Herriko hitzak eta esamoldeak jasotzeko beka deialdia zabaldu du udalak

Juan Luis Romatet 2023ko urr. 7a, 17:00

Orioko hitzak eta esamoldeak bildu eta jasotzea izango da bekadunaren egitekoa.

Orion erabili eta entzuten diren hitzak eta esamoldeak jaso nahi ditu udalak, etorkizuneko belaunaldiei ezagutzera eman ahal izateko. Horretarako, beka deialdia zabaldu du Orioko Udalak.

Herri denetan gertatzen den bezala, Orion ere badituzte propioak diren hitz eta esamoldeak. Horiek jasotzeko asmoz eta "belaunaldi berriek horien berri jakitea eta normaltasunez erabiltzea bultzatzeko", beka deialdia zabaldu du Orioko Udalak. Guztira 3.000 bideratuko ditu lanketa hori ahal izateko.

Orioko hitzak eta esamoldeak bildu eta jasotzea izango da bekadunaren egitekoa. Ondoren, bilduma hori ondo antolatutako euskarri digitalean entregatu beharko du. Udalak azaldu duenez, zabaltzeko modukoak diren hitz eta esamoldeak aukeratzeko kontuan hartu beharko dira hitzaren edo esamoldearen indar espresiboa, gazte-hizkerarako izan dezakeen erabilera, zabal hedatzeko modukoa izatea… Beka jasotzen duenak aukeratutako ale horien zabalpenerako euskarriak diseinatu eta sortu beharko ditu, eta horien hedapenean lagundu. Eta amaitutakoan, egindako lanari buruzko memoria aurkeztuko dio Udalari.

Deialdi hau bereziki gazteei zuzenduta dago. Hala, 18 eta 35 urte bitartean izan beharko dituzte deialdian parte hartu ahal izateko. Ez dute nahitaez Orion erroldatuta egon behar, baina hori baloratu egingo da. Bakarka zein taldeka aurkezteko aukera dago. Deialdia dagoeneko zabaldu du Orioko Udalak eta interesdunek azaroaren 6ra arte izango dute aurkezteko epea. Hemen aurki daitezke deialdiko oinarriak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide