Maribel Bruño: "Lorpen handia eta aurrerapauso garrantzitsua da"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko ira. 23a, 11:00

Maribel Bruño.

1980. hamarkadan Orion sortu zen emakume taldeko kidea izan zen Maribel Bruño, eta urteak daramatza gaiaren inguruan hausnartzen. Saregile Orioko Emakumeon* Etxearen irekieraren inguruan bere iritzia emateko elkarrizketa eskaini zuen Orioko bizilagunak iraileko aldizkarian, eta orain sarean dago irakurgai.

Hainbeste urtez emakumeen eskubideen aldeko borrokan aritu ondoren, zer sentitzen duzu?

Lorpen handia eta aurrerapauso garrantzitsua dela sentitzen dut, eta ilusio handia sortzen didan proiektua da. Emakumeen topagunea izango da, irekia eta anitza, eta aukera emango digu elkarrizketarako eta hausnarketarako. Gure esperientziak askatasunez partekatzeko espazioa izango dugu, baita egunerokoan sortzen diren beharrak eta nahiak mahai gainean jartzeko eta lantzeko aukera ere. Beti aipatu izan dugu emakume taldeko kide izateak norbanakoarengan eragina izaten duela, baina kolektiboki egiten diren urratsak ere oso garrantzitsuak izaten dira.

Herriko mugimendu feministako kide gazteagoekin bildu garenetan, bat etorri gara emakume sarea sortzearen garrantzian, oso inportantea delako bizipenak, emozioak eta nahiak konpartitzea, bakarrik ez gaudela eta kolektibo bateko kide garela sentiarazten digutelako. Emakumeon Etxeak aukera emango du guztiok saretuta bidea eraikitzeko. Horregatik, babesgunea eta indargunea izango dela uste dut.

Duela lau hamarkada imajinatzen al zenuen horrelako proiekturik egin zitekeenik? 

Pentsaezina zen. Emakumeen Etxea sortu ahal izateko elkarlan handia egon da, eta Orioko Udalaren babesa ezinbestekoa izan da, gainera. Nire ustez, oso garrantzitsua da udalak emakumeen beharrak kontuan hartu eta horrelako proiektu bat sortzeko apustua egitea. Horrek erakusten du arlo honetan zenbat aurreratu den. Behetik gorako prozesua izan da, hau da, emakumeen benetako beharrak aztertu eta horri buruz hausnartu ondoren, erakundeen laguntzarekin garatutako proiektua. Berdintasunerako bidean erreferentziazko gunea izango da, eta sustatuko du emakumeon ahalduntzea eta parte hartzea. Zoriondu nahi nituzke Emakumeon Etxea errealitate izateko lan egin duten guztiak. Izan ere, orain emaitza ikusten ari gara, baina horretarako aurretik lan asko egin dute Emakumeen Mahaiko kideek. Niri, behinik behin, zirrara berezia sortzen dit horrelako proiektuak martxan jartzen direla ikusteak.

Aurrerantzean zer espero duzu Saregile Orioko Emakumeon* Etxeaz?

Bidea hasi besterik ez da egin. Emakumeon Etxea sortu da, baina orain helburuak markatu eta horiek betetzeko urratsak eman behar dira. Emakumeon ahalduntzean urratsak eman eta gizartean sortzen diren egoera desberdinak ikuspegi feministatik heltzea litzateke orain erronka, baita emakumeon arteko sarea sortu eta zuzenean eragiten diguten gaien inguruko informazioa zabaltzea, aholkularitza juridikoa eta psikologikoa eskaintzea eta tailerrak eta ikastaroak antolatzea ere. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide