San Nikolas jaietako omenduak proposatzeko epea zabaldu du festa batzordeak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko urr. 9a, 15:00

Maria Kristina Atorrasagasti omendu zuten 2022ko San Nikolas Jaietan, 50 urtez herriko odol emaileen taldeko arduraduna izateagatik. (Aiora Larrañaga)

Hautagaiek bi irizpide bete behar dituzte: batetik, oriotarrak izatea edo herriarekin harreman zuzena izatea, eta bestetik, gizarte, kultura edo kirol arloan lan egitea.

Hasi dira San Nikolas jaiak antolatzeko lehen urratsak ematen Orion. Pasa den astean, esaterako, San Nikolas festetako programa lantzeko bildu zen bigarren aldiz festa batzordea, eta udalak jakinarazi du omendutako norbanako edo elkartea aukeratzeko deialdi irekia egitea adostu dutela. Hala, proposamenak egiteko epea urriaren 18ra arte egongo da irekita, eta herritarrek kultura@orio.eus helbidera idatzi dezakete horretarako. Mezuan honako informazioa zehaztu beharko dute herritarrek: proposatutako hautagaiaren izen-abizenak edo elkartearen izena, eta omendua izateko arrazoiak. Festa batzordeak proposamen guztiak aztertuko ditu, eta horien artean, aurtengo omendua nor izango den erabakiko du.

Udalak gogoratu du omendua izateko bi irizpide bete beharko dituztela hautagaiek: batetik, oriotarra izatea edo herriarekin harreman zuzena izatea, eta bestetik, gizarte, kultura edo kirol arloan lan egitea.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide