Haizea Gozategi: "Herrialde askotan oso serio hartzen dute arraunketa olinpikoa"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko urr. 21a, 11:00

Haizea Gozategi arraunlari gaztea. (Aiora Larrañaga)

Haizea Gozategi arraunlari gazteak abuztuan Parisen jokatu zuen jubenil mailako munduko arraunketa olinpikoko txapelketa, eta hamaikagarren postuan sailkatu zen. Nazioarteko txapelketa batean arraunean egiten zuen lehen aldia izan zen, eta bertan bizitakoaz aritu zen Karkararekin urriko aldizkarian. Orain elkarrizketa irakurgai dago sarean.

Nolakoa izan da esperientzia?

Munduko txapelketa bat jokatzea sekulakoa da, baina guk, gainera, izan genuen aukera Parisko Joko Olinpikoetako arraunketa pista probatzeko. Eguraldi txarra izan genuen, eta horrek ez zigun utzi bete-betean gozatzen, baina harmailak ditu arraunketa eremuak, eta arraunlariok senti dezakegu publikoaren berotasuna. Azpiegitura bera ikaragarria da, baita maila horretako txapelketa baten atzean dagoen antolaketa guztia ere. Munduko txapelketan gure helburua zen lehen hamabietan sailkatzea, finalerdiak jokatu ahal izateko; helburua beteta, gustura gaude hamaikagarren postua lortu genuelako.

Giro berezia izaten al da munduko txapelketan?

Bai. Klub mailatik selekzioko kontzentrazioetara saltoa nabari da; baina aldea are handiagoa da nazioarteko txapelketa batean. Herrialde askotako arraunlariak bildu ginen bertan, eta ohartu ginen herrialde askotan oso-oso serio hartzen dutela arraunketa olinpikoa. Arraunlari askok unibertsitatea eta kirol arloa uztartzen dituzte, eta arraunean oso zentratuta daude, etorkizun hurbilean goi mailan aritzeko prestatzen ari direlako. Espainiako selekzioko kide gehienok, berriz, batxilergoa ikasten ari gara, eta entrenamenduak eta ikasketak ahal dugun bezala uztartzen ditugu. Kirolari berari ematen zaion garrantzian alde handia antzeman dut herrialde batetik bestera. 
Beste herrialdeetako arraunlariekin esperientziak trukatzeko aukera izan zenuten, beraz.
Bai. Gure hotel berean ostatu hartuta zegoen Alemaniako selekzioa, eta harremana egin genuen hango hainbat kirolarirekin. Hain zuzen ere, atentzioa eman zigun Alemaniako selekzioak kirol arloan. Modalitate guztietara aurkezten dute ordezkaritza, eta denetan oso emaitza onak lortzen dituzte. Errumaniak eta Italiak ere oso selekzio indartsuak dituzte; azken horrek domina pila bat lortu zituen Parisen. 

Zergatik uste duzu dagoela alde hori selekzioen artean?

Espainian arraunketa olinpikoan jende gutxi aritzen gara, eta herrialde horietan, aldiz, errotuagoa dago kirola. Horrez gain, urtean zehar kontzentrazio gehiago egiten dituzte, eta blokea osatuta dute. Guk, berriz, hilabete eta erdi izan genuen munduko txapelketarako prestatzeko. 

Kontzentrazioa aipatu duzu. Nolakoa izan zen txapelketa aurreko prestaketa?

Lehen astean probak egin genituen arraunlari zerrendak aldatuz, konbinaziorik egokienak zein ziren definitzeko. Bigarren astean, berriz, ontzi batzuk erabakita zeuden, baina ez guztiak. Dagoeneko etxera bidali zituzten arraunlari batzuk, baina nik hor jarraitzen nuen, zer gertatuko zen jakin gabe. Bigarren astea izan zen gogorrena, ziurgabetasunagatik. Presioak eragindako zalantzak sortu zitzaizkigun guztioi, oraindik asko falta zelako txapelketarako eta ez zegoelako erabakita nork parte hartuko zuen. Saiatzen ginen gure onena ematen entrenamendu bakoitzean, baina bagenekien erabakia ez zegoela gure esku. Azkenean, lortu nuen txartela. Hortik aurrera, asko gozatu nuen entrenamenduez eta selekzioko dinamikaz.

Mundu berria ireki zaizu. Jarraitu nahi al zenuke nazioarteko txapelketetan parte hartzen?

Bai, Parisen nengoenean sentitzen nuen 20 urtetik gora ditudanean ere mundu horretan jarraitu nahi nukeela. Hala ere, herrira etorri eta Alirona ikustean, herriko traineruan arraunean egiteko gogoa ere sartzen zait. Tostako arraunketak herriaren babes handia du, eta berotasun hori sentitzea sekulakoa da arraunlariontzat. Batek daki zer gertatuko den; nik orain arte bezala entrenatzen jarraituko dut, uretan nire onena ematen. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide