Lanerako jarrera, konpromisoa, laguntasuna eta fisikoki oso indartsua", esan du batek. "Egunero topera doazen arraunlariak izatea, entrenamendu bakoitzean guztia ematen dutenak", besteak. Jon Salsamendi eta Patxi Frances dira, Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) gizonen eta emakumeen lehen taldeen entrenazaileak, eta nor bere taldeei buruzko bertute bat azaltzen ari dira. Uztaila iristearekin bat hasi da traineru denboraldia goi-goian dauden arraun taldeentzat, eta aurrenetik lana ahalik ondoen egiteko prest dira guztiak. Salsamendik argi esan du ligako estropada guzti-guztiek "garrantzia bera" dutela eta nahitaezkoa izango dela hasieratik gauzak ondo egitea: "Gaizki hasten bazara, zaila duzu aurrera egitea, eta prestijio gehieneko banderak abuztuan eta irailean direnez, garrantzia denei emango diegu, aurreneko estropadatik azkenekora arte". Dena den, onartu du Zarauzko Ikurrina "berezia" dela oriotarrentzat, eta "gorriz markatuta" izaten dutela. Erronkei dagokienez, berriz, zalantzarik ez dute entrenatzaileek. Gizonen taldeak "Kontxa irabazi" nahi du. "Handikeria dirudi, baina halaxe da", esan du Salsamendik. Afizioari, berriz, "ilusioz eta leialtasunez taldea bultzatzen jarraitzeko" eta "balkoiak horiz betetzeko" eskatu dio. Francesentzat ere argi dago helburua: "Liga irabaztea eta Kontxa irabazten saiatzea. Horiek dira gure helburu bakarrak". Estropadaren bat irabaztekotan, Zarautz aipatu du Francesek ere.
Xehetasunak entrenatzaileak markatu behar ditu
Garrantzia estropada guztiei emango diegu, aurrenekotik azkenekora arte
Emakumeen Euskotren ligan lau talde lehiatzen ziren orain arte, baina bikoitza izango dira aurten, eta txanda bakarrean beharrean, bitan ariko dira. Beldurrik ez dute oriotarrek, ordea. Francesentzat "konplikazioa dakar, baina era berean, eman beharreko pausoa zen emakumeen arrauna indartzeko, ETE liga ahaztu gabe, hori baita oinarria".
Entrenatzaileen egitekoa ez da nolanahikoa: estropada ona egiten denean arraunlariei eta patroiei eman ohi zaie meritua; txarra egiten denean, entrenatzailea jo ohi da errudun. Dena ez da zuria edo beltza, ordea, Salsamendirentzat: "Emaitza txarrekin, publikoki behintzat, erantzunkizuna entrenatzaileari bideratzen bazaio ere, ez dago triste eta minduta etxeratzen ez den arraunlaririk. Beraz, hori guztia, talde lana izanik, denon hartean bizitzeko eta partekatzeko zerbait da". Francesek gaineratu du xehetasunen ardura entrenatzailearena izango dela beti: "Talde batek, ondo edo gaizki, baina %100ean lan egiten duenean, xehetasunak entrenatzaileak markatu behar ditu, eta talde horrek ez badu funtzionatzen, %80 entrenatzailearen errua izango da; oso argi dut hori, talde oso konpetitiboa daukadalako".
Francesek iazko irakaspen bat ere badu gogoan: "Iaz, iritsi nintzenean, asko lagundu zidan hemen zegoen goseak, bai irabazteko, bai entrenatzeko, bai konpetitzeko... Eta, zentzu horretan, beheraldian gaude; normala da. Baina, espero dut, hemendik aurrera denok saltsa hori pixka bat berpiztea, gogo horiek nabari daitezen".
Salsamendik bezala, Francesek ere badauka mezua afizioarentzat: "Jakin dezatela den-dena emango dugula, eta momenturen batean nahi ez dugun tokian baldin bagaude babes gaitzatela, hurrengo estropadan gogo eta arma guztiekin aterako garelako irabaztera"