Aste honetan abiatuko dute herriko ikastetxeek kulturartekotasuna sustatzeko programa

Andrea Zipitria 2023ko ira. 6a, 12:30

Orioko ikastetxeetako haurrak.

UEMArekin elkarlanean arituko dira Zaragueta Herri Eskola eta Orioko Herri Ikastola ikasturte honetan. Proiektuaren helburua da aztertzea nola indartu euskararen erabilera eta presentzia hezkuntza-komunitateetan.  Egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko gurasoekin bilerak egingo dira. Gaur arratsaldean izango da Zaragueta Herri Eskolan.

Herri euskaldunetako biztanlerian aldaketa demografiko handiak gertatzen ari dira azken urteetan. Horregatik, proba pilotu bat abiatu zuen UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) hainbat herritan, eta aste honetan abiatuko dute Orioko ikastetxeetan euskara eta kulturartekotasuna sustatzeko programa.

Zaragueta Herri Eskolak eta Orioko Herri Ikastolak ikasturte honetan ekingo badiote ere, apiriletik ari dira bilerak egiten, prozesua antolatzeko. Hamar laguneko talde eragile bat sortu da programa bideratzeko eta hor ordezkatuta daude bi zentroetako irakasle eta gurasoak, UEMA eta Orioko Udala. Bilera horietan aztertu dituzte eskoletan hizkuntzari lotuta sortzen diren zalantzak, hala nola: oharrak nola idatzi, familia elkartearen komunikazioetan edo whatsapp taldeetan nola jokatu, bilerak nola egin...

Programaren gakoak

Hauek dira programaren gako nagusiak:

  • Orio euskaraz bizi den herria da, eta horrela jarraitu nahi du. Orioren tankerako herri euskaldunak erabakigarriak dira euskarak iraun dezan.
  • Guraso batzuek ez dakite euskaraz, eta horien parte-hartzea bermatu behar da. Garrantzitsua da beren seme-alaben integraziorako.
  • Euskaraz dakiten eta ez dakiten familien arteko harremanak sendotu nahi ditu programak. Konplizitatea landuko du, jarrera adeitsu eta eraikitzaileekin eta, horretarako, ezinbestekoa da espazioak konpartitzea.
  • Ikastetxeetan tresna eta egiteko modu berriak abian jarriko ditugu ikasturte honetan: aldibereko itzulpenak, talde-dinamikak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak…

Gurasoekin bilerak

Programaren nondik norakoak azaltzeko, gurasoekin bilerak izango dira:

  • Zaragueta Herri Eskolan: Gaur, asteazkenarekin, 16:00etatik 18:00etara.
  • Orioko Herri Ikastolan: Irailaren 11n, astelehenarekin, 18:00etatik 20:00etara.

Bi saioetan aldi bereko itzulpena egongo da gaztelaniara. Itzulpena jaso nahi dutenek Telegram aplikazioa instalatu beharko dute mugikorrean eta aurikularrak eraman.

 

 

 

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide