Ondareak bizirik jarraitzeko festa

Andrea Zipitria 2023ko ira. 27a, 10:39

Ezkerretik hasita, Agote, Esnal, Salsamendi, Santamaria, Arruti eta Garcia, aurkezpenean. (Andrea Zipitria)

Mutiozabal Festa antolatu dute Orion lehen aldiz, udalak eta Albaolak elkarlanean. Urriaren 6tik 8ra bitartean izango dira ekintzak, datorren astean, eta herriko ondareari balioa ematea dute helburu.

Ontzigintza tradizionala ezagutarazteko jarduerak eskaintzea du helburu Mutiozabal Txoren proiektuak. Ildo horretatik antolatu dute estreinakoz Mutiozabal Festa; urriaren 6tik 8ra izango da.

Orioko Udalak eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak elkarlanean sortu dute festa. "Hain zuzen ere, herriko ondarea bizirik mantendu nahi dugulako eta batez ere ondare horren atzean dauden balio guztiek duten herri izaera mantendu nahi dugulako egingo dugu festa", azpimarratu zuen atzo izan zen festaren aurkezpen ekitaldian Anuska Esnal alkateak. Bertan izan ziren, halaber, Adrian Garcia udaleko Kultur teknikaria, Eider Arruti Mutiozabal Txoren hezkuntza proiektuaren koordinatzailea eta Xabier Agote Albaolako presidentea.

Azken horrek azaldu zuen urriko bigarren asteburuan egingo duten festa "berezia" izango dela, "urte askotako lanaren emaitza baita". Dena den, lanean jarraituko dutela ere nabarmendu nahi izan zuen; izan ere, esan zuen "oraindik ibilbidea" izango duela proiektuak, nahiz eta zehaztapen gehiago ez eman.

Festa berezia

Aurkezpena baliatu zuten, aldi berean, Mutiozabal ontziolaren jardueraren berri emateko. Pasa den ikasturtean, Zaragueta Herri Eskolako, Orioko Herri Ikastolako eta Aginako Herri Eskolako ia 400 ikaslek parte hartu zuten ontziolaren proba pilotuan; Albaolak sortutako unitate didaktiko bat landu zuten, eta ondoren, ala bat muntatu zuten, baita uretaratu ere.

Esperientzia "oso ona" izan zela azaldu zuen Mutiozabal Txo hezkuntza proiektuaren koordinatzaileak: "Bertako haurrek Orioko ondarea ezagutzea nahi genuen, baita sentsibilizatzea ere. Hazia jarri dugu, aldaketarako grina sortu da, eta balio izan digu proiektuari neurria hartzeko". Zentzu horretan, nabarmendu zuen Mutiozabalek baduela "botere berezia, giro berezia sortzen duena", eta bertaratu diren ikasleei balio izan diela "egungo gizarte teknologikotik urrundu eta txip aldaketa egiteko".

Bada, orain artekoa esperientzia ona izan dela iritzita, ikasturte honetan Euskal Herriko ikastetxeei zabaldu diete eskaintza.

Egitaraua:

  • Urriak 6, ostirala: 18:00etan, mahai ingurua Mutiozabalen. Jarraian, txarangarekin plazara ibilbidea. Bertan, irekiera ekitaldia eta erakusketa. 
  • Urriak 7, larunbata: 18:00etan, Jo Ala Jo elkartearen sagargintza erakustaldia, plazan. Ondoren, sagardo dastaketa. 
  • Urriak 8, igandea: 11:00etan, Porrotx eta Txorekin plazatik Mutiozabalera kalejira.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide