Daniel Scott: "Bertsoek hasieratik arreta berezia eman zidaten"

Mireia Galarza Bastida 2023ko ira. 30a, 16:30

Martxoaz geroztik Orion bizi da Daniel Scott (Argentina, 1982) argentinarra. Duela hogei urte zapaldu zuen lehendabizikoz Euskal Herria, eta harrezkeroztik euskara ikasten dabil. Hizkuntza ikasteaz gain, bertsolaritzan ere murgilduta dabil Scott, eta diziplina hori beste batzuekin uztartzen duen hiru liburu argitaratu ditu dagoeneko; horietan azkena da Bertsorap liburua.

Duela ia 20 urte iritsi zinen lehen aldiz Euskal Herrira. Zergatik?

Andoainen lagunak dauzkat, eta ingurua ezagutu nahi nuelako etorri nintzen Euskal Herrira. Beraiek gonbidatuta etorri nintzen bi hilabeterako, garai hartan unibertsitatean Zientzia Politikoak ikasten ari nintzen-eta oraindik Buenos Airesko Unibertsitatean. Kulturak, hizkuntzak, inguruak… asko erakarri ninduten, eta ikasketak amaitu ondoren etorri nintzen berriro. Lehenik Bartzelonara joan nintzen, Teologia ikastera, eta handik Euskal Herrira etorri nintzen. Beste herri batzuetan bizi ostean, martxoaz geroztik Orion bizi gara. Herria txikia eta oso polita da, eta hondartza ere zoragarria da. Gainera, oso euskalduna da, eta hori asko atsegin dugu guk, euskara ikasten jarraitzen dugunez, ikasketa prozesuan laguntzen digutelako herritarrek. 

Nolakoa da zure egunerokotasuna?

Argitaratuta ditudan nire hiru liburuak promozionatzen eta saltzen joaten naiz herriz herri egunero. Badakit lehengo garaietako modua dela, baina bere alde onak dauzka; adibidez, jendea eta herriak ezagutzen dituzu, eta hori niretzat aberasgarria eta inspirazio iturri da. Aurreneko liburuarekin probatu nuen salmenta modu hau, eta ondo joan zitzaidanez, horrela jarraitzen dut lanean gaur egun ere. 

Euskaraz zoragarri hitz egiten duzu. Zerk motibatu zintuen hizkuntza ikastera? 

Herriko hizkuntza da euskara, eta Euskal Herrian bizi banaiz beharrezkotzat ikusten dut, errespetuagatik bakarrik. Integratzeko eta ezagutzeko tresna bat ere badela deritzot. Xalbador bertsolariak esan zuen bezala, "herria da gorputza eta hizkuntza bihotza", eta ni horregatik ari naiz euskara ikasten. 

Euskaraz ikasi bakarrik ez, euskarazko hitzekin jolastera ere animatu zinen Alegiko bertso eskolan izena emanda. Zergatik bertsoekiko interes hori?

Esperientzia ikaragarria izan zen niretzat. Barnetegian bertsoak ezagutu nituenetik arreta berezia eman zidaten. Bertsolaritzaren inguruko film bat ikusi nuen bertan, eta izugarria bezain zoragarria iruditu zitzaidan mundu hori: bertsoak sortzeko prozesua, txapelketak… Gero hasi nintzen bertso paperak idazten.

Eta bertso paper horietatik jada hiru liburu argitaratu dituzu, azkena aurten. 

Bertso eskolan ibili nintzenean idatzitako bertso paperak liburu batean bildu nituen: Bertsopayakopla. Hasierako asmoa zen ingurukoei eskaintzea liburua, baina harrera ona izan zuen, eta harrezkeroztik beste bi liburu argitaratu ditut: Bertsopayakopla + rap eta Bertsorap. Zientzia Politikoak ikasita, oso kritikoa naiz inguruarekin, eta bertan hainbat gai lantzen ditut: baloreak, fedea, arazo sozialak… 

Bigarren eta hirugarren liburuetan rap-a ere txertatu duzu. Zerk erakartzen zaitu musika estilo horretatik?

Asko gustatzen zait estilo hori. Bertsoek, koplek edota Argentinako playek asko dute rapak duen metrikatik, eta abeslari melodiko ona ez banaiz ere, rapa desberdina da. Gainera, rapean ere gai sozialei buruz hitz egiten dute askotan, eta errimak ditu. 

Ba al duzu beste libururik argitaratzeko asmorik etorkizun hurbilean?

Bai. Laugarren liburuarekin nabil orain, poliki-poliki, eta asmoa da urrian-edo argitaratzea. Euskaraz bertsoak eta gaztelaniaz koplak idazten nabil oraingoan ere, eta bi hizkuntzetan rapa. Zuzenean ere abesteko gogoa dut, baina hori nola egin pentsatzen ari naiz oraindik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide