"Ez naiz musikazale amorratua, eta seguruenik bati baino gehiagori arraroa irudituko zaio gaur hemen bildu dudan abesti sorta. Agian ez dira izango abestirik onenak, baina denboran atzera eginda nire bizitzako une desberdinak ekartzen dizkidate gogora. Hona hemen nire bizitzako soinu bandaren zatitxo bat".
1.- J't'emmène au vente (Louise Attaque)
"Nerabezaroan hainbat udatan joan nintzen Frantziako Saint Ciers Sur Gironde herrira Orioko gazte asko bezalaxe, eta bidaia horiek izan ziren gurasorik gabe mundua ezagutzeko egin nituen lehen urratsak. Gogoan dut horietako uda batean bertako gazteek etengabe entzuten zutela Louise Attaque taldearen J't'emmène au vente kantua; niri asko gustatu zitzaidan, ordura arte ezagutzen nuen musikarekin alderatuta desberdina zelako; hizkuntza, musika, erritmoa... dena zuen berezia, arrotza zen niretzat. Garai hartan ez zeuden mundu guztiko musika eskura jartzen zuten plataforma digitalak, eta urte batzuk pasa ziren kantua berriz entzun nuen arte. Hala ere, buruan izan nuen urte horietan guztietan, eta azkenean lortu nuen CDa erostea. Abesti honekin mundua deskubritu nahi duen nerabea datorkit gogora".
2.- Ojala no te hubiera conocido nunca (Muchachito Bombo Infierno)
"Unibertsitatea bukatu ondoren Bartzelonara joan nintzen bizitzera, eta bertako lagun taldearekin asteazkenero Apolora joaten ginen Canibal izeneko saiora. Munduko txoko desberdinetako gazteak biltzen ginen han, elkar ezagutzeko eta bizitzaz gozatzeko desiratzen. Giro berezia sortzen zen eta eszenatoki gainean musika pintxatzen zuen DJak estilo guztietako musika jartzen zuen. Abesti gehienez ez naiz gogoratzen, baina Muchachitoren Ojala no te huebiera conocido nunca kantuaz bai. Ikaragarria zen, abestiaren sarrerako hitzen ondoren, antzoki guztiak nola etortzen gora "Ojala no te huebiera conocido nunca" abestuz eta dantzatuz. Oraindik ere azala oilo ipurditan jartzen zait parranda horiek gogoratzean".
3.- Ndekke Mbeuguel Remix (Carlou D)
"Carlou D izan zen zen ezagutu nuen lehen musikari senegaldarra, eta abesti hau berezia da niretzat, kantuaren bigarren zatian (bigarren minutuaren erditik aurrera) Lebou etniari egiten diolako gorazarre, eta abestia murgiltzen delako bete-betean Senegalgo erritmo eta doinuetan. Lebouak Senegalgo Cap Vert penintsulako berezko herritarrak dira; arrantzaleak dira gu bezalaxe, eta nazioarteko arrantza ontzi handiek beren urak ustiatzen dituztelako askok beren ogibidea utzi behar izan badute ere, lotura estua-estua dute itsasoarekin. Nire senarra, semeak eta Senegalgo familia lebou peto-petoak dira, Ndoye kastakoak. Hain zuzen ere, abesti hau aukeratu dut gogorarazteko kanpotik etorri diren oriotar berriek badutela harro aldarrikatzen duten jatorri bat, guk egiten dugun bezalaxe.
4.- Sumendiak eta Itzalizazu Argia (ETS)
"Hasieran esan dudan bezala, ez naiz aditua musikan, eta abestiak aukeratzen ditut bihozkadaz, sentiarazten didatenagatik. El Tol Sarmiento asko-asko gustatzen zait, eta taldearen edozein kantu aukeratuko nuke, baina bi hauek bereziak iruditzen zaizkit, aurreiritzirik gabe askatasunez maitatzeko aldarria zabaltzeaz gain, itxura batean oso desberdinak diren bi pertsona, sekula hitzik ere egin gabe, imana bezala elkar erakar daitezkeela gogoratzen dutelako... erritmo eta doinu erakargarriek eta letra iradokitzaileek eguneroko eginbeharrez ahazten laguntzen eta dantza egiteko gogoa pizten didate".
5.- Mirotzak (Benito Lertxundi)
"Herritarren Doinuak atalean gehien agertu den abestia izan daiteke Benito Lertxundiren Mirotzak, baina nik ere bilduman sartu beharra daukat, kantu honek nondik natorren gogorarazten didalako. Gehienek arraunarekin lotzen dute, baina nik hortik harago, errioaren bueltan sortutako herriaren izaera sentitzen dut entzuten dudanean. Gure semeak bi kulturen artean bizi dira, eta beren identitatea eraikitzen ari dira bateko eta besteko balioak uztartuz. Agian, nagusiagoak direnean, aurreiritziz betetako gizartearekin talka egingo dute, eta nongoak edo zein herrialdetakoak diren ere galdetuko diete, baina izango dute erantzuna: Oriyotarrak gara!"