek "galduta" sentiarazten dituela teknologia berriekin trebeak ez diren pertsona asko. "Niri aurrez aurreko harremana gustatzen zait, baina hori galtzen ari da pixkanaka. Lehen bi aukera eskaintzen zituzten, baina azkenaldian gauzak telematikoki egiteko joera areagotu da, eta moldatzea beste erremediorik ez dugu".

Ikastaroak "beldurra kentzeko" balio duela sentitzen du Arrutik. "Askok esan izan didate  probak eginez ikasten dela smartphonea erabiltzen, baina niri errespetua ematen dit. Ikastaroan, berriz, kuadrillan sakelako telefonoarekin saltseatzen jarduten gara, eta ez daukat okerreko botoia zapaltzeko beldur hori, oso lasai eta eroso gaudelako". Gainera, belaunaldi desberdinetako emakumeak biltzea "oso aberasgarria" dela uste du. "Errealitate desberdinak bizi ditugu, baina elkar ulertzen gara. Niri kostatzen bazait, ulertzen dut nola sentitzen diren adineko pertsonak. Taldean parte hartzen ari den adineko emakume batek, esaterako, kontatu zuen Argentinan bizi zuela ahizpa eta harekin bideo deiak egitea gustatuko litzaiokeela. Ikastaroan bideo deiak egiten ikastea lortzen badu, sekulakoa izango da emakume horrentzat urrun bizi duen ahizpa ikusi ahal izatea".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide