Orioko mugimendu feministatik beti amestu du Orion Emakumeen* Etxea izatearekin, behar gisa identifikatuta. Gaur, amets hori errealitate bihurtu da. Hain justu ere, arratsaldean ireki ditu ateak Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak. Pilliku plazako Iturriaga Jauregia izango du kokalekua espazio berriak, eta bertan bildu dira inaugurazioa egiteko.
Urteetako lanak eman du fruitua; duela lau urte Pertzetik elkartea udalarekin elkarlanean hasi zen berdintasunari lotutako politikak lantzen. Ordutik, urrats garrantzitsuak egiten ari dira mugimendu feministaren aldarrietatik abiatuta, gizarte parekideago baten eraikuntzan. Ibilbide horren mugarri garrantzitsua izan da Emakumeon* Etxearena.
Emozioa eta askoren malkoak izan ziren protagonista ostiralekoan. Izan ere, askok nabarmendu zuten lau horma baino gehiago direla inauguratutako etxea. Herritar andana gertaratu zen inaugurazio ekitaldira Emakumeon* Etxea ezagutzeko irrikitan. Bertan izan ziren Pertzetik elkarteko kideak, Emakumeen Mahaiko kideak eta udaleko ordezkariak, besteak beste.
"Herriko emakume guztiok indarrak batzeko espazio bat izango dugu azkenean, jendarte parekide baterako bidean, aurrera egiteko topagunea", azaldu du Aizpea Esnaola Emakumeon* Etxeko arduradunak ekitaldian. Saretzearekin lotuta, harreman berriak sortu eta familia osatzeko espazio bat eskaini nahi dute. Helburua, "emakumeon ahalduntzea eta saretzea bultzatzea da, partaidetza soziala eta politikoa indartzeko, eta emakumeon aniztasuna kontuan hartuta", jarraitu du.
“Aberatsa eta ederra iruditu zait ekitaldia” dio Ainara Peña, Emakume Mahaiaren kideetako bat. “Emakumeen ametsen jauregia izango da hau, eta Emakume Mahaiaren helburuetako bat izango da dauden zerbitzuak mantentzea; ahaldunduko gaitun espazio bat izatea nahi dugu”.
Anuska Esnal alkatea ere bertan izan da, eta gaurkoa “egun pozgarria” dela nabarmendu du: “2019an alkatetza hartu genuenean emakume diagnosi bat jaso genuen esanaz herri matxista zela Orio, eta emakumeok ez ginela aske herrian lasai bizitzeko. Hortik pausoka-pausoka joan ginen bide hau egiten, eta honek hori guztia islatzen du. Herrian sortutako mugimendu honi forma besterik ez dio eman Udalak, eta nahi dudana da espazio honetan orain arte egon den energia edo ilusio horrekin jarraitzea edo handitzea behintzat”.
Hitzen ondoren, kantuaren eta dantzaren txanda izan da. Gero, Miriam Garciak eta Aizpea Esnaolak, Emakumeon* Etxeko arduradunek, etxea apainduko duen kartelaren berri eman dute, eta orduan iritsi da jauregia barrutik ezagutzeko unea. Lau solairu ditu espazio berriak. Dinamizatzaileen bulegoa, sukaldea, bilera gela, aholkularitza juridikoaren gela, zona komun bat eta areto bat, emanaldiak eta tailerrak egiteko.
Horrenbestez, Pilliku plazako Iturriaga Jauregian izango dute bilgunea aurrerantzean, ordutegi honetan: astelehenetik ostegunera 09:30-13:00 eta 16:00-19:00 artean, eta ostiraletan 09:30-13:00 artean. Datozen hilabeteetako egitarauaren berri ere eman dute. Hona hemen egitaraua osorik:
Udazkeneko egitaraua
Ekintzak
- Orioko geneologia feministak dokumentalaren emanaldia: urriak 19, 18:30ean. Euskaraz.
- Ahalduntze eskolek emakumeen osasunari eta autoestimuari ekarritako onurak ikerketaren aurkezpena: Azaroak 13, 18:00etan, gazteleraz.
- Soilik bai da bai legearen inguruko formakuntza: abenduak 12, 18:00etan. Euskaraz.
Ikastaroak
- Gorputz kontzientetik mugimendu askera: urriaren 4tik azaroaren 22ra (asteazkenero), 18:00etatik 19:30era. Prezioa: 20 euro. Elebiduna.
- Zoru pelbikoa lantzen: irailaren 26tik abenduaren 14ra (asteartero), 9:45etik 11:15era. Prezioa: 30 euro. Elebiduna.
- Ahalduntze digitala: urriaren 3tik 31ra (asteartero), 16:30etik 18:30era. Elebiduna.
- Neska* gazteak feminismorantz!: DBH4ko neskei eskainitako espazio feminista. Urritik aurrera, datak eta maiztasuna parte-hartzaileekin adosteko.
- Irakurle taldea: irailak 27, urriak 25, azaroak 29 eta abenduak 20, 18:30etik 20:00etara.
Zerbitzuak
- Aholkularitza juridikoa: Macarena Mugica Urbistondo.
- Bidelaguntza psikologikoa. Leire B. Murgulalday.
- Indarkeria matxista egoeran dauden emakumeentzat* aholkularitza. Orioko emakumeon* ahalduntze eskola.