Nadeth Agirre: "Nire izateko moduagatik iritsi naiz jende askorengana"

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 14a, 10:15

Nadeth Agirre Mutiozabal ontziolaren atarian, herria atzean duela. (Arnaitz Rubio Aprea)

Nadeth Agirrek Kontxako Banderako bigarren jardunaldian iragarri zuen arrauna utziko zuela, zale askoren sorpresarako. Karkarak elkarrizketa egin dio Agirreri urriko aldizkarian eta orain irakurgai dago sarean.

Erabakiak hartzea konplexua izaten da. Haizea aldeko nahiz kontrako, olatuak etsai ala lagun, korronteak autobide edo sastraka. Zenbat aldiz eta ze denbora tarte txikian marraztuko ote zuen Nadeth Agirrek (Orio, 1993) bere buruan ziaboga arteko lerroa, baita poparean egin beharreko itzulekoa ere, artean estatxari gogor eusten zion bitartean. Berriki hartu duen erabakia, ordea, ez da bat-bateko kontua izan, nahiz eta Kontxako Banderako bigarren jardunaldian iragarri zuen, zale askoren sorpresarako. Bazeraman denboralditxo bat arrauna uzteko aukera kontuan hartuta zuela, eta nonbait, gainera, Orio Arraunketa Elkarteko batzordekideak eta bere gertukoak jakinaren gainean ere bazeuden. Belaunaldi aldaketa, urte gogorra, motibazio falta... Malkoak ihesten zaizkio herri honetako arraunaren historiak eman duen patroi onenetako bati. Ikur eta erreferente izan da, eta izango da. Buruak hartutako erabakia egokia dela esaten dio behin eta berriz, baina bihotza kontrara matxinatzen zaio. Hunkituta dago, erabat hunkituta. 

Agur hitza zein laburra den, eta zeinen zaila esateko.

Beno, nik agur esan dut, baina lasai esan dut. Pentsatu izan dut arrauna uztea beste urteren batean, baina agian zerbait falta zitzaidan. Hori pentsatu izan dudanetan oraindik lorpen handirik ez neukan. Beraz, nola utziko nuen, bada, horrenbeste urte hemen eman ondoren, Kontxa irabazi gabe eta trainerua uretara ateratzeko egiten genuen esfortzua kontuan izanda? Horrek ematen zidan pena. Baina, jada hiru bandera baditut. Bestalde, aurten urtea gogorra egin zait, eta ez hori bakarrik, traineruko beteranoena neu nintzen. Konturatzen nintzen jende gaztea zegoela eta, beharbada, aldaketa batek egon behar zuela. Azkenean, horrek guztiak eraman nau erabakia hartzera. Alegia, nik neurea egin dut, lasai eta asetuta sentitzen naiz, eta iruditzen zait erretiroa hartzeko unea iritsi dela. Jakina, gogorra egiten da. Zaila da arraunean ez duzula jarraituko esatea eta zure bizimodua aldatzea, baina erabakia hartuta dago.

Kontxako bigarren igandean eman zenion zure erabakiaren berri arraun munduari. Hori da hori ezustea, ezta?

Ez zegoen nire planetan, egia esan. Ez nekien zein zen erabakiaren berri emateko momenturik onena. Klubeko jendeak bazekien, bai batzordekideek, bai entrenatzaileak nahiz prestatzaileak, baita nire ingurukoek ere, eta galdetzen zidan jendeari ere kontatzen nion, inolako erreparorik gabe. Baina talde osoari nola esan ez neukan pentsatuta. Kontxako estropadan ETBko kazetariak komentatu zidan ea nire jarraipenari buruz galdetzerik bazuen, eta baietz erantzun nion. Hortik sortu zen guztia. Ez dakit une eta toki egokiena zen, baina hala suertatu zen.
Taldekideei ere ez nien lehenago esan nahi izan, ez behintzat Kontxako estropada jokatu baino lehen. Azkenean, oso motibatuta zaude estropada horretarako, eta horrelako albiste batek desorekatu egin zaitzake. Beraz, amaieran kontatu nien. Dena dela, jakin bazekiten antza, elkarrekin bazkaltzera joan ginenean niretzako bertso sorta bat prestatuta baitzeukaten agur modura.

Denboraldi hasieratik argi zeneukan azkena izango zela, ala estropadaz estropada joan zara pixkanaka erabakia hartzen?

Denboraldiari gustura ekin nion, baina egia da gero aldapan gora egin zitzaidala, apur bat gogorra. Negua ez da samurra izan, eta uda hasieran, denboraldia hastear zela, jada nire zalantzak nituen; baina estropadak jokatzen joan ahala, gero eta gehiago konbentzitu naiz aurtengoa zela azkena. Beraz, agur bat esan nahi izan diot, baina marruka.

Ez da gauza bera Aliron batekin zaleen aurrean agurtzea, edo denboraldi apal bat eginda joatea. Arantza hori geratu al zaizu?

Errezibimendu bakoitzean zera esaten nien neskei, eta nik neuk ere hala sentitzen nuen: "Hau gozatu behar dugu azkena izango balitz bezala". Lortu genuen azken bandera Galiziakoa izan zen, eta orduko errezibimenduaren eta gainerako guztien oroimen oso polita daukat. Esaten nien: "Banderarekin herrira iritsi eta dantza egingo dugu, Aupa Orio! oihukatuko dugu eta abar egingo dugu"; betiere, lortuko genukeen azken garaipena izango balitz bezala. Zentzu horretan, lasai nago, baina jakina gustatuko litzaidakeela Kontxa irabazi eta Aliron batekin biribiltzea nire ibilbidea. Baina, esan bezala, titulu aldetik nire lorpenak baditut, eta, beraz, horrek beste lasaitasun bat ematen dit.

Hamazazpi urte arraunari lotuta. Betidanik eduki al duzu arraunerako grina? Txikitatik izan nahi al zenuen arraunlari?

Egia esan, ez. Ni kasualitatez hasi nintzen arraunean. Nolabait ere, inertziak eta sortzen den laguntasun horrek bultzatu ninduen jarraitzera. Ez nuke esango hasieratik gustatzen zitzaidanik arrauneko dinamika, baina gero horrek lotzen zaitu pixka bat; hau da, zure bizitzaren planteamendua arraun denboraldiarekin uztartzera eramaten zaitu. Nik uste dut horrela egituratu dudala nire bizitza, eta dinamika horrekin gustura aritu naizela, horrek zekarren guztiarekin: entrenamenduak, alegia. Egun naizena arraunak eman didanetik sortu da, balio asko irakatsi dizkidalako: talde lana, jendea ezagutzeko aukera, norbere exijentzia maila eta abar.

"Ume bezala hasi nintzen eta heldutasunera iritsi naiz arraunarekin"

Emakumeen trainerurik ez zegoen eta hutsetik abiatu zenuten, horrek zekarren ilusio, baina lan guztiarekin. Zer oroitzapen dituzu hastapen haien inguruan?

Hasiera hura gure ekimenez sortu zen. Garai hartan, Getaria-Zumaia hasi ziren trainerua ateratzen, eta gu aldi hartan jubenilak ginen, baina bageneukan ontzia osatzeko ilusio hori. Orio bezalako herri batean emakumeen trainerua osatu beharra ikusten genuen. Lehenago edo geroago iritsiko zela igartzen genuen. Beraz, gure aldetik sortu zen ekimena eta klubeko batzordeari proposatu genion ideia. Ondoren, elkarteak berak gorpuztu zuen proiektua, eta aurretik aritutako emakumeei dei egin zieten, nolabait trainerua osatzeko. Batzuk gurasoak ziren, eta gu, berriz, oso gazteak, beste ikuspegi batekin, gaztetako txoro haizearekin. Haiek beste heldutasun maila bat zuten, eta modu horretara, ekin genion taldeari eta lan dinamikari. Beraiengatik izan ez balitz, hau ez zen posible izango, eta, gehienbat, urte hauetan guztietan egon den jendeagatik. Arraunlari asko ibili da eta utzi du; jende askok ikasi du arraunean, batzuk hutsetik eta beste batzuek aspaldi landutako oinarri batetik. Gisa horretan ekin genion abentura honi, eta nik neure burua ikusten nuen helduei agintzen zien ume bat bezala. Nik ere hasieran ez nekien patroi lana egiten traineruan, ikasi egin behar nuen, eta haiei ere akatsak zuzendu behar nizkien, baina era berean, harreman ona eduki behar nuen. Izan ere, helduen eta gazteen arteko zubi-lana nik egiten nuen. Ondorioz, gaur egun sekulako harremana dugu, eta elkartzen gara askotan.

Harrezkero, bizitza erdia baino gehiago pasatu duzu arraunari lotuta. Nola baloratuko zenuke oraintsu amaitu duzun estropada?

Ume bezala hasi nintzen, eta heldutasunera iritsi naiz arraunarekin. Orain taldean dauden gazteen ondoan ni neu naiz beterano hori, eta haien ilusioan islatuta ikusten naiz, baina oso ezberdina da. Gu sasoi horretan trainerua sortzeko bidean ari ginen, eta beraiek iritsi dira sortuta zegoen talde batera. Ibilbidea gorabeheratsua izan da. Azkenean, gizonezkoek hainbesteko indarra duten klub batean, zaila izan da bidea. Beti mutilei eman zaie garrantzia, eta gu bigarren plano batean eduki gaituzte. Apurka-apurka, ordea, baloratuak sentitu gara, eta emaitzak lortu ditugu, eta horrek ekarri du ikuspegi aldaketa bat, gehienbat jende helduaren aldetik. Gazteak ohituago daude, baina helduek hasieran ez zuten askorik sinesten gugan. "Hauek zer egingo dinate ba!", "Zertarako aterako diten trainerua?" eta halakoak esaten zituzten. Orain egundoko ilusioz jarraitzen dute etxeko emakumeen trainerua.

"Ume bezala hasi nintzen eta heldutasunera iritsi naiz arraunarekin"

Begiratu besterik ez dago zenbat lorpen erdietsi dituzuen. Hala ere, zure kasuan, nabarmentzekoa da hiruna Kontxa eta Liga dituzula. Azken hiruzpalau urteetan lortutakoak, gainera.

Emakumeen traineruan, gizonenarekin alderatuta, oinarriari dagokionez, jende kopuruan dago ezberdintasun handiena. Gizonezkoek A eta B taldeak dituzte, eta emakumeetan oraindik ez dago oinarri hori. Orain ari da aldaketa hori ematen eta jendea arraunera lotzen. Gu hasi ginenean ez geneukan erreferenterik Orion. Gure erreferenteak mutilak ziren: Kontxara joaten ginenean eta haiek irabazten zutenean, noizbait guk ere irabaziko ote genuen galdetzen genion geure buruari, eta orduan kadeteak ginen. Nik uste dut aldaketa handia eman dela ordutik hona. 
Kontxa eta Liga estreinakoz irabazi genituenean ez ginen agian gehiegi ohartu lortutako balentriaz, baina atzera begira jarrrita, konturatzen zara bidea luzea izan zela. Hamar urte behar izan genituen zerbait lortzeko. Ondoren, urte politak izan ditugu, eta uste dut Orio gora ekarri dugula. Azken urteetan hor goian mantentzen ari gara, eta hori da taldearen helburua, nahiz eta aurten zaila izan den, gainerako klubak ere maila ona ematen ari direlako.

Erreferenteak aipatu dituzu. Ez dago zalantzarik, zu zeu ikur bat bazarela!

Nik zera komentatzen nuen lehenbizikoz Kontxa irabazitakoan: "Orain ez gara konturatzen zer lortu dugun, baina hemendik urte batzuetara ohartuko gara egindakoaz". Esan dezakegu, kalera begira, erreferente bat naizela, nire izena sarri entzuten delako, baina ez da ahaztu behar taldean ere jendea dagoela garaipen horiek lortzeko lana egin duena eta berdin-berdin baloratu behar dena. Egia da, baita ere, hamalau urtez jarraian aritu naizela traineruan, hasiera-hasieratik, sortu zenetik, eta horrek ere eragina daukala.

Zer garrantzitsua den emakumezkoen kirolean erreferenteak izatea. Nolabait esateko, zuk zeuk eta zurekin batera erretiratu berri den Eli Pescador bezalako jendeak zenbat ate ireki dizkiezuen ondorengo belaunaldiei, ezta?

Bai, hala da. Garai hartan, mutilak ziren gure erreferenteak, eta gure ondorengoentzat, bada, gu geu izango gara. Segur aski arraunean dabiltzan gaztetxo askoren helburua izango da trainerura iristea. Alegia, arranplatik ikusi dituzten bandera horiek edo Alironetan ospatu dituzten une horiek bizi nahiko dituzte, zeren oriotarrentzat edota arraunlari batentzat kristorena da horrenbeste hilabetez lanean aritu ondoren sari hori izatea. Batik bat, udako lan hori nonbait islatuta ikustea.

Zeuk nola ikasi zenuen patroigintza?

Urteen poderioz ikasi dudala esango nuke. Ez diot ikasteari utzi, ezta azken urte honetan ere. Entrenamenduetan joaten zara zailtzen, entrenatzaile bakoitzak zuzentzen dizu zerbait, eta urtez urte zuk zeuk ere zeure burua neurtzen duzu, konfiantza gehiago hartuz. Segurtasun gehiago hartzen duzu zure postuan, eta horrek ere beste lasaitasun bat ematen die arraunlariei. Gauza asko ikasi ditut, baina oraindik ere ziur gehiago ikas nitzakeela.

"Ni joango naiz, beste bat etorriko da eta segituan aldatuko da ikuspegia"

Berezkoa izan behar du patroiak, ala norbaitek eman dizkizu ezinbesteko lezioak?

Nik uste dut berezkoa ere izan behar duela batek patroi izateko. Uretara ateratzen zarenean, hasiera batean, gehiago izaten da bista kontua; hau da, arraunlariei postura aldetik zuzendu beharreko konturen bat edo beste. Hala ere, patroiak berezko lotsagabe puntu hori eduki behar du, baita ikasteko eta entzuteko gogoa ere. Patroi batzuk aritu dira, baina ez dute eman eskatzen den maila. Nik, horrenbeste urtez aritu ondoren, neure buruarengan konfiantza handia lortu dudala uste dut. Uretara irteten ginenean, argi neukan norbaitek kendu behar baldin baninduen nire postutik ez niola erraz utziko.

Baina nork agintzen du gehiago, entrenatzaileak ala patroiak?

Biek. Uste dut garrantzitsua dela harreman ona izatea entrenatzailearen eta patroiaren artean, eta elkarren artean benetako konfiantza izatea. Izan ere, uretan gauden momentuan hark gauza asko ikusten dituen bezala, nik ere gauza asko ikusten ditut. Berak fuerabordatik ikusten ditu, eta nik traineru barrutik, bai entrenamenduetan, bai estropadetan. Entrenatzaile ezberdinak izan ditut, eta une askotan utzi didate ni neu izaten; agintzen nire modura, baina betiere, bion ikuspuntuarekin eta elkarlanean, trainerua ahalik eta ondoen joan dadin. Hala eta guztiz ere, esan dezakegu asko agindu dudala, entrenatzailearen gainetik asko jarri naizela, baina onartu egin dit.

Oso arraroa izango da estropada asteburua iritsi eta Nadeth traineru gainean aginduak ematen ez ikustea.

Niri ere arraroa egingo zait. Nire ibilbidearen amaierak iritsi behar zuen: ni joango naiz, beste bat etorriko da, eta segituan aldatuko da ikuspegia. Jendea berehala ohituko da patroi berrira. Egia da ni neu aritu naizela urte askoan eta nire izateko moduagatik jende askorengana iritsi naizela. Espero dut hurrengoak ere bide bera urratzea. Ni, behintzat, moilaren bestaldean egongo naiz zale bezala ikusten… Hori bai, akatsen bat ikusten badiot, esan egingo diot!

Erreleborik ba al dago?

Egia esan, ez dakit. Orain, momentu honetan, gazteetan ez dago. Ez dakit zer geratuko den. Klubean jakinaren gainean zeuden, baina ez dakit zer duten pentsatuta. Azken asteetan atseden hartu dut, baina edozer gauzetarako laguntzeko prest izango naute, bai entrenamenduetarako, bai kanpoko lanetarako.

Hau behin betiko agurra da, ala gero arte bat?

Ez, ez, hau behin betiko agurra da. Baina edozein larrialditarako, norbait gaixotu dela eta, entrenamenduetan laguntzeko prest izango naute. Nire ateak, behintzat, zabalik izango dituzte zentzu horretan.

Arrauna zainetan daramazu. Aurrera begira baduzu prestatzaile, entrenatzaile edo halakorik izateko gogorik?

Ez dut halakorik buruan. Pixka bat lasaiago hartu nahi dut, baita burua argitu ere. Aurrerantzean arrauna kanpotik jarraituko dut, eta noizbehinka entrenamenduak nola egiten dituzten ikustera gerturatuko naiz.

Eta aurrerantzean, zer?

Ezer berezirik ez. Gustatuko litzaidake kirola egiten jarraitzea, eta batez ere arraunak eman dizkidan dinamika horiek ez etetea.

Bereziki gogoan gordeko duzun estropada bat?

Orokortasunean hartuta, lortu genuen lehen Kontxa izan zen bereziena, eta denbora askoan esan dut nire bizitzako egunik politena izan zela. Egun horrek sortzen dizu urduritasun puntua, goizean goizetik hasita: estreinako bandera dela jakite hori; estropada bera; bandera jasotzeko unea eta, ondoren, arranplan zaleekin elkartzeko momentua; arratsaldean, herrian jasotako harrera... Hori guztia oso gogoan izango dut, eta ez zait inolaz ere ahaztuko. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide