Izena eman daiteke Saregilek antolatutako ikastaro eta tailerretan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ira. 24a, 13:36

Saregile Emakumeon Etxearen irekiera ekitaldia. (Andrea Zipitria)

Saregile Emakumeon Etxeak ikastaro eta tailer sorta prestatu du datozen hilabeteetarako.

Irailaren 15ean zabaldu zituen ateak Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak eta udazkeneko programaren berri ere eman zuen aurkezpenean. Arduradunek azaldu dute zabalik dagoela izen-ematea, online zein emakumeen etxean bertan, eta herriko emakumeak parte hartzera animatu dituzte.

Emakumeen Etxeak aurreko ikasturtean Ahalduntze Eskolak martxan jarritako hainbat ekimeni segida emango die eta berriak ere abiatuko ditu.

Udaberrian izandako arrakastaren ondoren, Nerea Loiolak gidatutako irakurle-taldeak, esaterako, martxan jarraituko du ikasturte honetan ere, baina taldea itxita dago dagoeneko. Honako hauek dira lauhileko honetarako proposatu dituzten irakurgaiak:

  • Irailak 27: Deitora zaitzala Tigrisek (Emiliene Malfatto)
  • Urriak 25: Bihurguneko Nasa (Uxue Apaolaza)
  • Azaroak 29: Kontrako eztarritik (Uxue Alberdi)
  • Abenduak 20: Kafe tristearen balada (Carson McCullers)

Lauhileko honetarako zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa antolatu dute, Saioa Baenaren eskutik. Irailaren 28an egingo dute lehen saioa, eta abenduaren 14ra arte, ostegunero bilduko dira, 9:45etik 11:15era. Horrez gain, urrian zehar, hilaren 3tik 31ra, teknologia berrietan trebatzeko eskolak izango dira, asteartetan, 16:30etik 18:30era.

Bestalde, Gorputz kontzientetik mugimendu askera izeneko gorputz-adierazpen tailerra antolatu dute urriaren 4tik azaroaren 22ra, asteazkenetan, 18:00etatik 19:30era; Maider Oiarzabal izango da gidaria.

DBH4ko neskei zuzendutako hitzorduak ere egingo dituzte Saregilen urrian; saio horien helburua izango da 16 urte inguruko neskek dituzten kezkak, beharrak, beldurrak, interesak eta abar detektatzea, eta horien aurrean feminismoak eskaintzen dizkien erremintak ezagutaraztea.

Agenda

Ahalduntze-eskolez gain, hiru jarduera programatu ditu Saregilek urritik abendura, hilean bat:

- Urriak 19, osteguna. Orioko genealogia feministak dokumentalaren emanaldia, Pertzetik elkarte feministaren eskutik, 18:30ean.

- Azaroak 13, astelehena: Ahalduntze eskolek emakumeen osasunari eta autoestimuari ekarritako onurak hitzaldia, Pepa Bojórekin, 18:00etan.

-Abenduak 12, asteartea: Soilik bai da bai legearen inguruko formakuntza, Macarena Mujika Urbistondorekin, 18:00etan.

Programaren inguruko informazioa Saregileren sare sozialetan dago eskuragai.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide