Leina Casanova: "Euskara niretzat bizitza da: kristalezko bolatxo bat bezala irudikatzen dut"

Amaia Oiarzabal 2023ko urr. 22a, 09:00

Leina Casanova euskara ikaslea. (AEK)

Euskara ikasleek egiten duten ahalegina aitortzeko, euskaltegiko ikasleei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu Karkara aldizkariak hilabetero, urtea amaitu bitartean, Orioko Udaleko Euskara sailarekin eta Orioko AEK Euskaltegiarekin elkarlanean. Honakoa urriko aldizkarian Leina Casanovari egindako elkarrizketa da.

Leina Casanova kubatarra da, eta duela bost urte etorri zen  Euskal Herrira. Aian bizi da, eta Orioko AEKn ari da euskara ikasten.

Noiz entzun zenuen euskara edo euskarari buruz zerbait lehen aldiz?

Kuban bizi nintzela jakin nuen euskararen eta Euskal Herriaren berri. Nire bikotea ezagutu nuenean izan zen, orduan jakin nuen zer zen euskara eta euskal mundua; niretzat, ordura arte, dena Espainia baitzen. Bikoteari esker ezagutu nituen euskarazko lehen hitzak: muxu bat, maitia, bihotza...  Ezagutu eta urtebetera han hasi nintzen euskara ikasten, Habanako euskaltegian.

Zer eman dizu euskarak?

Euskara niretzat bizitza da: kristalezko bolatxo bat bezala irudikatzen dut, zure eskuetan duzuna eta lurrera erortzea nahi ez duzuna. Bizirik mantendu behar dugun kristalezko bolatxoa da. Eta niri, pertsonalki, sozializatzeko aukera eman dit. Nahiz eta gaztelaniaz jakin eta horrekin moldatu, hemen euskara oinarria da, eta nik ere integratu nahi dut. Mundu horren parte izan nahi dut, eta horregatik ari naiz ikasten.

Garrantzitsua al da euskara ikastea?

Egia da, hasieran, etortzen zarenean ez diozula hainbeste garrantzirik ematen euskara ikasteari; une horretan beste lehentasun batzuk dituzu (lana eta diru pixka bat lortzea, adibidez). Baina, denbora aurrera joan ahala, konturatzen zara euskara ikastea beharrezkoa duzula: lanerako, harremantzeko, denerako. Aia herri euskalduna da, gainera.

Zer izan da zailena?

Hasieran hona etorri eta ezer ez ulertzea. Ez jakitea jendea zertaz ari den, gogorra da. Agian ez dira zutaz ari, baina ez dakizu zeri buruz hitz egiten ari diren. Azken batean, arrotza sentitzen zara, ez zaude ez Kuban, ez hemen... Norberaren hizkuntzan hitz egiten ez den leku batean egotea da zailena. 
Nik Kuban ikasi nuena euskara batua zen, baina kalekoa, egunero erabiltzen dena, ez da berdina. Bikotearen familiari, adibidez, ez nion ezer ulertzen. Gero, pixkanaka, hitzak ulertzen joaten zara, eta apurka-apurka ikasten. 

Nola lagun zaitzake euskaldun batek ikaste prozesuan?

Oro har, jendeak asko laguntzen du ikusten duenean saiatzen ari zarela. Nik badut horrekin lotuta istorio dibertigarri bat: supermerkatuko kaxan lanean ari nintzela bezero bati nire kutxatik pasatzeko esan behar nion, eta "pasa hemendik" esan beharrean, "alde hemendik" esan nion. Bera berehala konturatu zen nahasteaz, eta irribarretxo batekin, esaldi egokia topatzen lagundu zidan. Horrez gain, euskara ikasten ari zarenean, asko eskertzen da aurrean duzunak apur bat motelago hitz egitea. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide