Hau ez da normala!

Onintza Lete Arrieta - Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 24a, 10:30

Orioko zaleak Kontxako bigarren jardunaldian.

Kontxako banderarik ez da Oriora heldu aurten, baina aurreneko jardunaldian egindako denborei esker, herri osoa banderekin ametsetan ibili da astebetez. Arraunlariek dena eman dute uretan, eta zaleek dena itzuli nahi izan diete lehorretik, kanpotik begiratuta harrigarria egiten den modu sutsuan.

Bost segundo. Zer dira bost segundo? Bada, dena eta ezer ez. Herri batek amets egiteko ematen dute bost segundok. Eta ametsak ez ditu bost segundo iraungo, aste oso bat baizik. Horrela laburbil daitezke aurtengo Kontxako Estropadak. Herri oso bat kolore bati atxikita, eta nahi diren emaitzak iristen ez diren arren, dena eman dutenei dena itzultzeko prest.

Izan ere, kanpotik begiratuta, Kontxako bi jardunaldietan gertatutakoa ez da normala. Kanpotik, esan nahi da, oriotarra izan gabe. Idazten ari den hau bezala, alegia. Ez da normala 10:00etarako Donostiako Paseo Berria horiz jantzita egotea, eta Orioko arraunlariak bertatik igarotakoan ke hori batek biltzea inguru guztia eta arnasa hartu ahal izateko barandaren kontra, itsasora begira jarri beharra, nonahi petardoak lehertzen diren bitartean. 

Normala ez den bezala, bandera irabazi ez, eta garaileei egiten zaien ongietorria egitea arraunlari emakumeei zein gizonei arranplan bertan. Han bai, han nabari ziren bi herritar multzo: haurrek eta helduek ezin zuten tristura ezkutatu, nahiz eta taldea animatzen eta txalotzen gelditu ziren; gaztetxo eta ez hain gaztetxoak, berriz, festa giro betean zebiltzan jada, eta haiek atera zizkieten irribarreak trainerutik jaitsi ziren kirolari nekatuei. 

Beste bi gertakarik ere eman zuten atentzioa bigarren jardunaldian: a zer nolako txaranga puska aritu zen kantuak jo eta jo arranplan! Herriko haur, gazte eta heldu, denak elkarrekin sekulako giroa jartzen eta arraunlariak animatzen! Zalantzarik ez dago beste traineru guztien herrien inbidia izan zela oriotarren musika taldea. Eta, hain zuzen, bigarren gertakari harrigarriak ere txarangarekin du zerikusia. Saiatu film bat bailitzan ikusten: txaranga arranplaren goialdean dago. Iritsi dira Aquariumeko gainaldetik eskaileretan behera Orioko emakume arraunlariak, eta arranplan behera abiatu dira. Txaranga atzetik dute. Nabaria da negarrez aritu direla arraunlari batzuk, eta beste batzuk emozioari ezin eutsita daude. Baita zale batzuk ere. Besarkadak beren artean, besarkadak entrenatzaileari, prestatzaile fisikoari, besarkada gehiago beren artean... Eta, uretaratzeko unea iritsi denean, Mirotzak abestiaren doinu solemneak jotzen hasten da txaranga. Berriro negar malkoak ikus daitezke, eta patroiaren agurra, trainerua urruntzen den bitartean. 

Ez al da gertaera harrigarria? Zer doaz, gerrara, ala estropada bat jokatzera?... Horixe film zati hori ikusita sortzen den lehenengo burutazioa. Baina estropada amaitu da gero, eta filmaren amaieran, jiroa dator, ezustekoa: Nadeth Agirre patroiak Euskal Herri osoari esan dio arrauna lagatzen duela eta ez duela Kontxa gehiago biziko traineru barrutik. Orduan, filma atzeratzeko botoiari eman, eta guztiak hartzen du zentzua; negar tanta bakoitzak eta momentu dramatikoak. 

 

Beldurtzeko zenbakiak

Agirrek negarrez egin zituen adierazpenak igandean ETBren kameren aurrean, eta negarrez egin zizkion adierazpenak hedabide honi hurrengo egunean. Hamalau urtez traineruko patroia izan denak bere ibilbidearen balorazio baikorra egin zuen: "Ibilbide bukaeraz ahalik eta gehien gozatzen saiatu naiz, nahiz eta emaitzek ez lagundu. Amaiera gazi-gozoa izan da, azken estropadak astunak egin zaizkigu zentzu horretan, baina kirola horrelakoa da. Urte askoan izan naiz patroia Orioko emakumeen traineruan, eta oso pozik nago horregatik. Azken finean, traineru bat zerotik sortu genuen, eta gure lana egin dugu; liga irabaztea lortu genuen, baita Kontxako Bandera hiru bider etxera ekartzea ere".  

Agirrek liga bat eta hiru Kontxa ditu bere palmaresean, eta makina bat bandera ere bai. Joxemari Olasagasti oriotarra aditua da Orio Arraunketa Elkarteko datuetan, eta bereak dira zenbakiok: "2010etik 2023ra, hamalau urtean, 89 garaipen eskuratu ditu emakumeen traineruak. Horietatik 66 banderak izan dira, eta beste 23ak jaitsierak, trofeoak eta halakoak. Horietatik denetatik Nadeth Agirrek 87 irabazi ditu". 

Olasagastik ez du zalantzarik Agirre dela, aldearekin, lorpen gehien duen patroia: "Historian zehar eta Orioko traineruekin, izan gizon zein emakume, ez dago hainbeste bandera eta garaipen lortu duen patroirik". 

Agirrek azaldu du bere ibilbidearen "argazki orokorra" gogoratuko duela, "urte hauetako momentu politenak". Baina horiez guztiez luze eta zabal hitz egingo du Karkara aldizkariaren hurrengo zenbakian –urri hasieran argitaratuko da hori–.

Kiroltasunez eta harro

Gainerakoan, zer esan Kontxako Estropadez, ez bada Orioko arraunlariek kiroltasunez onartu dituztela Arraun Lagunak eta Urdaibai traineruen garaipen argiak? Jon Lizarralde Altxerri-k, esaterako, bermeotarrak zoriondu zituen, baina baita taldeak egindako lana azpimarratu ere: "Bermeotarrak zoriondu behar dira, gidoitik atera direlako. Geuri buruz, berriz, balorazio nahiko ona egiten dugu; dena eman dugu, eta dena eman duen bati ezin zaio ezer aurpegiratu". 

Zaleentzat, berriz, eskerrak hitzak izan ditu Altxerrik: "Bi asteburuetan jasotako harreraren eta animoen ondoren, harrotasun osoz Kontxa horia dela esan dezakegu; gure zaleek parekorik ez dute". Donostian ikusitakoa ikusita, inork ezin kontrakorik esan, ez, kanpotik begiratuta behintzat...

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide