Aiako Laurgain auzoan hainbat mantenu eta konponketa-lan egin ditu udalak, "auzoak zituen beharrak aztertu ondoren", azaldu du Jon Ander Azpiroz alkateak. Horrela, euri-urak bideratzeko lanak egin ditu udalak; zoladura ere konpondu du. Elkartean hainbat lan egin dituzte: leiho eta ate berriak jarri dituzte, eta bertan zeuden hezetasun arazoei konponbidea eman diete.
Bestalde, argi-energia kontsumoa murrizteko eta argiteria hobetzeko, auzoko argiztapena LED teknologiara aldatu da. Hartutako neurrien bidez, "energia kontsumo baxuagoa izango dugu, eta aldi berean, kalitate handiagoko argiak, iraupen luzeagoa dutenak eta mantentze kostua ere baxuagoa dutenak". Honekin guztiarekin, "ingurumena zaintzen jarraitzea da asmoa, Aia berdeago eta iraunkorrago baten alde".
Argazkiak: Jon Ander Azpiroz